2018 OTS. 11 IRITZIA Argia itzali da! GALDER PEREZ Larunbatean pozez zoratzen geunden. Enekok eskuratu zuen Goya saria. Eta “Handia”-k beste pila eraman zituen. Enekok hitzaldian, bere betiko edertasun eta naturaltasunez, urduritasun jostagarriz, gogoan izan zituen filma egin bitartean aldamenean izan zituen lagunak, Joseba Usabiaga bereziki. Gorputz eta identitate diferenteentzako saria ere bazela esan zuen. Ezin ahaztu Enekoren hitzetan Karrika antzerki taldea, Durangoko bere taldea, betiko taldea. Oraindik martxan dirauen taldea. Taldearen gidariarentzat ere, Txotxerentzat, hitz politak izan zituen. Bizirik zegoela esan ahal izan zizkion esker oneko azken hitzak. Biharamunean hil zen Txotxe. Duela hogei urte baino gehiago ezagutu genuen Joxe Martin Urrutia Txotxe. Antzerkiaren inguruan ezagutu genuen, non bestela. Topaldi batean izan zen, EATAE zeritzon horren baitan, Euskal Antzerki Talde Amateurren Elkartean, alegia. Euskal konpainia asko biltzen ginen orduan, antzerkizale mordoa. Gazteak eta zaharrak, ezin giro ederragoan nahastuta, sormenean eta elkarbizitzan. Bilera askotan parte hartu genuen (nola ez, euskaldunak gara eta). Horietan guztietan, topaldietan, bileretan eta horien osteko ezinbesteko poteoetan Txotxeren ahots ederra entzutea bizigarria zen beti. Bazuen edozeri buelta emateko trebetasuna, faltan zegoena betetzen zuen, aldrebes zegoena artez jartzeko proposamenik ez zitzaion sekula falta. Gainera, beti umoretik, errespetutik. Agertokirako ere horrela egiten zuen lan. Bere herrian, Elgoibarren, antzerki munduan hasi zen Taupada taldearekin. Ondoren sortuko zuten Ekekei. Txotxek dramaturgien gaineko eztanda egiteko moduko osagaiak emateaz gain, plastikotasuna eskaintzen zien lan bakoitzeko edukiei, izan aktoreei zein eszenografiari. Txotxek bizitzarako bezala, sormenerako, begirada zorrotz bezain sortzailea eta berritzailea zeukan. Bere esku biek, bihotzak, buruak, ahotsak eta, bere modukoek soilik dauzkaten arima biek zazpiek bat, antzezlan baten osagai guztiak sortzen zekiten. Horrela lortzen zuen, hamaika bihotz, buru, esku eta arimekin, gazteak antzerkian profesionaltasunez aritzea. Sormenean arriskatuz, pertsonontzat berebiziko diren gaiak taularatuz eta zalantzak aireratuz, inongo taburik gabe, inori leziorik eman gabe eta horrenbeste erakutsiz. Txotxeren taupadak gugan izango dira beti. Erreferente handia joan zaigu. Berarekin ikasi eta gozatutakoak taula gainean eta kalean dir-dir egingo du behin eta berriz. Antzerkiaz gain, bazekien bizitzaz gozatzen. Txiki ginenoi erakutsi zigun handi jokatzen. Hori ere bada bere pausoak jarraitzeko arrazoi nahikoa. Indar sortzaile elektriko batek mugitzen zuen bere pertsona eta inguruko guztiei kutsatzen zekien. Halako indarrak galtzen direnean, sekulakoa da mina. Baina indar hori berriz ere agertuko da, Izarraitz edo Karakate mendien artean, Durangoko San Agustinen, auskalo nongo astoaren gainean eta, hori bai, ziur naiz Karrikako lagunek zapalduko duten agertoki guztietan agertuko dela. Argiak itzali dira. Baina berriz ere pizteko, edonon, edonoiz. Txotxek bizitzarako bezala, sormenerako, begirada zorrotz bezain sortzailea eta berritzailea zeukan. Bere esku biek, bihotzak, buruak, ahotsak eta, bere modukoek soilik dauzkaten arima biek zazpiek bat, antzezlan baten osagai guztiak sortzen zekiten.