2018 URR. 21 IRITZIA Atzo Alaia Martin Gogorra izango da senideak kartzelan izatea. Gogorra izango da esnatu eta maite duzun hori non esnatu den gogoratzea. Gogorra izango da esnatu eta lanera bidean, autobuseko irratiak bere gustuko kantua aukeratzea. Gogorra izango da aspaldiko lagun batekin goxo bazkaltzeko geratu, eta zure senideak noiztik ez duen goxo jan pentsatzea. Gogorra izango da goxo bazkaltzetik lanera itzultzean, zure maiteak han jarraitzen duela pentsatzea. Zu han eta hemen, nekatuta, lanpetuta, irribarretsu eta ahaztuta egon zaren bitartean, han egon dela ohartzea. Gogorra izango da lanera itzuli eta ordenagailuko hondoko argazkian bere gustuko hondartza hartako argazkia ikustea, iraganeko eguzkiz argituta. Gogorra behar du lanetik irteteko garaian jaitsigailuko ispiluak zure begi-zuloak aurpegiratzea eta bisitan joateko egitear zauden kilometroak zenbatzeak. Ez da erraza izango bisitarako prestatzea. Urduritasunarekin hortzetako eskuilaz gogoratzea, eramango diozun arropa perfumez blaitu nahi duzula ez ahaztea, liburu aholkagarrien zerrenda gaurkotua memorizatzea eta bere lagun guztien ohartxoak helarazteko beste lasaitasun mental pilatzea. Beldurtzekoa izango da estatistikei jaramon egitea, beldurtzekoa izango da afaltzen ari zaren bitartean auto istripu lazgarrien albisteak entzutea, beldurtzekoa izango da edozein hurbiltze neurriren aurrean eskqueenak egiten dituen adierazpenak eta entsalada digeritzea, beldurtzekoa izango da ordu txikitan gidatzen zoazela burua erori zaizulako esnatzea eta gerta zitekeenean pentsatzea, eta gerta zitekeenean pentsatu ondoren gertatuz gero zure bisitatuak sentituko lukeenaren larruan pausatzea. Beldurtzekoa zeure beldur guztiek errealitatean esnatzea erabaki dutela jabetzea, eta medikuak hainbeste maite duzun hari diagnostiko larri bat egitea. Itogarria izango da egoera horretan dagoen norbaiti urrundik edo hain tarteka ahalik eta gehien nola lagundu pentsatzen egon beharra etengabe, komeni zaion guztia daukanetik hain urruti dagoela irakurtzea erdipurdiko aldizkari miragarrietan. Itogarria izango da, une batez, hutsunea ahaztu duzunean bizilagunak berari buruz galdetzea, gutxien behar duzunean, bera gehien behar duzunean. Amorratzekoa izango da bakeaz eta elkarbizitzaz hainbeste soinu banda entzutea, bakearen atzean mendekua eta elkarbizitzaren atzean ahanztura ere badagoela onartu gabe. Amorratzekoa izango da zuen txikiak eskola kiroleko ekintza gehienak galtzea ama ez galtzeko… Amorratzekoa izango da amorratzekoa den guztia salatuz gero salatzen duzunaren biktima are aktiboagoa izateko duzun arriskuaz jabetzea. Eskertzekoa izango da hau guztia ikusten duten begiak, besoak eta hedabideak gertu sentitzea eta bozgorailu txikiak topatzea kaleetan. Eskertzekoa izango da borondate eta sinesmen truke hainbeste jendek hainbesteko laguntza ematea eta eskerrik ez eskatzea. Eskertzekoa izango da barrua atzoko argazkiz plastifikatzeko aukera. Baina, orokorrean, kontua ez da gogorra, beldurtzekoa edo amorratzeko modukoa izatea. Kontua da, gainera, euren legedietan, euren legedi herdoilduetan ere, ez dela legala. Gogorra behar du lanetik irteteko garaian «jaitsigailuko» ispiluak zure begi-zuloak aurpegiratzea eta bisitan joateko egitear zauden kilometroak zenbatzeak.