2019 IRA. 29 IRITZIA Herriak distopia GALDER PEREZ Batzuek burbuila digitala gertatzen ari dela badiote ere, nahierazko telebista kateek fikzioa etengabe ekoizten jarraitzen dute. Oso zaila da estreinatzen diren telesail berri guztiak jarraitzea. Baina tendentzia zein den ikus daiteke. Gehien nabarmentzen diren telesailen nondik norakoak, azaletik bada ere, edonork ezagutzen ditu. Telesailen edukiei erreparatzea, egunotako gure jendartearen erretratua egiteko tresna baliagarria dela iruditzen zait. Jakina, merkatu produktuak direla kontuan izan behar da, ez direla, alegia, gizartearen beharrak sortutakoak. Baina, neurri berean, ikusiak, kontsumituak, izan nahi badute, pertsona multzo horren egarria nolabait ase behar duten produktuak izan behar dira. (Nahiak, beharrak eta goseak artifizialki ere sor daitezke, baina beste baterako utziko dugu hori). Literaturan, Orwell, Wells, Huxley eta beste zenbaitek egin zuten bezala, telesailen beste tendentzia nabarmenetako bat izaten ari da distopiarena: etorkizun apokaliptikoen gaineko fikzioa ugaritzen ari da. Utopia politiko eta sozialekin amets egiten jarraitzen dugun bitartean, distopiak nagusitzen zaizkigu. Honek ere baduelako utopiatik asko. Gizarte fabulak dira azken finean, biharko eguna zer gris esnatuko den deskribatzen dutenak. Kasu askotan distopia horiek teknologiekin sortzen ari garen dependentzia eta bizimodu antolaketa dute ardatz nagusi. Haietako zenbaitek Europako hiriburuetara eramaten gaituzte, eta guk, euskal ikusleok, erraz kokatzen dugu geure burua Londresen zein Parisen. Baina gure herriak baditu berezkoak diren bestelako utopiak. Gure herriak badu bere iragana, bere ametsak, bere porrotak. Baina, momentuz, atzera begira jarraitzea nahiago dugula dirudi. Utopiak sortzen jarraitzen dugu, balizko distopien beldur, beharbada. Anekdota hutsa dira Euskal Herrian ekoitzitako telesailak. Gurera egitera etortzen dira, baina kanpotik. “Patria” eta “La línea invisible” estreinatuko dira laster, ustez euskal gatazka edo ETAren sorrerakoak. Ikusiko dugu zer dakarten kanpotik. Horiek ere ustezko memoria eginez. Distopiei dagokienez, gurean dena hain ilun ikusten dugu, ezer sortzeko gai ez garela edo benetan ez dakigula aurrekoa irudikatzen. Izan ere, ikus-entzunezkoak euskaldunontzat ia utopia izanik, literatura izan zitekeen distopia sortzeko tresna. Durangoko Azokari begira lan berriak aterako dira, nola ez. Tartean, Ruben Sanchezen lehen eleberria, “Hondarrak”, «gure gatazka» ardatz. Itxaro Bordak ere 80ko hamarkadan girotu du lan berria, “Susmaezinak”, ETAko errefuxiatuen ingurukoa. Berriki Igartza saria jaso du Irati Goikoetxeak “Herriak ez du barkatuko” deitutako proiektuarekin, berriz ere, denboran atzera garamatzana. Bada etorriko den distopia bat, Eneko Barberenarena, baina Europaren eta Afrikaren arteko gerra batena omen da, ez Euskal Herrikoa. Gure etorkizun distopikoa eraikitzea kostatzen zaigu, antza. Beharbada memoria asko egin behar dugu oraindik edo jasotako guztia nahi bezala ordenatu arte ezin aurrera salto egin. Edo okerrena: gertatzen ari den guztia benetako distopia bada? Euskal Herria distopia, Europan beltz eta grisen artean disolbatutako herria bagara? Atzera begira geratu zen herria, iraganean disolbatu arte... Gure herriak badu bere iragana, bere ametsak, bere porrotak. Baina, momentuz, atzera begira jarraitzea nahiago dugula dirudi. Utopiak sortzen jarraitzen dugu, balizko distopien beldur, beharbada.