7K - zazpika astekaria
IRITZIA

Botagura


Botatzea kostatzen zaigu. Ez naiz hauteskundeez ari, urte askotan kosta izan zaigu bozkatzea, baina azken urteetan ez gaituzte ilegalizatu. Botatzeaz ari naiz, zerbait hartu eta jaurtitzeaz, botatzea hori baita, nora doan gehiegi pentsatu gabe zerbait geure eskuetatik edo baitatik urrunaraztea, ezabatzea.

Zerbait behar ez dugunean, onena botatzea da. Zerbait behar-behar dugunean ere, onena, botatzea da –ura, elikagaiak eta airea ere hala egiten ditugu, behar ez ditugunean–. Behar duguna baldin badaukagu beharra betikotzeko arriskua dugu; beraz, hobe da botatzea, eta hori bera eduki gabe bizitzeko gai garela ziurtatzean, birziklatuta hartzea, izatekotan.

Izugarria da zenbat harreman mantentzen ditugun ez botatzeagatik. Eta bota ez da beti zaborrontzian ontziratzea, batzuetan botatzea da, botatzea besterik ez; airera, itsasora, belarrietara… euren kabuz bidea egiteko gauza direla sinetsita. Geu gabe, geu haiek gabe. Min egiten diguten harremanak, min egiten dugunak, edo, euren garairik onenak ahozko albumetan behin eta berriz inprimatzen ahalegintzearen ahalegintzeaz, kolorea galtzen duten harreman horiek.

Botatzen ere jakin egin behar da. Bere kabuz itzali den zigarreta ez dugu zertan hormaren kontra kolpatu, gero zapata puntaz zapaldu, tua bota, gero beste zapata puntaz ito eta geure oinazpian dagoen txikleari itsatsita eraman asteetan, zapalduz eta zapalduz. Gauza bakoitzak bere iraungitze data, eta botalekua.

Olioak bezala, gauza guztien gainean flotatzen duten sentimenduek botagune berezituak behar dituzte, landuak, apartekoak, ez dezaten gainerako guztia hondatu, lausotu, astundu. Flaskotan gorde behar dira, eta itxi. Beste hizkuntzaren batean esaten den bezala, urre kolorea duen guztia ez da urrea.

Plastikozko gauza distiratsuak ere nora bota jakin egin behar. Distira duten edo dutela diruditen artean eutsi, baina distira efektu optiko hutsa dela jabetzean hobe da beste zer edo zeren forma eman; barruan landareak landatu, sustrai bila. Errez gero, distira beltz distiratsu bihurtzen da distira, umetako zapaten txarolaren beltz tonua hartzen du keak, eta biriketan, itsaso beltzean nabigatu beharko du gerora, bota nahi izango dugun aireak.

Papera ere bota liteke. Edo zuriari zuritasuna kendu, birziklatu. Benetakotasuna eman, zimurrak eta idatzitakoaren gainean idatzi. Ez dugu zertan beti paper beraren gainean edo kolore bereko axotaz idatzi, kaligrafia berberaz. Paperak aldagarriak dira, rolak bota litezke, eta geuk egin, geure eskuen tamainakoak. Geure esku ahurren marrek diseinatutako rolak. Badakigu, eta botagurak, botagurak baino indar handiagoa izango du. Beti.