7K - zazpika astekaria
ARKITEKTURA

Hirigintzaren begiradak (I)


Arkitektooi, maiz, euskaraz idaztean, akats berdintsu bat zuzentzen digute, “hiritarrak” erabiltzen baitugu “herritarrak” erabili ordez, gure herriko plazak eta kaleak betetzen dituztenak izendatzeko. Okerra “hiria” zer den nola ulertzen dugun horretan datza; jendearentzat hiria landa ez den guztia da. Eta, arkitektoontzat, landa hiri bilakatzen duena hirigintza da.

Nazioarteko Hirigintzaren Eguna igaro den azaroaren 8an ospatu zen, eta aitzakiak aitzakia, gure inguru hurbilaren inguruko hausnarketa –landa zein hiria izan– egiteko aukera agertzen zaigu, gai honekiko begirada ezberdinak lagun. Zeren, bitxia badirudi ere, arkitektura obrek ospe eta hedapen handia badute ere, hirigintza ekimenek –epe luzeagoan garatzen direnak, maiz hamarkadetan zehar– ez dituzte kritikan aritzen garenon goiburuak betetzen.

Horrela ba, normalean ekonomia orrialdeak arakatu behar ditugu urbanismoaren berri izateko. Hortik baitator lehenengo begirada: promotore edo sustatzaileen hirigintza. Mota horretan, diruak dakarrenak agintzen du hiriaren forma zein izango den, erabilera mota eta dentsitateak zehaztuz. Kasurik paradigmatikoena 80ko hamarkadakoa da, Londreseko Canary Wharf-ekoa. Bertan, World Trade Centerreko dorreak eraiki zituen Paul Reichmann sustatzaileak Margaret Thatcherren laguntzaz. City ahalguztidunari erronka botako zion sustapena bultzatu zuen, Manhattan-eko jiteko eraikinez betez antigoaleko Londres hori.

Sustatzaileen hiriaren ospe handiko beste adibide bat Real Madrilen Kirol Hiriaren inguruan gauzatu zen; Madrilgo erdiguneko lau etxe-orratz ospetsuak futbol taldeak 1963an eraikitako Kirol Hiri zaharrean kokatuta daude. 2000. urtean, Florentino Perezek Kirol Hiria Castellana pasealekura eramateko asmoa erakutsi zuen, orduan agintzen zuten hirigintza araudiak baimendutakoa baino askoz gehiago –eta askoz altuagoa– eraikitzeko asmoz. Etxe-orratz horien altuera atera nahi ziren mozkinekiko zuzenki proportzionala zen. Plangintza, planoak eta eskuadra-kartaboiaren ordena, Excel taulak, kredituak eta bankuen interesak jarri ziren martxan.

Sustatzaileen hirigintza ohiko gauza bat da, ez dezala inork pentsa PP alderdiaren ustelkeriaren ondorioa denik. Bilbo, Iruñea, Gasteiz… eskala txikian edo handian, eguneroko kontua da, eta hein handi batean ulergarria; Administrazioak “marrazten” dituen plangintzak –batez ere, azpiegitura handiak daramatzatenean, metro trenbidea kasu– kostu izugarri handia du, eta sustatzaile pribatuen laguntza jaso nahi izaten da.

Hortaz, nola ezberdindu benetako hirigintza eta sustatzaileen hirigintza? Ba, zaila bada ere, bi aldagairi erreparatu behar diegu: abiadura eta beharra. Plangintza ohi baino azkarrago burutzen da, edo, aitzitik, indarrean dagoena normalean baino motelago ezartzen da? Bestalde, beharrezkoa al da aurkezten dena hiriaren onerako? Bi galderei baiezkoa erantzun badiezu, bost puxtarri zuretzat.

Sustatzaileen hiriari kontrako begirada bat gehitu zaio azkeneko hamarkadan, gizarteko talde sozialek eta hainbat eragilek autoantolamendurako izan duten gaitasunari esker: hirigintza parte hartzailea.

Parte hartzearen kultura gure usadioetatik aldenduta zegoen oso, eta hiriari zegokionez erabaki beharrekoak sustatzaile, politikari eta arkitektoen bulegoetan erabakitzen ziren. 60 eta 70eko hamarkadaz geroztik, auzoetako herri-mugimenduek boterearen kontrapisurik handiena suposatu zuten esparru honetan.

Euskal Herrian, egoera paradigmatikoena Errekaldeko Familien Elkartetik dator. 1964an sortu zen elkartea, Estatu espainiarrean lehenbizikoa. 40.000 laguneko auzoan semaforoak jartzeko borrokan ari zirelarik, Maria Teresa Sanchez Rivas haurra auto batek harrapatuta hil zen. Ezbehar horretatik sortutako haserreak Pilar Careaga alkate frankistaren dimisioa eragin zuen.

Tamalez, auzo elkarteek hamarkadetan izandako indarra lausotuz joan da, eta oso kasu bakanetan ikus daiteke bere adierazpenik. Alta, hirigintza botton-top edo behetik gorako ikuspuntua txertatzen saiatu da, eta gaur egungo plangintzek parte hartzerako zenbait mekanismo izaten dituzte, hala nola tailerrak, galdeketak, web orriak, hitzaldiak, jardunaldiak… Sortzen ari diren prozesuen kontra ahotsa altxatzen dutenak ere badira. Nahikoak al dira? Zilegitasuna besterik bilatzen dute? Galderak hor daude.

Gauza bakarra dago argi: hirigintza prozesu oso geldoa izaki, eta halako teknika korapilatsua izaki, informazioa eta gardentasuna eskatu behar da, hiritarren esku baitago, batez ere hasierako zatietan, plangintza bati aurre egitea.