7K - zazpika astekaria
IRITZIA

Ordezkariak


Trikuak ordezkatu ei zuen erbia habian. Alegia, erbiaren ondora etzan eta, igurtziaren igurtziz, erbia bidali eta trikua geratu omen zela habiaren jabe. Gure artean ere antzeko zerbait gertatzen dela iruditzen zait; habia beharrean, plaza izaten dugu lehian, herriko edo hiriko erdigunearen irudi den espazio hori, eta, hedapenez-edo, herriko kaleak, han-hemen ezarritako atrilak... Gure bozkarioa, ospakizuna, protesta, salaketa... azaltzera ateratzen garen leku eta espazio hori hain zuzen.

Herritar guztiena den edo izan behar lukeen espazio horren jabetza eskubidea ordezkoek edo ordezkariek bereganatu dutela ematen du, eta beste inorentzat lekurik ez dutela utzi nahi bertan. Ez dakit jatorria noiz eta non izan dezakeen Homo Ordezkarensisak; berez ez da espezie ugaria, banaka edo talde txikitan egon edo ibili ohi da, baina agertu leku guztietan agertzen da mutante modu hau, une oro azaltzen da atrilean, plazan, mahaiburuan, edo sukaldeko telebistan gauza eta espazio guztien jabetza ordezkatuz, eta dena estaltzen du bere itzalarekin, bere keinuekin ere bai, eta keinuetan islatzen gara, keinuekin marrazten dugu geure burua.

Nabarmena da estatus berezia ematen diola Homo Ordezkarensisak bere buruari. Besteak ez bezalakoa sentitzen da, besterik ez bezalakoa dela pentsatzen du, eta bien bitartean besteak hemen gabiltza, zer pentsatu ere ez dakigula askotan, edo amu modura botatzen dizkiguten pentsamenduekin biraka.

Trikuak erbiari bezalatsu, beharbada igurtziz eta lausenguz hasi zen Homo Arruntari plazan lekua kentzen, eta jada ez dago plazak eta kaleak inori itzultzeko, espazio horiek bereak eta ez beste inorenak direla pentsatzen duelako. «Ez gaituzte ordezkatzen, ez dute inor ordezkatzen», esaten du ozen Homo Ordezkarensisak plaza berreskuratu nahian kalean biltzen diren Homo Arruntengatik. Norbaiten edo zerbaiten ordezkari ez bazara, ez zara inor, ez zara ezer, ez duzu zeure burua ere ordezkatzen, ezta zeure eskubiderik ere. Eskubideen saila ere mutanteek bereganatu baitute itxura denez, eta eskubideak aulkiak dira, espazioak dira.

Ordezkariek kendu dizkiguten aulkiak eta espazioak berreskuratzea ez da lan makala izango, Fernando, izatez eurenak direla pentsatzera iritsi izana gure errua ere izan daiteke-eta.