7K - zazpika astekaria
IRITZIA

Taldeko eta norbanako


Berriro, gosaritarako, talde bortxaketa bat. Bartzelonako diskoteka batean gertatu dela eta erasotakoa 17 urteko neskato bat dela entzun dut irratian. Tira, segur aski honezkero detaile gehiago aterako ziren argitara; asko, alferrikakoak. Izan ere, eraso sexual baten inguruan sortzen den morbo zopa horrek ez digu mesederik egiten. Detaileetan galtzen gara; zenbat ziren, zenbat aldiz bortxatu zuten, nola, zer egin zuen erasotakoak... Badirudi detaileetan topatu nahi dugula erasoa azaltzeko, are justifikatzeko, heldulekuren bat. Modu desesperatuan, gainera; geure buruari sinetsarazteko horrelakoak beti besteei gertatzen zaizkiela. Auto-stop egiten dutenei, sanferminetan kalean bakarrik ibiltzen direnei, ezezagun batekin bakarrik egotera ausartzen direnei...

Ez zaizkit eraso sexual horren detaileak interesatzen, bat salbu: emakumeari taldean eraso diote. Taldeko lainezaren, taldearen babesaren ertz arriskutsuak. Egia da denok egin dugula noizbait taldean bakarka egingo ez genukeen zerbait; dela balentria, dela aldrebeskeria. Baina asko kostatzen zait taldean emakume bati erasotzen dion mutil kuadrillaren zirrikituetan zer kaka klase dagoen irudikatzea.

Psikologoek diotenez, askok nerabezaroan beldurrez bizi dute «bestearekin» bakarka harremantzeko pausoa –genero desberdinen arteko harremanetan nagusiki– eta taldean topatzen dute babesa eta bakarrik daudenean falta zaien segurtasuna. Mutikoak taldean «matxoagoak» sentitzen dira, ahaltsuagoak. Eta indar hori, askotan, bestea zapaltzetik puzten dute. Bullyinga bera giro horretan uler daiteke. Bestearen gorputzari erasotzen diote, beren gorputza babesteko.

Nerabezaroan hasitako joera horiek, baina, asko luza daitezke. Kuadrilla ezinbesteko aterpea bihurtzen da askorentzat, nahiz eta nerabe urteak aspaldi atzean utzi. Hori berez ez da txarra, noski. Arazoa izaten da kuadrilla edota taldea bizitza bizitzeko modu bakarra bihurtzen denean. Alegia, norberak bakarrik eguneroko zailtasunei aurre egiteko gaitasunik ez duenean eta taldea bere aukera bakarra bihurtzen denean. Baldintza horietan taldeak sekulako indarra hartzen du eta taldekideak estu lotzen dira beren artean, paktuak eginez. Beren beldurrak eta ahultasunak taldean ezkutatzen dituzte. Eta askotan ezintasun horiek ezkutatzeko taldetik kanpo topatzen dute nori eraso. Eta kasualitatea edo kausalitatea, erasotakoa askotan emakumea izaten da –eraso homofoboen atzean ere maiz taldeak izaten dira–.

Taldean ausarta eta harroputza dena, nolakoa da bakarrik dagoenean? Norbanakoetan arreta jartzen segitu behar dugu; nerabe irekiak, sanoak, sexualitatea plazeretik eta askatasunetik bizi dutenak hezteko. Taldeko eta norbanako direnak hezteko.