7K - zazpika astekaria
IRITZIA

Zuek haserretzen nauzue


Zure birraitonak nekez egiten zuen espainolez, ederki kostata. Baserria gobernatzeko ez zuen behar arrotza zitzaion hizkuntza hura. Baina baserritik kanpo tentuz ibili behar zuen debekatua zen bere hizkuntzarekin. Haren zortzi seme-alabetan zaharrenek suelto samar egiten dute euskaraz eta antzeko espainolez. Idatzi eta irakurri, baina, aiseago espainolez, eskolan hala jaso zutelako. Seme-alabetan gazteenek, berriz, euskara jaso zuten eskolan, baina gaztetan apenas erabiltzen zuten lagunartean. Kaxeroen eta katetoen hizkuntza omen, garai hartan. Baserriko seme-alabak zirela disimulatu nahian eman zuten gaztaroa.

Hurrengo belaunaldia, erabat euskalduna. Tira, ez gaitezen engaina, nagusiki euskalduna, espainoletik gertu samar beti. Eta hurrengo belaunaldikoa zara zu, dozena erdi urteak pasatu berriak dituzun hori. Begirada bizikoa eta berritsua. Eta hala egon zara Polizia espainolaren komisaldegian, denari arreta jarriaz eta irribarretsu hain sinpatikoa iruditu zaizun polizia horren parean. Hatz-aztarnak hartu dizkizu eta etxean entrenatutako sinadura egin duzu paperean. Ederki atera zaizu eta igarri zaizu aurpegian. Baina mutu segitzen duzu. Hitzik esan gabe. Eman dizute nortasun agiri espainola eta komisaldegitik nahikoa urrundu zarenean askatu duzu mingaina. «Pozik nago, ama. Sinadura ondo atera zait eta gizon hori jatorra zen, nire izenez deitzen zidan. Eta pozik nago lortu dudalako isilik egotea». «Zergatik egon behar zenuen isilik?», galdetu dizu amak harrituta. «Hitz egiten banuen euskaraz egingo nuen igual eta gizon hori haserretu egingo zen. Horregatik erabaki dut badaezpada isilik egotea».

Gorputz erdia tristurak hartu dit eta beste erdia haserreak. Zuek, «euskara baimentzen» duzuenek haserretzen nauzue. Ikastolako bilerak euskara hutsean egiten direlako amorratzen zaretenek. Une oro arbelean informazio idatzia espainolez eskaintzen da eta zalantzak espainolez erantzuten dira. Baina bigarren mailako guraso sentitzen omen zarete.

Zuek ere amorratzen nauzue, funtzionario izan nahi izanda euskara dakitenek aukera gehiago dituztelako kexatzen zaretenek. «Ez dago eskubiderik». Hizkuntza bakarra dakienak bi hizkuntza dakizkienak baino eskubide gehiago behar lituzke, ezta?

Zuekin ere sutzen naiz. Arguedasen, Nafarroan, seinaleak elebidunak direlako eta euskara espainolaren aurretik dagoelako minduta sentitzen zaretenekin.

Eta zuekin ozpindu egiten naiz, osasun-etxera deitu eta euskaraz erantzuten badizuete gehiago gaixotzen zaretenekin.

Segi denok antzarak ferratzera. Edo bestela joan ekainaren 2an euskararen kontrako manifestaziora.