7K - zazpika astekaria
IRITZIA

Ukaerak


Alfabetoek ere bukaera dute, alfatik omegara iritsitakoan. Hasteko ezina da alfabetoa, eta uste dut bizitzako esparru askotan jartzen diogula hasteko betoa geure buruari, edo betarik ez dugula hartzen, hasteko. Triglizerido, kaloria eta azido urikoa hiru erregai magoak diren egunotan, omega pixka bat behar izaten da, eta gaur, omega nator, nahiko arrain urdin, nahiko intxaur, nahiko sardina, urteko azken egunak bezala.

«Hasi» esaten dugunean aho-zabalik esaten dugu, eta irribarre batekin (probatu ispilu aurrean), eta «bukatu» esaten dugunean muturtuta esaten dugu, nahiko ahate, musu bat eskatuz bezala.

Hasitakoak bukatu egin behar direla entzun izan dut askotan. Baina hori arazo bat da batzuetan, gauza asko erdi behartuta hasten baititugu, eta gauzok bihartuta irauteko gaitasuna garatzen baitute, inertziaren habitatean.

Platerakoa bukatu behar dela entzun izan dut, baina sabel guztiek ez dute diametro bera, ez eta egun guztiek ere, eta batzuetan oka egiten dugu barruko hutsuneak gainezka eginda. Karrera ere badaezpada bukatzeko aholkua belarriratu izan zait, etorkizun bat izateko – bat hori gustukoa izan ez arren–. Harremanekin ere gertatzen da, «ez gaude hain gaizki» formatuko esaldiekin. Edo fruitu lehorren paketeekin, behin zabalduta…

Pelikulak «ongi bukatzea» gustatzen zaio jende askori, eta askotan pentsatu izan dut zinemagintzatik hartu litekeela zoriontsu ahalik eta maizen eta zabalen izateko neurri pare bat. Pelikulak ongi bukatzen direnean ez duelako esan nahi erabat eta betiko bukatzen direnik ongi, baizik eta biribildu egiten dela istorioa, itxi, zigilatu, eta protagonista jatorren onurarako.

Ez dakit bukatzeari garrantzia emateari utzi behar diogun, edo bukatzen hasi behar dugun, bukatu esatean ezpainak gehiegi muturtu aurretik. Alegia, bukatu geuk nahi dugunean buka daitezkeela gauzak, ez ondokoak bukatzeko baimena ematen digunean, edo ondokoarentzat bukatuta dagoenean, norbere hondoan baitaude bukaera guztien hasierako arrakalak.

Agian zerbaitegatik dira bukaerak ixteko erabiltzen diren puntuak biribilak. Zirkularrak, ziklikoak, aldagarriak. Biraka aurrera egiteko ergonomikoki prestatutakoak. Biribilak. Baina norberak erabaki behar du biribilak zein forma duen.

Bakea ere ez da hasten bukatzen uzten ez bada, eta badira bost urte baino gehiago bukaera ukaera bilakatu nahian dabiltzala. Baina ezer ere ez da betirako, bukaerak ere ez.

Hasi, berhasi eta buka ezazu urtea behar duzunero, hilabetez hilabete jaioz hustu beldurrak, eta hel diezaiogun herriari gerritik, eta aurrerantz biratzeko bultza.