7K - zazpika astekaria
Elkarrizketa
berri txarrak

«Disko trinko eta freskoa egin dugu, senari jarraituz tripetatik atera zaiguna»


Bilborocken jarri dugu hitzordua Galder Izagirre, David Gonzalez eta Gorka Urbizurekin. Udazkeneko goiz fresko eta euritsua da. Ez zen oso desberdina izango 2014ko azaroan “Denbora da poligrafo bakarra” aurkeztu zutenekoa. Disko berezia izan zen zortzigarrena, alde batetik hirukoitza zelako (“Sutxakurrak”, “Helduleku guztiak” eta “Xake-mate kultural bat”), eta bestetik taldearen hogeigarren urteurrenarekin zetorrelako. Ordutik hiru urte eman dituzte lan hori munduan zehar aurkezten, urte bat EP bakoitzeko. Baina ezer ez da betirako, ezta birak ere, eta estudioan sartzea eskatzen zien barrenak. Eta aukeratutakoa ez da nolanahikoa izan, Bill Stevensonek eta Jason Livermorek Coloradon duten The Blasting Room ez baita txantxetako gauza. Labe horretatik atera berri dute “Infrasoinuak”, Berri Txarrak-en bederatzigarrena. Edo hamargarrena al da?

«Denbora da poligrafo bakarra» testuinguru berezian heldu zen, taldearen hogeigarren urteurrena zelako, diskoa gainera hirukoitza zen… Mugarria izan al da? Nola bizi izan dituzue hiru urte hauek?

Gorka Urbizu: Nik uste dut Berri Txarrak-en ibilbidean ez dakit mugarri bat baina bai oso disko berezia izan dela. Urteurrenagatik, gauzak dauden moduan, badelako zerbait; eta, bestetik, diskoaren planteamendua ere oso berezia izan zen, a priori erronka moduko bat bezala planteatu genuen eta emaitzak asebete gintuen. Izan duen erantzuna ere oso ona izan da. Disko horrek ate asko ireki dituela uste dut, eta beharbada ordura arte Berri Txarrak-en musika entzuten ez zuen jendea hurbildu zaigu, kuriositatez bada ere. Gainera,egindako bira ere oso aro goxo eta positiboa izan da.

Deskonpresio lanik egin behar izan al duzue estudioan berriro sartu aurretik?

Galder Izagirre: Tira, azkenean hiru urte izan dira biran eta deskonprimitzeko nahiko denbora izan dugu. Egia da bere momentuan grabazioa oso intentsua izan zela, baina birak ere halako luzera eskatzen zuen eta disko bakoitzeko urte bat eman dugu horretan. Hiru urte biran luze egiten da, eta gorputzak jadanik estudioan sartu eta beste perspektiba bat hartzea, kantu berriei begira jartzea, eskatzen zigun.

Hirukoitz horrek aukera eman zizuen esperimentatzeko, estilo desberdinetan sakon murgiltzeko. Disko berri honetan bide beretik al zoazte?

David Gonzalez: Hirukoitz horretan esperimentazio lan hori egin genuen, bai, baina berdin egin izan dugu diskografia osoan. Diferentzia da disko horretan estiloak nabarmenago desberdindu genituela, EP bakoitzean estilo zehatz bat landu genuelako. Baina “Jaio.Musika.Hil” edo “Libre” entzuten badituzu, estilo horiek entzun ditzakezu, puntu horiek guztiak, baina nahasita. Eta “Infrasoinuak” grabatzean gauza berdina egin dugu, diskoan estilo ugari daude baina modu naturalean uztartuta, ez aurrekoan bezain banatuta.

G.U.: Gogoan daukat “Jaio.Musika.Hil” atera genuenekoa. Disko berezia izan zen hura ere, lehenbizikoa hirukote moduan, estiloan ere “Oreka” bezalako abestiekin, eta oihartzun berezia izan zuen. Orduan, hurrengorako bagenuen horrelako presio moduko bat. Horren aurrean, gure erantzuna senari jarraitzea izan zen, eta disko gordin bat atera genuen, “Payola”. Hemen ere badago horretatik zerbait. “Denbora da poligrafo bakarra” oso berezia izan da, baina ez genuen zertan errepikatu, lan bakoitza mundu bat da eta nik uste dut disko fresko bat, senetik datorrena, egin dugula. Lehenbiziko kritikak atera dira eta horietan “tripetatik” ateratako diskoa dela esan dute, eta hein batean bat nator iritzi horrekin. Disko laburra da eta oso trinkoa. Davidek esan duen bezala, aurrekoan estiloak disekzionatu bagenituen, kasu honetan alde horretatik konbentzionalagoa da, baina gure DNAn dauden soinukera horiek daude. Kantu indartsuak daude, baina poparekiko zaletasun hori, kantu labur eta melodikoak egiteko joera hori ere badago… Guri beti lan heterogeneoak ateratzen zaizkigu, musikaren aldetik gauza asko ditugulako esateko eta, agian, horregatik hauxe egiten dugu: senari jarraitu, jarioari eutsi, datorren bezala hartu. Hor daukazu “Zorionaren Lobbya” bezalako kantu bat, oso melodikoa, ia akustikoa dena; edo “Beude”, power-pop edo ez dakit nola deituko nukeena; edo “Infrasoinuak”, lehenbiziko singlea, oso indartsua dena… nahi gabe ateratzen zaigu denetarik egotea, ez da propio bilatzen dugun zerbait.

DNA aipatu duzularik, egia da estiloak estilo eta eboluzioak eboluzio, «Infrasoinuak» entzun eta lehenengo segundoan jabetzen zarela Berri Txarrak-en abestia dela. Estilo propioa izatea lortu duzue, zuena dena eta zuekin azkar identifikatzen dena.

D.G.: Hori ez da erraz lortzen, eta egindako lanagatik lortu dugula uste dut. Esperimentazio lan ugari egin dugu, bai soinu aldetik bai melodia eta estilo aldetik, eta azkenean edonork play eman eta entzuten dena Berri Txarrak dela jakitea lortu dugu. Lan berria entzutean, azken diskoetako elementu pilo bat daudela uste dut, dena dagoela bilduta disko honetan eta horrek ematen diola bere izaera.

«Infrasoinuak» singlea entzuteko aukera izan dugu. Infrasoinuak, zer dira?

G.U.: Infrasoinuak gure inguruan egonagatik jaramon egiten ez diegun soinu horiek dira. Figura hori baliatu nuen gaur egun bizi dugun egoera interpretatzeko. Aurrekoan Miren Amurizari zutabe batean irakurri nion: «Entzun bai baina aditu ez». Aditzen ez ditugun soinuak, hortik doa kontua. “Infra” horrek berarekin dakar azpian egote hori, eta hor badago erreflexio bat: zenbat hots, zenbat alarma hots bidaltzen dizkigun munduak edo gizarteak berak, eta hor egonagatik, ematen du zarata artean despistatuta gaudela eta ez gaudela arreta jartzeko edo kasu egiteko prest. Erreflexio hori dago. Eta gero badago baita ere kulturari buruzko hausnarketa bat; gaur egun erreferenteak beste batzuk dira, futbolariak edo halakoak, irudiaren aroa bizi dugu, itxurarena, eta hausnarketa da kultura bera, edo rocka, ez ote diren gaur egun horrelako infrasoinu bat, hor dagoena baina inori interesatzen ez zaiona. Hortik doa diskoaren kontzeptua.

Diskoa Bill Stevensonekin eta Jason Livermorekin grabatu duzue. Aurreko hirukoitzaren azken EPan ere beraiekin lan egiteko aukera izan zenuten. Nolakoa izan da beraiekin aritzeko esperientzia?

G.U.: Hor istorio polita dago. Pasa den abenduan, duela urtebete, Hego Amerikan izan ginen, Descendents taldeak gonbidatuta, eta Bill Stevenson banda horretako bateria eta alma mater-a da. Hor berak gu zuzenean ikusteko aukera izan zuen, eta ematen du energia bola horrekin taldearekin gehiago zaletu zela. Eta bira bukatutakoan, kamerinoetan geundela, Santiagon, gugana gerturatu eta esan zigun bera orduan Descendents-en itzuleran zentratuta zegoela, produkzioaren atal hori apur bat utzita zuela, urtean hiru-lau disko besterik ez zituela ekoizten, baina pozik egingo zukeela gure hurrengoa: «Talde asko grabatzen ditut baina askok ez naute betetzen, eta zuena gustura egingo nuke». Noski, azkenean Bill Stevenson da, punk-rockaren munduan guru bat. Guk ez geneukan argi norekin grabatu eta hori nolabait seinale bat izan zen.

D.G.: Bagenekien disko berria egin nahi genuela baina ez genekien noiz edo norekin, “saltseatzen” ari ginen, baina ez genuen plan zehatzik. Eta berak hori esan zigunean, une horretan berarekin barre egin genuen, baina gero, bueltan, hotelean, pentsatu genuen ezin geniola ezetz esan, aukera hura aprobetxatu behar genuela. Gainera, aurreko hirukoitzeko hirugarren EP hori, beraiekin egin genuena, estudio horretan bertan egin genuen, baina zortzi egunetan bakarrik egin genuen eta zuzenean grabatu genuen. Eta emaitzarekin oso gustura geratu ginen, baina estudio horretan lan egiteko modua ez da hori, ez dute zuzenean grabatzen eta ez dute aste batean diskoa egiten, eta hori berarentzat halako zerbait izan zen… [keinua egiten du, adieraziz Stevenson ez zela erabat gustura geratu]. Hauxe esan zigun: «Etorri nirekin, baina diskoa nire erara egingo dugu. Hogeita piku egun egongo zarete, aurreekoizpen bat egingo dugu, abestiak banaka grabatuko ditugu eta horrela emaitzarekin denok pozik egongo gara». Eta egin behar genuela ikusi genuen.

Diskoa aurkezteko bira egingo duzue, noski. Noiz abiatuko zarete?

G.U.: 2018an. Oraindik ez dugu zehaztu. Badakit segur aski atzerrian hasiko garela, baina oraindik denbora beharko dugu entseatzeko eta guztia behar bezala prestatzeko. Grabatzen duzunean nahi duzuna da kantu horiek konpartitu, diskoa atera, eta momentuz bataila horretan gabiltza. Hurrengoa zuzenekoei heltzea izango da, eta hori 2018an iritsiko da. Horretarako zerbait berezia eskaini nahiko genuke, eta hori landu beharreko gauza da. Horretarako hilabete batzuk izango ditugu. Baina gogotsu gaude, bai.

Natural atera zaizu bira atzerrian hasiko duzuela… Ohitu al zarete nazioarteko birak egiten? Ez al du bertigorik ematen batetik bestera ibiltzeak?

G.I.: Etxetik kanpo dexente egotera eta kilometro asko egitera ohitzen zara, baina gero, atzerrikoa, oso desberdina izaten da. Errazago ohitzen zara beti areto guztiak handiak direnean eta beteta dituzunean, horretara segituan ohitzen zara. Bestera ohitzea gehiago kostatzen zaizu, baina ez ezer txarragatik, baizik eta alerta mantentzen zaituelako. Badakizu, egun batean jende asko duzu, hurrengoan ez, eta hirugarrenean goizeko hiruretan altxatu behar duzu zazpiehun kilometro egiteko eta zer pasatuko den jakin gabe.

G.U.: Guk nahiko argi daukagu. Bere garaian nolabait konfort zonatik ateratzea erabaki genuen. Web orrian begiratuz gero ia sei mila kontzertu eman ditugu eta aurreko batean estatistikak eta kontzertuen zerrendak begiratzean ikusi genuen azken hamarkadan hiru kontzertutatik bakarra izan dela Euskal Herrian. Hau da, bi Euskal Herritik kanpo direla. Niri batzuetan gertatzen zait gehiago konektatzen dudala furgonetara igo eta mundua ikustera eta jotzera irteten diren talde horiekin. Hor badago mugak eta herrialdeen gainetik dagoen zerbait, badago rockaren komunitate bat, eta horrekin bat egiten duzu Alemaniara joaten zarenean, edo Hego Amerikara… Zu bezalako taldeak dira. Azkenean, denak borroka berean gabiltza, munduan zehar gure soinuak barreiatu nahian. Egia da gaur egun rockaren influentzia izateko ahalmen hori ahuldu dela, baina hor gabiltza, borrokan. Askotan gertu zaude kulturalki edo hizkuntza aldetik bertako talde askorekin, baina beharbada gertuago zaude izpiritu aldetik munduko beste edozein talderekin. Eta hori ikusten duzu hemendik ateratzen zarenean.

Konfort esparru horretatik ateratzeko erabaki horrek posible egiten du taldea haztea, musikari gisa hobeak izatea, baina sakrifizioak ere eskatzen ditu. Noizbait kontrakoa egiteko tentaziorik izaten al duzue, eremu konfortable horretan gelditzeko?

D.G.: Denborarekin ikasi dugu guztiari “bai” ez esaten. Lehen edozein lekutara joaten ginen jotzera, denari baietz esaten genion, eta azken urteetan bihotza eta burua elkarrekin erabiltzen ikasi dugu, noiz ezetz esan behar dugun, edo nora joan behar dugun eta nora ez. Borroka horretan gabiltza, gogoak hor daude, baina horrela osasuna irabazten duzu.

G.U.: Baina egia da ez dela erraza. Hamarkada daramagu atzerrira joaten, baina oraindik, gaur egun ere, gure estilo aniztasun horrekin edo hizkuntzagatik… ez da erraza. Gainera autoekoizpenean gabiltza, lan guztia guk egiten, gaur egungo musikariari hori tokatzen zaiolako, dena egin behar duzu. Eta egia da, atzerriko birak nahi duzun bezala egitea zaila da. Azken batean, oraindik leku askotan oso maila undergroundean gabiltza. Eta kontraste hori sekulakoa da. Hemen, Euskal Herrian, azkeneko biran, eta Bartzelonan, adibidez, sekulako kontzertuak egin ditugu, eta gero, bat-batean, Alemaniako gaztetxe batean jotzea tokatzen zaizu, oso jende gutxirekin. Eta hortxe zaude, borrokan. Oreka edo desoreka horretara ohitu gara, eta hozbero horrek taldea bizirik mantentzen duela uste dut. Nahiz eta batzuetan bai, nekagarria izan.

Gaztetxetan jotzea tokatzen zaizue, baina jaialdi handietan ere bai. Uztailean, adibidez, Gijongo Tsunami jaialdian izan zineten, The Offspring edo Pennywise bezalako taldeekin. 90eko hamarkadan sortutako taldea izanik, zer suposatzen du horrelako taldetzarrekin kartela konpartitzeak?

G.I.: Tira, ez gara hasiberriak honetan, eta orduan, egia esan, nerabezaroan idealizatu duzun horretaz beste irakurketa bat egiten duzu gaur egun. Mitomanoa izan zaitezke, baina gero errealitatean nahiago duzu hori guztia ez ezagutu, zeren, azkenean, guztia behera erortzen zaizu. Hemezortzi urterekin pasatzen bazaizu agian okerragoa izango da, baina orain badakizu irakurketa zuzena egiten, eta ikusten duzu beraiek zu bezalakoak direla, edo gauza askotan zu baino okerragoak eta beste batzuetan hobeak. Baina zure jarrera ez da beraien araberakoa, zu zurea egitera zoaz eta hor erakusten duzu zuk zure gaitasuna. Hori gertatzen zaigu ez bakarrik taldeekin, atzerrira grabatzera joan garen aldiro irudipena izan dugu gu errespetatzen hasi direla jotzen ikusi gaituztenean edo gure kantuak entzun dituztenean. Ez dut esan nahi ordura arte ez gaituztenik errespetatu, baina bai nabaritu dugu horrelako axolagabekeria bat. Eta azkenean, taula gainean gure burua errespetarazten dugu The Offspring-ek bezainbeste edo Rise Against-ek bezainbeste. Urte hauetan gure burua maitatzen ikasi dugu, ez harrokeriarekin, baina bai ez gutxiesten.

G.U.: Guk estilo aldetik zorte hori daukagu. Aurtengo biran aukera izan dugu Santiago Auseronen ondotik aritzeko, eta oraintxe Kanadan Descendents-ekin batera jotzen ibili gara, eta bira berean Primavera Sounden aritu gara, Shellac-en ondotik… benetan miresten dituzun talde horien ondoan jotzeko aukera izan dugu. Galderrek esan duen bezala, denborarekin hori gertatzea normala dela asimilatzen duzu. Baina niri, batez ere, oso testuinguru desberdinetan jotzeko gaitasuna duen talde batean gabiltzala ikustea gustatzen zait, aurreiritziak apurtuz. Estilo aldetik aurreiritzi asko dagoela uste dut, eta hirurok bat egiten dugu honetan: rocketik abiatzen gara, baina espektro hori oso zabala da eta gustatuko litzaiguke ahalik eta zabalena izatea. Gaur egun Berri Txarrak-en zaleak onartu du gai garela hemen egoteko baina bestelako musika ere jotzeko. Eta hori positiboa da.

D.G.: Dena den, horrek ez du esan nahi askotan ez dugunik ume aurpegia jartzen, adibidez Neurosis-ekin argazki bat ateratzen badugu edo Milo [Aukerman] Descendents taldeko abeslaria ezagutzen badugu.

G.I.: Gauza batek ez du bestea kentzen.

G.U.: Nahiko mitomanoak gara.

Aipatu duzuenez, urte hauetan hamaika talderekin jo duzue, baina aspalditik harreman berezia duzue Rise Against-ekin, ez?

G.U.: Bai, hor badago beste istorio polit horietako bat, “Libre” diskoarekin hasten dena, “Denak ez du balio” kantan Timek abestu zuenean. Orduan, gurekin abestu zuenean, jende askok ez zuen Rise Against ezagutzen. Gertatu dena da gerora Rise Against munduan jende gehien mugitzen duen punk-rock taldeetako bat bilakatu dela, eta horrek gero halako oihartzuna izan du. Hortik kanpo, oso jende jatorra da, lehen esan bezala izpiritu aldetik gauza askotan bat egiten dugu. Talde langilea izan da, kantu onak dituena, eta Tim Mcllrathek karisma berezia dauka, baina agian inork ez zuen espero bat-batean mundu mailako taldea bihurtzea. Baina horrela gertatu da eta asko pozten gara. Gero adiskidetasun horrek aurrera egin du, eta noizean behin kointziditzen dugu. 2015ean BECen elkarrekin egon ginen, baita ere Bartzelonan eta Madrilen. Refused-ekin batera oso kontzertu berezia egin genuen, hunkigarria izan zen, Tim gurekin abestera igo zen, nik ere beraiekin abestu nuen... Kontaktuan gaude eta bira honetan ere zerbait gertatuko dela uste dut.

«Mariskal Rock» webguneak «la banda de rock en euskera más aclamada de todos los tiempos» deitu zaituzte. Horrelako gauzak, laudorioa badira, argi dago, baina zama ere ba al dira?

G.I.: Besterik gabe, laudorio bat da, azken finean kritika onak eta txarrak neurrian hartzen jakin behar duzu, zeren laudorioekin puzten bazara txarrak egiten dizkizutenean behera zatoz. Baina eskertzen duzu, noski.

G.U.: Azkenean langa zuk zeuk jartzen duzu, autoexijentzia kontua ere bada.

D.G.: Guk gauzak argi ditugula uste dut, urte asko daramagu honetan, musika egiten, taldeak ere badaramatza, eta horrelako gauzak eskertzekoak dira baina ez zaizkigu burura igotzen.

Aipatu duzue urte asko daramazuela honetan, Berri Txarrak taldean, baina baita ere beste gauza askotan. Erritmo horretan arituta, uztargarria al da Berri Txarrak-en aritzea eta beste ezer egitea?

G.I.: Gure beste eginbeharrak Berri Txarrak-en beharretara moldatzen ditugu. Ondo antolatuz gero denborak ematen du, baina denborarik ez badago, ezetz esaten ere ikasi dugu.

G.U.: Alde horretatik, ogibide hau oso berezia da. Oso intentsua da eta hainbat hilabete grabatzen edo biran eman ditzakezu, baina bat-batean gero badituzu beste bi hilabete etxean zaudena, gauzak prestatzen baina errepidetik kanpo. Azkeneko kontzertua irailean eman genuen AEBetan, eta agian bira berria hasterako lau-bost hilabete emango ditugu kontzerturik eman gabe.

«Infrasoinuak» aurkeztuko duzue egun hauetan, baina Record Store Day egunerako binilozko singlea atera zenuten, edizio mugatu batean. Askok altxor gisa gordeko dute. Nola sortu zen ideia hori?

G.U.: Record Store Day disko denda txikien lana bultzatzeko eta aldarrikatzeko mundu mailako egun berezia bilakatu da, eta ekimen hori Estatuan mugitzen duen elkarteko kideak gure atzetik zebiltzan aspalditik, baina beti zegoen agenda konturen bat. Niri pertsonalki gustatzen zait, egun berezia da, bitxikeriaren bat atera dezakezuna, zerbait polita, single bat, egun horretan, denda txikietan saltzeko. Beti gustatu zait, baina beti egon da zerbait. Ez da erraza: abesti bat egin, grabatu, biniloan atera, orduak dira, kantu bakarra egiteko makineria guztia mugitzea... lana da. Baina aurten bira erdi amaituta harrapatu gintuen, disko berrirarako oraindik denbora falta zen, eta baietz esan genien. Eta oso ondo atera zen. Santi Garcia ekoizlearekin Kataluniara joan ginen, oso estimutan daukagun ekoizlea da, eta hortxe egon ginen, erdi masia erdi estudioa den leku berezi batean, gustura. Esperientzia polita. Hor geratuko da, gure diskografian, bitxikeria gisa.

D.G.: Orduan “Infrasoinuak” hamargarren diskoa dela esan beharko dugu, ez bederatzigarrena.

Agendan disko berriarekin kontzerturik al duzue?

G.U.: Momentuz daukagun bakarra Ahotsenean da. Durangon gure stand propioa izango dugu eta Ahotseneko karpan, diskoa aurkezten, abenduaren 9an egongo garela uste dut, goizean. Kontzertu normala ez da izango, noski, baina disko berriko kantuak jotzen ibiliko gara. Eta bira, esan bezala, prestatzen ari gara.