2018 MAI. 13 IRITZIA Ondo pasa edo kontuz ibili amagoia mujika Ez zaitut ezagutzen. Ez dakit zure izena. Ez ditut zure zaletasunak ezagutzen, ezta zure pentsaera ere. Dakidan bakarra da emakumea zarela eta 2016ko uztailaren 7an bost gizonezkok bortxatu egin zintuztela Iruñeko sanferminetan. Ez dakit ezer zuri buruz, baina sinisten dizut. Erabat. Pentsatzen dut gau hartan libre sentitu zinela parrandan bakarrik geratu eta kotxera abiatzeko; gauez, ezagutzen ez zenuen hiri batean. Libre izatetik ausarta izatera pasatu zinen gero, derrigorrez. Begiak itxi zenituen, era horretan 18 minutu madarikatu horiek existitzeari utziko ziotelakoan. Baina detaileekin geratu zinen, erlojuekin, tatuajeekin... eta bortxatzaileak ahalik eta zehatzen deskribatu zenituelako topatu eta atxilotu zituzten ordu gutxira. Zuri esker. Bestela, Manadak aske segituko luke, beren Whatsapp taldea bortxaketa balentriaz hornitzen. Gero epaiketa etorri zen eta epaitua izan zinen, bortxatzaileak baino zorrotzago eta mingarriago. Ez dakit ondo lo egiten ote duzun gauetan edota negarra sikatu ote zaizun honezkero. Dakidan bakarra da ez zaitudala ezagutzen eta, hala ere, zure mina neure sentitzen dudala. Geure. Berak 18 urte zituenean emakumeak ez zirela gauez ateratzen esan du 70 urte inguruko emakumeak kafesneari azukrea botatzen dion bitartean. Alkoholik ere ez zutela edaten. «Eta orain desastre ibiltzen dira neska gazteak». Hala ere, haserre dago. «Neska gaixoa. Lehen batzuek bortxatu eta orain, epaileek, umiliatu». Guk 18 urte genituenean abiatzen ginen kotxera bakarrik, gauez, ezagutzen ez genuen hiri batean. Hori egiteko nahikoa askatasun sentitzen genuen. Eta eskerrak, nahiz eta ez zen egiatakoa. Batzuei ausartak izatea egokitu zaigu eta beste batzuek gerora sentitu dugu beldurra, gertatu zitekeenaren bertigoa. Zuk 18 urte dituzu oraintxe. Mundua deskubritzeko antsia eta neurririk gabeko jakin-mina. Askatasunaren eta parekidetasunaren ameskerian hazia izan zara. «Ikusitakoak ikusita, niri gertatuz gero, ez dakit salatuko ote nukeen. Segur aski ez. Ahalik eta azkarren sendatu eta aurrera», esan didazu. Harrituta geratu naiz. Baina bai, bortxaketa baten zauria senda daiteke eta bizitzen segitu. Zuk ere konturatzerako izango dituzu 18 urte eta neurririk gabe dibertituko zara, modu zoroan eta laineza gozoan. Eta aske sentituko zara, baldin eta ausarta izatea egokitzen ez bazaizu. Oxala ezetz. Nire barruan dudan borroka latzena ondokoa da oraintxe: Orduan, parrandara abiatzen zarenean, «ondo pasa» esan nahi dizut eta ez «kontuz ibili». Eta akaso lortuko dut, diplomazia ikaragarriz, hori esatea. Baina, nire baitan, bestea pentsatuko dut. Eta lo arineko eta larritutako beste ama bat izango naiz. Bortxatzaileak ahalik eta zehatzen deskribatu zenituelako topatu eta atxilotu zituzten ordu gutxira. Zuri esker. Bestela, «Manada»-k aske segituko luke, beren Whatsapp taldea bortxaketa balentriaz hornitzen