2019 URR. 13 IRITZIA Manikien esku hotzak GALDER PEREZ Ederra da erakusleihoetako manikiei begiratzea. Ikuskizun estatikoa balitz bezala, izugarri erakartzen naute panpinek; ez arropak, ordea. Izan daiteke gogoko ditudan dendek beraien arropak erakusteko manikirik jartzen ez dutelako, baina marka handietako manikiek itzel erakartzen naute (erakusleihoetakoak bezain geldi dauden lantegiko manikiei egunero egiten diet so, eta gero eta beldur handiagoa ematen didate, egia esan). Azken aldian sorpresa hartu dut bogan dauden manikiek, zer eta eskuak erakusten dituztelako. Esango nuke lehengo maniki gehienek ez zeukatela eskurik. Oraingoek, berriz, lotsarik gabe erakusten dizkigute plastikozko, egurrezko zein eskeletikoak diren eskuak. Ezkutuan zegoena agerian uzten digute, probokazioa dirudi. XIX. mende bukaeran Paristik sartu ziren manikiak dendetara. Horren aurretik, mende pila bat eman zuten erlijio prozesiotako protagonista gisa. Ondo adierazten du horrek zertarako sortu ziren manikiak, adoraziorako eta erlijio nagusien propagandarako, orduko agintari zen elizaren ikur, alegia. Manikiak helburu politikoekin ere baliatu izan dira. Kasurako, Bigarren Mundu Gerra bukatu ostean, Europako hainbat hiritan maniki irribarretsuak jarri ziren dendetako erakusleihoetan. Gudaren sarraskiarekin kaleetan galdutako irribarrea berpiztea omen zuten xede maniki irribarretsu horiek. Baina oraingo manikien eskuek, gaur arte ezkutuan gordeta izan diren esku garaile horiek, zer adierazi nahi digute? Esan bezala, manikienak modako esku hotz adierazgarriak dira. Ez dira gogoko ditugun esku horiek, gitarra jo, laztandu, kili-kili egin, idatzi, masturbatu edo txalo egiten dutenak. Esku hotzak dira eta horretarako prestatuta daude. Hiru eskaparateri begira ikara ematen didaten hiru esku mota irudikatu ditut. Bat. Partida honetako kartak banatzen dituzten eskuak, bidegabeko erabakiak eta beren intereseko banaketa soila egiten dutenak. Bi. Eskuak begiak ezkutatzeko baliatzen dituztenak; errealitatea ikusi baino, nahiago dute itsu antzean jokatu. Eta, azkenik, hiru. Eskuak ahulena itotzeko erabiltzen dituztenak; berez gorrotagarriak, azalpen gehiagoren beharrik gabe. Dena dela, horien guztien artean beldurgarririk bada, hiru horiek beren baitan gordetzen dituzten eskuak dira: ahulena itotzen duen bitartean ez ikusiarena egiten duen interes banatzailearen eskuak. Eta konplexurik gabe erakusten ditu, erakusleiho batean bezala. Hor daude, gure artean daude esku hotz horiek, lotsarik gabe eskaparate batean bezala, euren burua saltzen eta zuritzen. Eskuen inguruan pentsatzen jarraitu dut eta irakurtzen ari zaren orrialde hauek idazteko, inprimatzeko eta aurrera ateratzeko beharrezkoak diren ehunka eskuak etorri zaizkit gogora. Badago oraindik esku hotz eta zuririk, askatasun orrialde hauei partidan kartak eman ez dizkietenak, ez ikusiarena egiten dutenak eta aldi berean orriok itoarazi nahi dituztenak. Zorionez, gure eskuek, begirik itxi gabe, ukabila erakusten dakite, idazten jarraitzen duten bitartean. Badago oraindik esku hotz eta zuririk, askatasun orrialde hauei partidan kartak eman ez dizkietenak, ez ikusiarena egiten dutenak eta aldi berean orriok itoarazi nahi dituztenak. Zorionez, gure eskuek, begirik itxi gabe, ukabila erakusten dakite, idazten jarraitzen duten bitartean.