2019 URR. 06 IRITZIA Ez bageneuka Alaia Martin Bageneuka edo bageneuzka bezala bizi gara. Norbait tabernako gure mahaian esertzen denean tabernako geure mahaian eseriko balitz bezala. Bageneuka edo bageneuzka bezala bizi gara. Norbaitek geure ordutegian geure egunkaria hartzean geure orduan geure egunkaria hartuko balu bezala. Bageneuka edo bageneuzka bezala bizi gara. Gure gustuko taldeak gure gustuko zerbait egiten ez duenean gure kontra ariko balitz bezala, errepresentazionalki. Gure gustuko arropagileak gure gustuko arropak egiteari uzten dionean bere esentzia galdu duela defendatuz bezala. Bageneuka edo bageneuzka bezala bizi gara. Gure lagunak gure ohiko kodeaz kanpoko plan eta erabakiak hartzean kontuan hartuko ez bagintu bezala. Geure taldean edo lanean leku ordezkaezin bat bageneuka bezala. Bageneuka edo bageneuzka bezala bizi gara. Gure etxelagunak ikuspegi aldaketa bat daukanean ezikusiarena egitea maitasuna balitz bezala. Bageneuka edo bageneuzka bezala bizi gara. Gure egunkariak letra tipoa aldatzen duenean azalpenak eman behar balizkigu bezala. Bageneuka edo bageneuzka bezala bizi gara. Eguraldi ona eta txarra zein den erabakitzeaz gain zer-nolakoa “egin digun” esatea barregarria ez balitz bezala. Bageneuka edo bageneuzka bezala bizi gara. Bozkatu izan dugun alderdiak mitinak leuntzeko edo lakartzeko sintonizatzailea geure etxeko egongelan bageneuka bezala, termostatoaren ondoan. Bageneuka edo bageneuzka bezala bizi gara. Gure txakurrak egun batean harrera jauzika eta miazkadaka ez egiteko eskubiderik ez balu bezala. Bageneuka edo bageneuzka bezala bizi gara. Haurrek geure keinuak, balioak, adoreak eta traumak erreproduzitu behar balituzte bezala, bizi-zor gisa. Bageneuka edo bageneuzka bezala bizi gara. Gure gurasoek zahartzeko baimena eskatu behar baligute bezala, iritzia galdu dutela uste dugunean gure iritzia ezinbestekoa dutela uste bagenu bezala. Bageneuka edo bageneuzka bezala bizi gara besteen begiradak, arreta maila eta irribarrearen eskala epaitzeko eta bideratzeko nor bagina bezala. Bageneuka edo bageneuzka bezala bizi gara. Nahi duguna jan, eraitsi, irauli, antzaldatu eta deslai uzteko latifundistak bagina bezala. Bageneuka edo bageneuzka bezala, azkazalak zorroztuta. Jabetza eta gabetzearen arteko marra makillatu nahian bezala. Ezinei rimela eman eta ezpainak umiltasunez margotzen. Manikura egiteko garaia da. Profesionala eta ez iraunkorra. Manikura egiteko garaia da eta pedikura ez praktikatzekoa. Oinetako atzazalak sustraitzeko garaia. Lurra ez dela gurea gogoratzeko garaia, haren parasitotxo batzuk baino ez garela ez ahazteko. Oinekin heltzeko garaia; oinetako atzazalak zikintzeko eta eskuetakoak garbitzeko garaia da. Hatzetako azazkalen azpian dauzkagun lur puskak garbitzeko eta lurrera itzularazteko garaia. Hatzetako azazkalen azpian dauzkagun azal zatiak azal-jabeenak direnez, azala haiei itzultzeko garaia. Inor ez da harramazkaka eusten. Zauritu bai, berantarazi ere bai, baina eutsi ez. Oinak zikintzeko eta eskuak garbitzeko garaia da. Bageneuka edo bageneuzka bezala bizi gara baina ez daukagu ezer ere. Gauzkatenik ez onartzeko lehen pausoa ez edukitzea izango da. Egitekotan, egin dezagun pixa geure gainean. Bageneuka edo bageneuzka bezala bizi gara. Haurrek geure keinuak, balioak, adoreak eta traumak erreproduzitu behar balituzte bezala, bizi-zor gisa.