2019 API. 07 IRITZIA Daramaguna Alaia Martin Iratzargailuek ezohiko orduetan esnatzen dituzte oilarrak hamar egunez. Oilarrei lekukoa hartu ohi diete iratzargailuek, inoiz baino maizago. Biribildu gabeko zenbakidun orduetan jartzen ditugu iratzargailuak, lo minutuak alferrik ez galtzeko. Ohi baino pare bat amets lehenago esnatzen gara eta ohi baino urduriago, gainera, ohi baino prestatuago izaten ditugu biharamunerako arropak. Kafe-usaina goizago heltzen da etxe arteko patioetara eta umeek gauaren sabela ezagutzen dute, begiak ohi baino zabalduago dauzkatelarik esnatzen dira. Sorbalden gainean trostan eta gauez ibiltzen diren aldi bakanetarikoa izaten da. Ume batzuek aurretik egina izaten dute ibilaldi azkarra euren eskolakideekin eta beren dortsal inpresionistekin. Bazkalaurreko asebidea izaten da beste zenbait gune geografikotan. Eguzkitan, euritan edo ortzadarretan zain egoten dira entrenamendurik gabeko zapatila ezin berriagoak, luzaketak egiteaz gogoratzen diren hidratojaleak, arroz-opilak ahoan urtzen dituzten jaioberriak, etxetik etxe ondoko farolera iristeko pausoak eman nahi dituzten pertsona urtetsuak, besterik gabe txalo egin nahi duten oin lasaiak, gurpil gainean lasterka egiten duten ahobiziak, balkoitik mendeak pasatzen ikusi nahi dituzten belarriprestak… Arratsaldeetako jende mosaikoa poteatzailez eta meriendatzailez zirriborratzen da gehienbat. Beti mahairik gabe geratzen ohituta dauden lagun taldeek afaritarako lekua erreserbatzen dute (ziurrenik elkarri baino sare sozialetako herri ezberdinetako argazki bitxiei begira murtxikatuko dute geroko afaria). Ilusio izugarririk gabe errepide ertzera atera eta ilusio izugarriarekin etxeratzen direnek euren buruak harritzen dituzte. Ilusioa eta ahala neurtzeko gai ez diren euforikoek normalean bi urtean behineko zaintiratua egiten dute egun horretan. Ilunabarra eguna iraganez margotzen hasten den orduan pasatzen denean, ederra izaten da datozen kilometroak irudikatzea eta pentsatzea lotara sartutakoan burukian belarria adi-adi ipiniz gero, pausoak entzuteko aukera izango duzula, Euskal Herrietako zelai, ibai eta erlaitzak zeharkatzen. Euskararen jirako gainerako ekimenekin pizten ez den euskaldun asko ezagutzen ditut; hizkuntza ardatz hartuta egiten diren ekimenen naif-tasunak pereza ematen dieten pertsonak. Horiek guztiak dira errepide ertzera bekainak jaso gabe hurbiltzen diren behintzat-etorri-naiztarrak, baina gauzak zer diren, denengan sumatzen dut ondoren halako ilusio berritu bat Korrika igarotakoan. Zaila da azaltzen, baina begiradan izaten den distiraldi txiki hori sumatzen diet eta hori gustatzen zaidalako gustatzen zait hainbeste Korrika. Izar iheskor bat ikusi osteko 30 segundoetan sentitzen den begi-argitasun hori ematen du Korrikak. Behintzat-etorri-naiztar batzuek ez dute onartzen barne pizkundetxo hori, baina polita da euren hoztasunaren islan beroaren erradiografia ikustea. «Lekukoa» izena baino hobeto jarritako izen gutxi etortzen zaizkit burura. Erreala eta funtzionala eta unekoa den zerbait gutxitan da hain fantasiaz betea, aldi berean. Lezio ederra da lekukotasunaren eta hizkuntzaren laukitxoan klika egiteko hautuaren atzean dagoena. Korrikan, bizitzan gauza askotan bezalaxe, badaramagun zerbaiten atzetik goaz korrika. Ilusio izugarririk gabe errepide ertzera atera eta ilusio izugarriarekin etxeratzen direnek euren buruak harritzen dituzte. Ilusioa eta ahala neurtzeko gai ez diren euforikoek normalean bi urtean behineko zaintiratua egiten dute egun horretan.