2019 UZT. 28 LUMA BERRIEN AZTARNAK Zutitu! Azken eguneraketa: 2019 UZT. 29 - 14:45h Joxe Aldasoro Egun on artista! Ondo egin duzu lo? Gosaria mahaian daukazu! Aitaren poza, ilusio eta energia guztia zama besterik ez dira Gorkarentzat. Burukoarekin estali ditu belarriak pertsianaren zarata apaltzeko. Larunbata. Goizeko zortziak. Entrenamendu saio bikoitza frontoian: fisikoa eta teknikoa. Belarriak ere nekatuko zaizkio! Ze behar? Aita entrenatzaile. Ni zu banintz, nik zuk adina izan banu eguneroko liturgia. Ez da erraza txapelik gabeko txapeldunaren semea izatea. Lesioak moztu zion bidea, bestela denda jartzeko adina lortuak zituen jada. Aitak baino, entrenatzaileak bizi du. Ama izan zuen kontsolamendu belauna izorratu zitzaionean. Edo amari larrua jotzea ihesbide. Hil zenean, entrenamendua, dieta, diziplina eta ordutegia obsesio: senar desleial eta aita axolagabearen kontzientzia zauritua sendatzeko baltsamoa. Gorkak ez daki ilusioaren edo amorruaren semea den. Gosariarenak egin orduko bultzatu du aitak igogailura. Gurpila trabatu zaio auzokoa ere sar dadin egin duen maniobran: –Lortuko duzu mutil! Zure esku dago! Antonio: desgrazietan doktore, anekdotaren errege. Beti, beti, beti kontatuko dizkizu egoera tamalgarrienak bizi izan dituztenen mirariak, zurea ere iritsiko delakoan: fusilatze-pelotoiaz hildakoarena eginda libratu zen errepublikazalea, hamabost urte koman egon ondoren konortea berreskuratu zuena, basamortuan ehun egun edan eta jan gabe bizirik atera zenarena. Pisua gizona! Baikortasunaren itsukeriak errealitatetik at eraman du. Denak du soluzioa, denak du konponbidea. Egunean otordu bakarrarekin bizi da. Antoniori aurrea hartzen utzita, ezkaratzetik atera dira aita-semeak. Mantatxoa egokitu dio aitak izterretan, mania puta! –Egurrean aritzeko eguraldia Gorka! Bikaina bai! Zerua oskarbi, epeletik joko du, udaberria, txoriak eta kaka hori guztia. Arraro begiratu dion haur mukizua, gurditxotik tiraka guraso lerdoak, makilekin oinez zaharrak, aulkian eserita kontakatiluak, lasterkaren jonkia, langabetua egunkariarekin, udaltzain tripontzia, etxekogizon zapuztua poltsa eraman ezinean… Lehenengo eguzki printzekin atera dira denak karakolak bailiran animoak, indarra eta bizkarreko lirdingak ematera Gorkari. Auzokoaren desgrazian kontsolatzen dira. Koitaduak behar dituzte, errazagoa baita errukarriari aholkuak ematea norberaren zuloen aurrean ausart jokatzea baino, makalagoarena behatzea norberarena estaltzea baino. Ahularen aurrean ausart, jakintsu, zuhur. Aholku azoka, gomendio saldoa, zurikeria esportaka parkean. Errudun sentiarazten dute. –Popatik hartzera! Ez da ozen esatera ausartu, amari ez zitzaion gustatuko. Amatxo: ari egon baino. Arazoa inoiz ez, konponbidea hizpide beti. Erremedioaren arduradunari ehizako txakurrak harrapakinari nola jarraituko zion. Izan alkate, irakasle edo dendari: semeak txoko guztietara sartzeko aukera izan behar zuen. Kitto. Neguko sutondoko txinpartak baino goxoago Gorkarekin. Amamina. Amadesira. Amasumina. Frontoira iritsitakoan kantxan sartu dira amaren tenkorkeriak lortu zuen arrapalari esker. Salvador zain dute behean. Hau bai, txapelduna, aitarekin jokatutakoa gaztetan. Sokatik lotuta darama ebakortzak agerian dituen txakur kakanarrua. Bi frenoei eragin die Gorkak: badaki ez dela laburra izango. –Hemen dator gure morroskoa! Gure heroia! Noizbait zuriz jantzita ikusiko zaitugu… Buruko ilea laztantzeak sutu du. Heroiak gizajoak bezainbeste behar ditu Salvadorrek. Heroiei jotzen dizkien txaloek daraman bizimodu alferraren kirrinka estali, egin lezakeenaren oroigarria ezabatu, jainko mundutarrekiko duen otzantasuna mozorrotu diezaioten. Aldiz, bihotz gupidagarria erakusteko erabiltzen ditu gizajoak batzuetan, kontra egingo ez dioten irain larrien jomuga bestetan. Laudorioak kritikak bezain ustelak. – … eta etxera eramango duzu aitak merezi zuen txapela… Nekatuta dago. Etsita. Ez daki zer gehiago egin beharko duen, zer gehiago eginaraziko dioten aitaren maila ez duela lortuko konbentzitu baino lehen. Noizbait txapelketa egingo balitz ere, irabaziko balu ere, aulkira kondenatua dago. Gainontzekoak baino ahalegin handiagoa egin arren, beti izango da berea bigarren, hirugarren mailako arrakasta. Behiak ezin du basurdearekin bizi, idiak ezin ernaldu, txantxangorriak hozkarik ez. – … behin eta berriro saiatuz gero… Adore letaniak jarraitzen duen bitartean Gorkak txakur baboaren soka aulkiaren frenoan trabatu du: – … eta eroriz gero… Frenoak altxatuta aulkien gurpilei eragin die Gorkak indartsu. Sokaren heldulekutik askatzeko aukerarik gabe, Salvador ziplo erori da. Labezomorroen antzera geratu da zutitu ezinik. Gaztetako arintasuna zoruak hautsita, anbulantziari deitu behar izan dio aitak. Lehenengo aldiz sartu da Gorka aldageletan bere kabuz, bihurgunea egiteko gurpilak erraz gidatuz. Eta lehenengo aldiz hasiko da entrenatzen aitaren agindurik gabe, barrez lehertzen. – Zutitu! Zutitu!!! Joxe Aldasoro Joxe Aldasoro Jauregi (1974). Irakaslea.