2019 MAR. 24 IRITZIA Arrastoak JOKIN URAIN Getxora etorrita, “LHD Juan Carlos I” itsasontziak bertako kaian atrakatuta hiru egun igaroko zituela iragarri zuten duela ia bi aste. Ez da nolanahiko itsasontzia, ezta zernahitarakoa ere. Gerra itsasontzia da, gerrarako trasteak daramatzana edo dakartzana, abioiak, helikopteroak, tankeak eta gisako tresneria darabilena, 26.000 tonataraino pisuan; 231 metro ditu luzean... Esan nahi dudana da ez dela haurren plastikozko jostailua ere. Getxoko kaira etorriko zela bai, baina zertara etorriko zen, zer egitera edo zer premiagatik zetorren ez zuten esan. Ez dakigu sekretua mantentzearren gorde zuten isilik, ala zereginik batere gabe etorriko zelako eta hori aitortzea ere ez zelako kuxidadea hain ontzi handiaren izen onarentzat. Inoren gonbidapen beharrik gabe, zeregin emankorrik gabe, dena beraiena dutela esanez bezala sukalderaino sartzeko larderia dute batzuek. Handia denak ez du beti bere burua erakutsi beharrik izaten, baina hantusteak behar horixe izaten du beti. Iruditzen zait bere burua erakustea eta bere arrastoa uztea beste zereginik ez duela izan gerra-itsasontzi horrek Euskal Herrira, Getxora, etorri eta bertako kaian geratzean. Estatu politikatik edo Defentsa Ministeriotik aurreikusten dituzten ekimen estrategikoen arteko mugimendu logiko bat dela igual esango du norbaitek; normaltasunez hartu beharreko ekitaldia dela esango dizu besteren batek... Baliteke edozein azalpen inpresentable ematea modu sinesgarrian, edozer esanda ere dena sinisteko obligazioa bageneuka bezala; baina, gerraontzi handiaren ibilia eta egonaldia egiteko porturatzea, sen primario baten bulkada besterik ez dela esango nuke. Gu bizi garen auzo horretan ikusten ditut etxetik puxika puztuta ateratzen diren zakurrak nola joaten diren bazterrik bazter, pixa txorrotada bat poste baten ondora, beste bat autoaren gurpilari, harantzago beste bat etxe kantoi hartan, eta halaxe egunero beren ibilaldi osoko leku zehatzetan, dena markatuz, «hemen ni nabil», «hau nire lekua da», «kontuz nirekin»... esan nahi balute bezala, puxika hustea baino beharrezkoago baitzaie arrastoa uztea. Eta eguzki printzen gozotan bazaude, Iker, bi eskuekin egunkaria zabal, bizkarra farolaren kontra jarri eta kontzentratuta bazaude, zeure ondora etorri eta galtza barrenera igual egingo dizu zar-zar-zar... Inoren gonbidapen beharrik gabe, zeregin emankorrik gabe, dena beraiena dutela esanez bezala sukalderaino sartzeko larderia dute batzuek.