2019 MAI. 12 IRITZIA Madame Mahatsa vs Mister Potato GALDER PEREZ Ez nuke inoren magia edo mitorik hautsi nahi gaur. Aspaldiko kontuak idilikoegi gordetzen baititugu denok, mitikoak bailiran. Nik onartzen dut umeago ginenean izugarrizko inbidia niola Mr. Potato zeukan edozein laguni. Ez dakit zergatik diodan lagun, etsai sentitzen bainituen. Tira, hain gogoko nituen Playmobilen click-ei ezin nien ezer jarri edo kendu, pieza osoa eta bakarra baitziren. Ziur asko, nahiago izango nukeen Barbie edo Nancy eduki, jantzitegi osoarekin, noski. Baina arropak kendu eta jartzeko, anaia nagusiaren militar panpina gihartsuak zeuden. Denboraren perspektibarekin ikusita, ederra da ume hura militarrak biluzten gogoratzea. Baina harira bueltatuta, eta mitora etorrita, jarrai dezagun Mr. Potatorekin. Bere sorreran, benetako barazkiak jantzi edo kustomizatzeko jaiotako proiektu komertziala izan zen Mr. Potato. Gerora etorriko zen plastikozko patata, telebistan iragarri omen zen lehen jostailua. Gure garaietan, Olentzerok bezala, pipa hortzetan zuela. Gero kendu zioten, jakina. Ume gaixoek a zer erreferentzia kaskarra, bestela. Norena eta berarekin edozer egin dezakezun jostailuarena. Hain izaki goxoa ezin da erretzailea izan, mesedez; horrek gure borondatea erreko bailuke bestela! Politikari askok ere jostailu honen antza dute; oraintxe bertan gizon batek, bereziki; patata bezala, arabarra bera, eta jostailua lez, dena kendu eta ipini erraz egiten duena; edo berarekin egiten dutena, gure dibertimendurako, noski. Kendu eta jarri ahoa, begia, belarria, bibotea, bizarra, betaurrekoak. Esan eta bota, gustu txarreko txisteak, gezur borobilak, zekenkeria handiak, mito faltsuak, okertzerako bideak... Horrela sortzen da patata ustela eta azkenean dagokion tokian dago, alegia, inon ez. Momentuz behintzat; izan ere, ziurrenik, saria jasoko du oso laster, argindarraren kudeaketan edo banku bateko kanpaia jotzen. Mr. Potato faltsu honek ikusi nahi ez duena, ordea, aldamenean duen Madame Mahatsa da. Baina bertan dago, bera bezala arabarra da. Bere mahats-mordoa edonongo frutaz osatzeaz harro dago, izan arabar, arabiar zein hegoafrikar. Harrotasunez eta dirdiraz erakusten du biribiltasuna bere osotasunean. Mahats-mordoa plastikozko aho, belarri eta bibotea bezala kendu eta jar daiteke. Baina plastikoa ez bezala, mahatsa beti jaioko da berriz. Eta gero, plastikozko horien ondotik harro agertuko da eta Madame Mahatsak bere burua zukutzeko gai dela erakutsiko du. Zer eta plastikozko patata guztiak more eta gorri bihurtu arte. Bukatu da kendu eta jartzearen plastikozko jolasa. Iritsi omen da, benetan biluzteko momentua. Ortozik mahatsa zapaltzeko unea. Ospatzeko garaia. Aste pare bat barru, hauteskundeak berriz; ea patata gehiago usteltzen den. Mr. Potatori buru handia egin zioten. Handiegia eta hutsegia, plastikozkoa baita, pisurik gabekoa. Hankak txikiak ditu, txiki-txikiak. Baina ihesi joateko nahikoa. Doala, bada. Gainera, barregarriago horrela. Hanka txiki pare batekin patata faltsua arineketan doala ikustea, bai paregabea. Topa, Arabako Errioxako ardoarekin! Politikari askok Mister Potato jostailuaren antza dute. Oraintxe bertan gizon batek, bereziki; patata bezala, arabarra bera, eta jostailua lez, dena kendu eta ipini erraz egiten duena; edo berarekin egiten dutena, gure dibertimendurako, noski.