7K - zazpika astekaria
IRITZIA

Inguruabarra


Hiru aste pasatu dira enegarren aldiz hautetsontziak ireki eta botoak kontatu zituztenetik. Atzera samar geratu da kontua, antzinakoa dirudi ia; predikadoreen hizkeran ere nabari da apur bat. Batzuenean gehiago besteenean baino. Horrela izaten da, hauteskundeetan botoekin eta musean hamarrekoekin. Eta, musarena aipatuta, hasieran pentsatu nuen beste partida bat jokatzeko moduan geratua zela Sanchez bere botoekin; aurrekoan baino ia egoera hobean zela berriz ere hauteskundeetara joateko. Hurrengo hamarrekoarekin ustela lortzeko moduan! Baina ez; gustu hartzen hasia nintzaion bozkatzera joateari eta zapuztua geratu nintzen, aitortzen dut.

Batzuek gehiago eta besteek gutxiago, egunkariei erreparatzen diegu hauteskundeen ondoren. Jakin- mina, halako herritan zer gertatu ote da, beste hiriburu horretan zein, harakoan zera... Albotik oharteman zidan lagunak, egunkariko beste berri bati errepara niezaion: Vietnamgo basoan ezarritako argazki kamerara agertu da duela 25 edo 30 urtetik aztarnarik ematen ez zuen basahuntza. Ciervo raton esaten diote gazteleraz, baina Tragulus versicolor omen du izen zientifikoa hausnarkari txikiak.

Imajina ezazu hainbeste denboran bila eta bila ibili diren zientzialarien ustekabea eta poza! Etsitzekoa ere bazen, baina konstantziak asko laguntzen du zernahitan, eta azkenean horrelaxe etortzen da urteetako jardunaren emaitza! Basoan ezarritako kameren helburua izango zen basahuntz txikia oraindik badela eta bizi dela erakustea... ala jada ez dela existitzen eta espezie desagertua dela frogatzea ote zen?

Agian badugu joera erraza begien bistara ez datorkiguna desagertutzat emateko, inguratzen gaituen oihanean ostenduta, agian mimetizatuta, egon litekeela pentsatu ere egin gabe. Landareez, animaliez edo gizakiez esan liteke gauza bera. Zenbat munstro ez da mimetizatzen jendarte normal-normalean? Zenbat alderdi edo koalizio ez dira agertzen edo desagertzen, beste talde batzuetatik sortzen edo haietan nahasten? Ez dakit ustekabeak ote diren halakoak, ala iragana ahaztea besterik ez den.

Kontua da, Xabin, dirudienez askok uste zutela espezie desagertua zela espainiar eskuin muturra, baina ikusi duzu nola agertu den inguruabarrak eskaintzen zion itzaletik hautets-kameren aurrera.