2018 API. 08 IRITZIA Batera, edo bestera Alaia Martin Apirilak bigarren igandea jantzi du egutegian eta askorentzat jaiegunen soineko gorria erantziko du gaur. Ihes egitetik itzuli berriak izango dira asko, beste batzuk hurrengo ihesaldian ariko dira pentsatzen eta beste batzuk ihesaldiaren osteko itzulera liseritzen ariko dira, antsietatearen lehen bisitarako agenda prestatzen. Baten batek ez du joan edo itzuli izanaren sentipenik izango. Albistegiek eguraldiaz hitz egin dute eta eguraldiak ez du albisterik eman. Prozesioen irudiak pasioan ibili dira telebista pantailetan eta prozesioon ikusle hunkituak ere topatu ditugu, eta asko, harriduraz deszifratzen saiatu gara. Ez dakit ikusle hauetariko zenbat izango diren fededunak, eta zenbatek erabiliko dituzten, besterik gabe, negar egiteko nora begiratua izateko ikuskizun gisa. Eta ez naiz Munilla efektuaz ari, ez mesedez. Zenbatek erabiliko dituzten euren sinesmenaren gorpuztetzat, eta zenbat hurbilduko diren, besterik gabe, azken urtean edo urteetan zenbat aldatu diren ikusteko. Baina ez prozesioak, eurak zenbat aldatu diren ikusteko. Umetako oroitzapenekin kontrastean, iazkoarekin alderatuz, hurrengo urtekoa irudikatuz. Denboran egoteko eta denbora ikusteko momentuak dira egunak, egun seinalatuak. Euskal Herrian seinalatutako egun asko dauzkagu, eta asko, mina gogoratzekoak. Eta beharrezkoak dira egun hauek, dudarik gabe. Mina non dugun eta nondik eratorria den gogoratzeko, berriz min gaitzaketen edo ez erabakitzeko eta aurrez mindutakoei keinu bat egiteko, eurak egon edo ez. Pozari eta zaintzari, besterik gabe, arrazoitu gabe eta goitik behera perfilatu gabe eskainitako espazioak ez dira hainbeste. Asko eta asko dira, gero eta gehiago, baina ez hainbeste kolektiboak. Jendartearen arazo handiak era disekzionatuan lantzeko eta hobetzeko talderik ez zaigu falta, zorionez, nahiz eta askotan entzun eta ikusi dudan, askotan pertsona berberak direla talde batean eta bestean daudenak, eta helizea martxan jartzen dutenak. Badauzkagu gizarte eragileak, arloz arloko talde antolatuak eta eraikitzaileak, diagnosietan abilak eta borondate infinitukoak, gehienak. Altxorrak. Badauzkagu era guztietako psikologoak, yoga irakasleak, mindfullness teknikak, mila estilotako kirol probak, janari energetikoak, parranda amnesikoak eta aholku onenak emateko gai diren lagunak, baina agian bien arteko tartea betetzeko uharteak falta zaizkigu. Egunerokoan izateko tresna partekatuak, adostutako minengatik negar egiteko eta adostutako pozak ospatzeko espazioez gain, eguneroko min eta poz berriei heltzeko eta askatzeko gune partekatuak. Intsentsuak sudur-mintzak erreko dizkigu bestela. Zenbatek erabiliko dituzten euren sinesmenaren gorpuztetzat, eta zenbat hurbilduko diren, besterik gabe, azken urtean edo urteetan zenbat aldatu diren ikusteko. Baina ez prozesioak, eurak zenbat aldatu diren ikusteko.