2017 URR. 22 ultzamako parke mikologikoan barrena Orbelak ezkutatzen dituen altxorrak Ultzamako Parke Mikologikoak hamar urte bete ditu aurten. Bertan perretxikoak biltzeko baimena jaso behar da, parkearen ustiatze jasangarriaren mesederako eta jende saldoen masifikazioa ekiditeko. Iruñeko merindadekoa tankera honetako Euskal Herriko parke bakarra da eta hariztiz eta pagadiz inguratutako paraje paregabean dago. Maddi Txintxurreta Baztango herriak autoko leihatilatik agertzen hasten direnean eta baserri giroko su-egur eta belardietako ihintzaren usaina hartuta iragar daiteke kilometro batzuk aurrerago dagoen Ultzamako bailara leku lasai eta polita izango dela. Belateko portutik isurialdeetako mendiak jaistean hasten dira inguratzen pagondoak, zeinak bailarako protagonistak diren hariztiekin batera. Ultzama errekak ur ugari darauntsa, zonalde honetan ohikoak baitira euriteak abuztuaren bukaeraz geroztik. Ultzamatik ekialderantz apur bat aldenduta, Lantz herriko gizon batek esaten du bere opor egunak esku bateko hatzekin zenbatu ditzakeela, bizitza osoa eman duela behien atzetik korrika, eta, orain jubilatuta dagoelarik, behiak ardiekin ordeztu ditu, lan gutxiago ematen dutelako. Iruñetik 30 kilometrora dago Ultzama, Donostiatik ordu eta eskasera, baina badirudi hirietatik guztiz atzetuta dagoela. Hiriko girotik bai, behintzat. Ingurura begiratu besterik ez dago. Lantzeko bizilagun bera kexu da hiritar batzuek daukaten heziera txarrarekin, autoan doazela ardiak errepidetik baztertzeko esaten diotenean kasu. «Bada, non sartuko ditut ardiak? Poltsikoan?». Askok ez ei dute ulertzen landatarren bizimodua. Gehienak, ordea, turista adeitsuak direla dio lanztarrak, jatorrak eta sanoak, eta jende asko joaten dela perretxiko bila. Zelai berdeetan, haizearen kantuarekin dantzatzen dabiltza lore moreak, udazkenaren atarian, gutxika indargabetzen ari da eguzkia, baina oraindik distiratsu diraute Ultzamako lurrek. Iritsia da udazkeneko usaina, sudurpeko freskura, orbelezko alfonbrak dena estaltzen duen sasoia. Ultzamako landa ileberritzen hasi da, berdea badoa marroiaren aldaera guztiak hartzen. Ramon Saizarbitoriak “Egunero hasten delako” eleberrian idatzi zuen: «Aizu: Nun egoteko jaioak ote dira orriak?... Noski, segun zein urtearo izan… Udazkenean, euri lanbro arraro bat bezala, zure gainetik haizetuz dihoazenean, lurrean egoteko eginak dira… zure pausoa bigunagoa egiteko». Eta, Ultzamako bailaran, non ezein zaratak ez duen apurtzen lasaitasun puruena, orri karraskariak zapaltzean egiten duten hotsa eta txorien kantua besterik ez du entzungo bailarara arrimatu den perretxikozaleak. Ultzamarako ibilbidea berrartuta, Orkinen geldialdi bat egitea ez da ideia txarra, bertatik paseo lasai bat eginda ikus baitaiteke haritz monumental bat, handientsu eta elegantea, artean zelai berde argiz inguratuta, bakarti eta zelatari. Eguzkiak ez du berotzen goizeko hamarrak pasatxo arte, beraz, goizean goiz paseora ateratzen direnak eskuak ondo igurtzi ostean txamarrako poltsikoetan gordeta abiatzen dira. Ibilbideari jarraiki, kotxeko leihatilako lurruna mahukarekin gardenduz, bestaldeko paisaiak eta etxeek akordura ekartzen dituzte aitona-amonen ahoetako garai zaharrak, etxe orratzen artean bizi direnentzat liburuetako parajeak diren horiek; jendarme autoak ez hainbeste baina, «larre berdeak, etxe zuri eta teila gorriak» nahi beste. Distrakzio horren baitan edonori ahaztu liezaioke perretxiko bila etorri dela, baina, Alkotzera iritsita, Ultzamako Parke Mikologikoaren bulegoan sartu eta Javier Gomez (Iruñea, 1969) mikologoaren etorriak perretxikoekiko zaletasuna berpizteko ahalmena dauka. Etika eta erregularizazioa. Perretxikoak biltzeko denboraldirik onena hasia da, eta lanpetuta dabiltza Ultzamako Parke Mikologikoko langileak. «Begi-zulo hauek perretxikoen denboraldia hasi dela erakusten dute», dio Javier Gomez mikologoak. Iraileko bigarren hamabostaldia eta urriko hilabetea da garai hoberena perretxikoen kimuei dagokienez. «Azkeneko hilabeteetan izandako euriteen araberakoa izaten da produkzioa. Aurten zortea izan dugu abuztu bukaeran eta irail hasieran euria egin duelako», azaldu du mikologoak. Aurten, parkearen hamargarren urteurrena ospatzen da Ultzaman. Gomez pozik dago egindako bidearekin: «Hamar urte iraun badugu, oinarri sozial minimo bat egon dela esan nahi du, eta horrek frogatzen du jendea pozik dagoela. Ultzamako Parke Mikologikoak turismoa erakarri du bailarara, betiere oreka bilatuz: ez etortzea jende gehiegi eta etortzen direnak praktika jasangarriak burutzea. Horiek dira turismo arduratsuaren gakoak». Onddo ugari agertu dira aurten, eta Gomezek aipatu bezala, boletusarekin jendea «zoratu» egiten da. Gogoan dauka 2006an gertatutakoa. Urte hartan, onddoen produkzioa ohiz kanpokoa izan zen, eta perretxikozale asko joan zen Ultzamara onddo preziatuen bila. Jende gehiegi: hogei egunetan 20 mila pertsona inguru ibili ziren onddo ehizan, eta pistetako alde bietan aparkatutako auto kopurua izugarria izan zen. 2006an jarri zen mahai gainean baliabide mikologikoak mugatzeko erregularizazio eredu baten sorrera, perretxikoen bilketa jasangarriagoa bihurtzeko. 2007an ezarri zen erregularizazioa eta horrela sortu Ultzamako Parke Mikologikoa, zeinak lehentasunezko jomuga zuen –eta duen– gehiegizko ustiatze eta jende saldo masiboak ekiditea. «Bagenituen bestelako helburu batzuk ere; hala nola, tokiko turismoa dinamizatzea mikoturistaren profila erakarriz, eta Ultzamako bizilagunen parte-hartzea bultzatzea, kultura mikologikoa jendarteratuz», adierazi du Parke Mikologikoko beharginak. Itu horiek guztiak lortzeko, perretxikoen bilketarako baimenak saltzen hasi ziren orain hamar urte. Horrela, eguneko baimenak banatzen dira 5 euroan, eta 50 edo 80ren truke urtekoak, asteburu edo aste barruko kuoten arabera. Askozaz merkeagoa da bertakoendako: Ultzaman bizi direnek 7 euro ordaintzen dituzte urteko baimenarengatik. Ordainketa sistemaren bidez, gainera, eguneko pertsona eta auto kopurua zedarritzea lortzen dute, mugak arautuz: 500 auto gehienez parkean, eta 0tik 2ra pertsona hektarea bakoitzeko. «Batzuetan baimenak banatzeari uzten diogu», esan du Gomezek. «Hau igerileku bat bezalakoa da: 200 pertsona kabitzen badira, gehiagorekin ezin da kalitatea bermatu». Jende saldoen masifikazioa kontrolatu ezean, mikologoak dio «bake soziala» galtzen dela; eta, ingurumenari dagokionez, tokiko faunari, mendien garbitasunari eta pisten egoerari eragiten diola. «Neurriak hartzen ari gara hogei egunetan hogei mila pertsona etorri beharrean hiru hilabetetan sei mila pertsona etortzeko, eta etortzen diren horiek, onddo gutxiago eta perretxiko gehiago hartzeko», azaldu du Javier Gomezek. Baimena izatea derrigorrezkoa da perretxikoak biltzeko, baina, Gomezen hitzetan, «beti dago predatzaile bat edo beste». Kasu horretan, Polizia Foralak isuna jar diezaioke baimenik gabe perretxikoak jasotzen dituen pertsonari. Onddo bilketa jasangarriari begira, bestelako neurri eta gomendioak ere zehaztu ziren: 8 kilotik beherako bilketa orokorra egitea, onddo txikiegiak ez biltzea eta perretxiko pozoitsuak basoan uztea. Hartutako neurrien kimuak ari dira agertzen, mikologoaren aburuz: «Jendea mikologiaz ikasten dabil, arduratsua izaten ari da, eta uste dut harmonia polita ari garela sortzen bertako jendearen eta kanpotik datorrenaren artean. Sistema ez da perfektua, baina harmoniatsua eta jasangarria da». Baimen horrek ez du mugatzen perretxikozalea onddoen bilketara, baizik eta onuradun bihurtzen da Parke Mikologikoko zerbitzuak aprobetxatzeko. Interesgarrienetako bat da Alkotzeko bulegoan bertan eskaintzen den aholkularitza. Horrela, zumezko saskia bulegoaren mahaian hustu eta parkeko langileek perretxiko bakoitzaren informazioa ematen dute, zein den jangarria eta zein ez, zeintzuk diren biltzaileak identifikatu ez dituenen izen eta ezaugarriak. «Perretxikoak biltzeko eskubidea bezainbeste edo gehiago baloratzen dira baimenak dakartzan beste eskubideak. Aholkularitza zerbitzua askok erabiltzen dute», dio Javier Gomezek. Perretxikoen literatura. Boletusa gehien bilatzen den onddoa da, baina Ultzaman 80 perretxiko espezie desberdin daude, biltzaile askorentzat ezezagunak direnak. Aurten, adibidez, tronpeta beltza (Cratarellus cornucopioides) asko ari da ateratzen; jangarria da eta nahiko erraza identifikatzeko. «Espezie ugari daude hemen, baina jendeak lau besterik ez ditu hartzen. Rozites caperatus jangarria da, baina ez du inork hartzen. Ideia da jendearen begirada zabaltzea», zehaztu du Parke Mikologikoko langileak. Gomezek dio bi profil orokorretako jendea hurbiltzen dela perretxiko bila: bata gizon helduarena, jubilatua askotan, goizean goiz esnatuta ezagunak dituen txokoetan onddoak biltzera bakarrik doana. Bestea, familiena, berdin zaie perretxikoak bildu edo ez, umeekin txango bat egiteko asmotan joaten dira Ultzamara. Azkeneko hauek «adeitsuagoak» izaten direla azpimarratu du mikologoak, eta kultura mikologikoaz ikasteko prestutasuna izan ohi dutela. «Orain gutxi arte inguruko jendea etortzen zen, baina orain gero eta jende gehiago dator Nafarroa kanpotik. Guadalajaratik, Terueletik eta beste hainbat lekutatik etortzen dira perretxikoak biltzera», dio Gomezek. Hauek dira, adituaren hitzetan, «mikoturistak»; bailaran ostatu hartzen dutenak, bertako gastronomia probatzen dutenak eta «bertan dirua uzten dutenak». Askok Parke Mikologikoko webgunea (parquemicologico.com) arakatzen dute bailarara joan aurretik, bertan ostegunero argitaratzen baitute parkeko profesionalek parte mikologikoa, astero eremuaren azterketa egin eta gero. Horren bidez jakin daiteke zein espezie ari diren kimatzen astero, zein zonaldetan eta zer kopurutan. Baina, zer dauka Ultzamak horrenbeste perretxikozale erakartzeko? Bada, alde batetik, Iruñearekiko eta Donostiarekiko gertutasunagatik, irisgarria da. Bestalde, erliebea ez da oso malkartsua, oinez ibiltzeko pistak daude, eta horrek erosoagoa egiten du bisitariaren pasealdia. Iparraldeko pagadia inguru basotsua da eta mikroklima berezi bat dauka; urtean 1.800 eta 2.000 litro inguruko euriteak xurgatzen ditu, perretxiko kimuendako beharrezko hezetasuna hartuz. Hezetasun horrek berak hezetzen ditu perretxikozale amorratuen ahosabaiak eta Ultzamara erakartzen, eta orbela harrotzen dute azpian gordetzen duenaren bila, pago eta haritzen sustrai artean begiratzen, geruzaz geruza mendia biluzten, altxor baten bila dabilenaren intriga berberarekin. Baina tentuz aukeratu behar dira saskiratu nahi diren perretxikoak, beti baitago zelatari Amanita phalloides ezaguna, udazkeneko lore hilgarria. Perretxiko jangarri askok perretxiko toxikoen tankera daukate, eta erraz nahasten dira. Gibelurdinak (Russula virescens), adibidez, Amanita phalloidesaren antza dauka, gorringoak (Amanita caesarea) kuleto faltsuarena (Amanita muscaria), eta ziza horiak (Cantharellus cibarius) olibondoaren perretxikoarena (Omphalotus illudens). Horregatik, ezinbestekoa da perretxikoen literatura ezagutzea, adi ibiltzea eta ezezaguna denarekin neurriak hartzea, Alkotzeko bulegoan kontsultatuz edo basoan utziz. Ezin aipatu gabe utzi klima aldaketak onddoengan duen eragina. Javier Gomezen esanetan, «klima aldaketa nabaritzen hasi da produkzioan». Kimuak beranduago hasten dira, eta beranduago amaitzen da perretxikoen denboraldia. «Europa iparraldean onddoen gutxiagotzea gertatzen ari da. Hemengo klima gero eta itxura mediterraneoagoa hartzen ari da, tenperatura aldaketak bortitzagoak dira. Egoera hau ona izan daiteke onddo batzuentzat, eta txarra beste batzuentzat», esan du Gomezek. Hala ere, azpimarratu du orokorrean produkzioa mantentzen dabilela eta biodibertsitateak bere horretan dirauela. Onddoaren Eguna. Azaroaren 19an, igandean, ospatuko da zazpigarrenez Ultzaman Onddoaren Eguna, udazkeneko goi denboraldia amaitzen denean. Mikologiari eskainitako eguna izango da, eta Larraintzar herrian dagoen Ultzamako frontoian postu ugari egongo dira, guztiak kultura mikologikoa zabaltzeko xedez. Horrela, perretxikoen salmenta egongo da, onddo itxuran zizelkatutako enborrak, liburu mikologikoak, aholkularitza eta talo ekologikoak, besteak beste. Gainera, pintxo mikologikoak dastatzeko aukera egongo da bailarako ostatu guztietan. Perretxikoez beste. Ederra da Ultzama, eta bere ondarea ez da perretxiko bilketara mugatzen. Haritzak basotutako Orgiko basoa, ezen babestuta baitago, derrigorrezko geldialdia da. Pista batek errazten du bi kilometro inguruko ibilaldi lasaia, eta bertako txoriak, txantxangorria kasu, aske ikusteko behatoki bat dago. Orkinen eta Eltzaburun haritz monumental bana dago, Eltson Eztiaren Museoa bisitatu daiteke eta xendazaletasunerako nahi beste bide daude bailaran; horietako hiru, malkartsuagoak, Belatetik abiatzen dira. Orgi jatetxean menu mikologikoa eskaintzen dute, bertako produktuekin. Bailara osatzen duten hamabi kontzejuak ikusteko modukoak dira, bertan ilinti usaina airean dabil gaua iritsi orduko. Baserrietako barrunbeetan zer gertatzen ari den ikusteko aukerarik ez, baina ziur norbait gaztanberarekin afaria bukatzen ari dela. Oreinak arreske dauden garaian, arren uluak eta adar kolpeak entzuten dira mendien bestaldetik. Lantzeko gizonak etxera buelta egin du otar bete sagarrekin. Txakur baten azken zaunkak agurtu du eguna eta izarrek piztu gaua.