2018 MAI. 27 Suedian zabaltzen ari den joera Norbere datuak azalaren azpian txertatuta Sustatzaileek onurak baino ez dituzte nabarmentzen. Norbere datuak azalaren azpian txertatzeak bizimodua errazten diela diote erabiltzaileek. Badira, ordea, arriskuez ohartarazten dutenak, bai osasun mailakoez baita datuen babesari dagozkionak ere. Suedian gero eta jende gehiago ari da inplante elektronikoak jartzen eta haiekin giltzak edota sarbide txartelak ordezkatzen. Camille Bas-Wohlert Suedian, azalaren azpian kokatutako inplante elektronikoak giltzak, bisita txartelak edota treneko billeteak ordezkatzearen ideia errealitate bat da dagoeneko milaka erabiltzailerentzat. Praktika isilpean mantentzen da, baina ez du apenas eztabaidarik sortu teknologia berriek lilura sortzen duten eta datu pertsonalen babesarekiko lasaitasun handiagoa dagoen herrialde honetan. Sustatzaileek diote txipa erabat pasiboa dela eta eguneroko bizitza errazten duen gailua dela, soilik Near Field Comunication (NFC) irakurgailuan jarritakoan ematen dituelako datuak. 28 urte dituen Ulrika Celsing da Suedian dauden 3.000 erabiltzaileetako bat. Bere esanetan, amaitu zaio eskuko poltsan giltzak aurkitzeko pasatzen zuen denbora mordoa. Bulegora sartzeko bere eskua detektagailu baten albotik pasatzen du, kode bat sartzen du eta atea ireki egiten da. Azken urtean azalaren azpian jarritako txip batek ordezkatzen du, izan ere, laneko sarrera txartela, eta gimnasioan sartzea edota trena hartzea ahalbidetzen dio. Izan ere, diru-zorro elektroniko bat balitz bezala, txipak Estatuko tren enpresaren txartelak ere har ditzake. Zerbitzuak urtebete daraman funtzionamenduan eta 130 erabiltzailek jada txartela on line hartzen dute eta txipean grabatzen dute. Bere enpresak txipak jartzeko jardunaldia antolatu zuenean, Ulrikak ez zuen zalantzarik izan. «Ederra izan zen zerbait berria probatu ahal izatea eta etorkizunean gure bizitza errazteko zein modutan erabil dezakegun ikustea», dio. Jartzeak eman dezakeen minaz gain, Ulrikak dio ez zuela beste ezer sentitu eta egunero baliatzen duela bere datuak pirateatuak edota bere mugimenduak zainduak izan daitezen beldurrik gabe. «Oraindik teknologiak ez du txipa pirateatu ahal izateko adinako aurrerapenik izan», dio. «Agian –hausnartu du– etorkizunean horretan pentsatzen hasi beharko dugu. Hala ere, edozein momentutan kendu dezaket». Arriskua dago? Ben Libberton, mikrobiologoa da eta bere esanetan, txipak ekar ditzakeen arriskuak oso errealak dira. «Infekzioak sor ditzake eta baita immunitate sistemaren erreakzioak ere», azaldu du. Hala ere, arriskurik handiena datuen inguruan sumatzen du: «Une honetan txipean jaso eta partekatzen ditugun datuak ez dira asko, baina kopuruak gora egingo du seguru asko», aipatu du ikertzaileak. Esaterako, «egunen batean inplanteetako batek daraman pertsonaren osasun arazo bat antzematen badu, nori abisatuko dio? Agian, aseguru konpainiek jasoko dute gure osasun egoeraren inguruko informazioa?», galdetzen du. Bere esanetan, zenbat eta datu gehiago gorde leku bakar batean orduan eta handiago da datu horiek gure kontra erabiltzeko arriskua. Jowan Österlundek txipak jartzen ditu eta beldur hori alboratzen du. «Kontrakoa da, batek datu pertsonalak berekin badaramatza hobeto kontrola dezake bere erabilera, erabiltzailea libre delako txipa erabiltzeko edo ez», dio. Sortzen dituen zalantzak asko badira ere, erakargarri gertatzen da. «Suedian jendeak ez dio beldurrik teknologiari eta beste leku batzuetan baino erresistentzia gutxiago dago teknologia berriak erabiltzeko», azaldu du Libbertonek. 59 urte ditu Anders Brännforsek eta Österlundek Stockholmen antolatutako “Implant party”-an atentzioa ematen du. Izan ere, bertaratutako gehienek 30 bat urte dituzte. Pozik dago hartutako erabakiarekin, baina oraindik ez du erabili orain aste batzuk jarri zuen txipa.