7K - zazpika astekaria
250 urteren buruan, gaurkotasun osoarekin

Humboldt planeta

Oinez, mando gainean edo kanoan Orinoko ibaitik Mexikoko basamortuetarainoko bidea osatu ondoren, tartean Chimborazoko zeruan infernua ukitu ostean, Alexander von Humboldtek (1769-1859) hauxe erabaki zuen; «Inguratzen nauen mundua behar dut ulertu, baita naturan dena lotuta dagoela azaldu ere». Gogoeta iraultzailea ordurako eta, 250 urteren buruan, inoiz baino gaurkotasun handiagokoa.


Alexander von Humboldt apartaren parekorik aurkitzea ez da erraza. Gizon eta pentsalari irudimentsua, esploratzaile ausarta eta garaiko zientzialaririk ospetsuena, aitzindaria izan zen natura bizidun sare gisa irudikatu zuelako. Are gehiago, XIX. mendeko zientzialariek mundua mikroskopioaren leiar txiki batzuetatik begiratzen zuten bitartean –sailkapen hutsean oinarritzen zen zientzia diziplina bezala–, naturaren sare horren baitan dena lotuta dagoela aldarrikatu eta pertsonalki egiaztatzen saiatu zen Von Humboldt. Batez ere Latinoamerikan egin zuen landa-lan ikaragarriarekin, fokua zabaldu eta Lurra bizirik dagoen izaki bizidun gisa deskribatzera ausartu zen Von Humboldt. Mundu anglofonoan ia erabat ahaztuta eta baztertuta dagoen arren –Darwinen fabore, eta harrigarria Darwinek berak bere kide alemaniarra miresten zuelako–, «ingurumenaren aita» edo «naturaren asmatzaile ahaztua» esaten zaion dohain ugariko gizon handi honen jaiotzaren 250. urteurrena ospatzen ari dira urte osoan zehar Alemanian eta Latinoamerikan... baina tonu desberdinean, noski, ñabardura askoko ikertzaile eta pertsonaia izan baitzen Alexander von Humboldt. Berak esandakoek gaurkotasun osoa dutela uste dute ikertzaile, idazle, artista eta aktibista anitzek. Esaterako, beroketa globalaren arriskuez ohartarazi zigun duela bi mende pasatxo.

Beroketa globala Chimborazon. 74 urte ditu Marco Cruz mendizale ekuadortarrak. Mila bat aldiz igo da Chimborazo (6.263 m) sumendi ikusgarrira, eta joan den udan beste behin ekin zien bertako aldapa malkartsuei Carolina Chimoy kazetari mexikar-perutarraren ondoan. Izan ere, gidari lana egin zion Cruzek Chimoyri, Von Humboldtek XIX. mendearen hasiera hartan zeruaren eta infernuaren ateak ukitu zituen tokiraino. Andeak mendikateko gailur garaienetik 5.600 metrora gelditu zen zientzialari eta abenturazalea; eta ez da marka makala, gaur egun erabiltzen ditugun jantzi eta materialekin ere gogorra egiten baita... eta hark zaldian ibiltzeko botak zeramatzan. Cruzi eta Chimoyi ere ez zitzaien erraza egin igoera, une batean laino trinkoa sartu eta arrastoa galdu zutelako.

XIX. mende hartan munduaren sabaitzat jotzen zen Chimborazo. Bidaiari alemaniarrak ez zuen, dena den, gaur egungo paisaia ezagutuko, Marco Cruzek pentsakor aipatzen duenez: «Azken 50 urteotan, Chimborazo mendiak bere azaleraren eta izotzaren bolumenaren %50 galdu du. Horren errudun beroketa globala eta Tungurahua sumendiaren errautsak direla esango nuke, azken hau 18 urteotan erupzioan egon delako eta, beraz, haize alisioak lagunduta, errautsak Chimborazoko glaziarretan gelditu dira, baita gailurrean ere».

Chimoyk Humboldten bidaia berbera birsortu du hainbat hizkuntzatan zabaltzen den Deutsche Welle alemaniar katearentzat, non kazetari honek egiaztatu duen ordutik gauza batzuk asko aldatu direla... eta beste batzuek bere horretan jarraitzen dutela. Lehenengoaren adibidea, esaterako, Ekuadorren ematen den cinchona zuhaitzaren desagerpena –kinina lortzeko azala kentzen zaio eta Humboldtek iragarri zuen bezala, bi mendeen buruan zuhaitz mota hau galtzear dago–. Gauzek antzeratsu jarraitzen duten seinale, bestalde, indigenen egoera lazgarria, Humboldtek berak Mexiko hirira iristean salatu zuen bezala.

Nola hasi zen dena eta «gure» Humboldt. Humboldtarren artean anaia zaharrena Wilhelm zen (1767-1835). Bi urteren buruan jaioko zen Postdamen Alexander. Prusiar familia aristokrata batean sortuak, haurtzaroa Berlin eta Tegeleko jauregiaren artean igaro zuten, aita hil zitzaien arte. Orduan amak, aitaren nahiak betetzeko, haurren hezkuntzan jarri zuen interes berezia, eta humanismo klasikoa eta Ilustrazioaren oinarriak hartu zituen iparrorratz. Tutore onenak jarri zizkien, horien artean Rousseauren jarraitzaile sutsu bat, eta denetarik ikasi zuten Wilhelmek eta Alexanderrek, matematikak, latina, literatura, geografia, historia... Gottingeneko Unibertsitatera iristean, haien interesak askotarikoak zirela argi geratu zen; arkeologia, psikologia, fisika esperimentala... beraien bizitzak iraun artean anaiek bereganatuko zuten jakintza entziklopedikoaren lekuko. Ondoren, Alexanderrek Friburgoko Unibertsitatean (Saxonia) Meatzaritza ikasketak osatu zituen ziztu bizian, zortzi hilabete eskasetan; beste batzuek, aldiz, hiru urte eman behar zituzten. Egunero landare eta mineralen bila jaisten zen Erzgebirgeko putzura, meatzariekin batera.

Jakintsuetan jakintsu, 1799. urtea erabakigarria izan zen anaia bientzat. Alexanderrek Ameriketarako bidea hartu zuen, inolako laguntza ekonomikorik gabe. Bere poltsikotik ordainduko zuen dena. Gure Wilhelm, ordurako filologo eta diplomatikoa, beste abentura batean sartu zen, desberdina, baina hura ere zirraragarria; penintsulara egindako bidaia batean Euskal Herriarekin eta bere hizkuntza misteriotsuarekin egin zuelako topo eta, harrezkero, «euskararen ikerkuntza zientziaren kategoriara igo zuen», Jose Antonio Arana Martija euskaltzainaren hitzetan.

Bolivartarra. «Alexander von Humboldt Amerikaren bigarren aurkitzailea» zela idatzi zuen Simon Bolivarrek, Amerikaren askatzaileak. Elkar ezagutu zuten, eta zientzialari alemaniarraren eragina sumatzen zitzaion Bolivarri. Ez da harritzekoa «jainko zientzialari» baten antzera Latinoamerikan miretsi izana. Zaila da laburbiltzea bost urtean Aime Bonpland botanikari frantsesaren laguntzarekin gauzatu zuen abentura erraldoi, emankor eta zirraragarria; ekainaren 5ean Coruñan itsasoratu eta, Europako azken geldialdia Tenerifen egin ondoren –Teide mendiko neurketak egin zituen–, orduko Amerika espainiarreko kolonietarako bidea hartu zuen. Aurrekaririk ez zuen bidaia zientifikoan gaur egungo Venezuela, Ekuador, Kolonbia, Peru, Mexiko eta Kuba bisitatu, maitatu –Quiton Carlos Montufar gazte ederra espediziora batu zitzaien– eta ikertu zituen.

Sandra Rebock zientziaren historialari alemaniarrak sakon aztertu du Humboldten biografia: «Ez zen ohiko esploratzaile bat, ez zuen soilik datuak jaso nahi gero Europara eramateko. Humboldtek gizarte kolonialaren alderdi guztietan interesa jarri zuen eta gustatzen ez zitzaizkionak salatu zituen. Sistema koloniala kritikatu zuen, baita gizartearen berdintasunik eza ere, baina tentuz, espainiar Koroak eman zizkiolako hara joateko baimenak. Bestalde, hainbat aurkikuntza egotzi zaizkio, baina bera ez zegoen batere ados. Esaterako, Perun bere izena daraman ur korronteari dagokionez; Humboldt korrontea hotzagoa zela ohartu zen, ados, baina idatzita utzi zuen bertako arrantzale edo indigenak horretaz jabetu zirela aspaldidanik. Berak neurketak egin zituela eta informazio hori publiko zabalari aditzera eman ziola, besterik ez».

Franklin Frederick brasildarra aktibista ekologista bat da: «Gaur egun Humboldtek duen garrantzia ingurumenaren, gizartearen, politikaren eta ekonomiaren arteko loturak ikusteko izan zuen gaitasunean datza. Humboldt Bolivarren proiektuaren alde jarri zen. Eta ziur nago XX. mendean Afrika eta Asiako mugimendu askatzaileen alde jarriko zela, Ho Chi Minekin eskutitzak gurutzatuko zituela, Vietnam babestu, Kubako iraultzaren alde jarriko zela eta Fidel Castro, Che Guevara eta Hugo Chavezen laguna izango zela».

Abentura hartatik ekarritako informazio guztiekin bizitza osorako lana zuen, eta horren emaitza “Kosmos” bere liburu erraldoia, mitikoa, da. 57 urterekin, dirurik gabe, Berlinera itzuli zen prusiar erregearentzat espedizioa egiteko; Errusia zen bere helmuga. Bizitza emankorraren ostean, 89 urterekin hil zen Berlinen.

Gehiago jakiteko, “Cosmos” (Libros de la Catarata), Andrea Wulf-en bi liburu (Ramdon) eta Stiftung Preußischer Kulturbesitz-ek, Prusiar Ondarearen Fundazioak, online dituen bere bidaietako koadernoak (www.preussischer-kulturbesitz.de).