7K - zazpika astekaria
IRITZIA

Punta batetik bestera


Kuadrillakoek zirikatu egiten zuten. Bera izan zen smartphone bat erosten lehena eta haren bertuteak goratzen ematen zituen pintxo-poteak eta afalosteak. Zenbat gauza egiten ote zituen telefono hark! Denak kokoteraino zituen. Asteburu pasa joan ziren eta komunerako bueltan paperik ez zegoela geratu zen. Builaka eskatu zien lagunei norbaitek papera ekartzeko eta ez zioten eraman. «Ez al daukazu hor telefonoa? Horrekin moldatuko zara!».

Askotan akordatzen naiz harekin azkenaldian. Urte batzuk joan dira geroztik eta akaso honezkero izango da komuneko paperarena konpontzeko moduko aplikazioren bat. Eta ez badago, ez da urruti izango.

Bada aterkia ahaztu zaizula abixu ematen dizun aplikazio bat, telefonora lotuta. Egiatan. Aterkia eta telefonoa behar baino gehiago urrutiratzen badira, mezu bat iristen da telefonora. Bada egunean barna zenbat ur edan duzun kontrolatzen duen botila. Eta ez baduzu ur nahikorik edaten, abixu bat iristen zaizu telefonora, ur trago bat eman dezazula aginduz. Bada hozkailuan zenbat arrautza dituzun abixu ematen dizun aplikazio bat. Eta noiz iraungitzen diren ere esaten du.

Eta bada tanpoi inteligente bat, beteta noiz dagoen abixu ematen duena. Hilekoarekin zaudenean, etengabe jakin dezakezu nola dagoen tanpoia eta garaiz aldatu, batzuetan gertatzen diren ezusteak ez gertatzeko. Odol jarioa nolakoa den ere kontrolatzen du, hilabetez hilabete informazio zehatza jasoaz.

Ez dakit asmakuntzak konbentzitzen ote nauen.

Ez dakit seguru noiz utzi genion geure burua entzuteari eta noiz hasi ginen smartphonearen mezuetan eta abixuetan bizitzen. Tarteka aterkia galtzea –nik gehiegitan galtzen dudan arren–, hozkailuan arrautzarik ez dagoela ordurik txarrenean konturatzea eta kuleroak odolez zikintzea ez zaizkit arazo iruditzen. Aldrebes, tarteka letxe txarrean jartzen gaituzten gertaera txikiak behar ditugu poz txikiek gure umorea pizteko duten gaitasuna gal ez dezaten.

Iruditzen zait punta batetik bestera joaten ari garela.

Tanpoi inteligentearen beste muturrean dago odol jario librearen aukera. Zenbait emakumek hilekoan odol jarioa kontrolatzeko gaitasuna daukate, beren gorputzaren gaineko erabateko kontrola daukatelako. Beren uteroarekin erabat konektatuta daude eta odolez betetzen denean husteko gaitasuna daukate. Ez dute, beraz, ez tanpoirik ez konpresarik ez konorik ez ezer erabiltzen.

Pentsa zer distantzia dagoen odol jario libretik tanpoi inteligenteraino, eta biek bizi dute garai berdina. Mutur batetik bestera, gorputzaren erabateko ezagutza eta kontrola izatetik norberaren gorputzaren berri smartphonearen bitartez jasotzera. Erdibide bat ez legoke gaizki.