2020 URT. 05 IRITZIA Osasunez urratu amagoia mujika Urteari lehena idaztea tokatu eta kaligrafiarik txukunena egiten saiatzen ari naiz, hizki bakoitza mantso borobilduz. Agendan ere antzekoa gertatzen zait. Agenda zuri-zuria, berri-berria, ikusi eta modu zeremoniatsuan idazten ditut gogoratu beharreko lehen hitzorduak. Ez dakit zenbatgarren egunetik edo astetik aurrera galtzen diodan errespetua agenda berriari eta hasten naizen nik ere justu-justu ulertzen ditudan zirrimarrak egiten. Izan ere, berria denak baditu distira eta usain bereziak, mimoz zaintzen saiatzen garenak, badakigulako ez dutela asko iraungo. Auto berri-berria hartu eta a zer beldurra lehen arrastoa, kolpetxoa, nork emango. Bigarrenetik edo hirugarrenetik aurrera, dezente lasaitzen da kontua. Eta urtearekin, berdin. Urte berriari ez dio inork egin nahi lehen tarratada. Denok asumitzen dugu urratu egingo dela, zimurtu, zikindu, hautsi, kolorea galdu. Baina, beste batek egin dezala triskantza, auto berriari lehen arrastoa nola. Laster entzungo edota irakurriko ditugu; urteko lehen hilketa matxista, urteko lehen lan istripua, senideen urteko lehen auto istripua, urteko lehen patera... eta distiratsua den eta berri usaina daukan urtea, aurrekoaren segida baino ez dela konturatu beste erremediorik ez dugu izango. Tranpak ez du denbora luzean irauten. Baina guk, hauskorrak, sineskorrak, ahulak eta esperantzadunak izaki, tarteka markagailua zeroan jartzeko beharra daukagu, mundua aldatzeko aukera guztiak galdu ez ditugula sinisteko beharra daukagulako. Edo hain potolora joan gabe, erretzeari utziko diogula, kirola egiten hasiko garela, lo gehiago egingo dugula, neurritsuago kontsumituko dugula eta elkar gehiago zainduko dugula sinisteko beharra daukagulako. Noiz? Urte berriarekin batera. 2020. Polita zenbakia. Kaligrafiarik txukunenarekin eta pazientzia eskuzabalenarekin paratu ditzagun asmoak eta desioak. Batzuentzat, atzerako kontaketan beste zenbaki bat marratzeko urtea izango da. Etxerako zenbat bis falta diren berriz kontatzeko aitzakia. Beste batzuentzat, markagailua zeroan jarri eta berriz hutsetik arnasa hartzen hasteko poza. Aurtengoa bai, aurtengoa ona izango den konbentzimendua, merezi dutelako. Beste batzuek nahiago izango dute puztutako desioak eta helburuak jarri baino, orain arteko bidean suabe-suabe segitzeko indarra bildu. Hasteko edo segitzeko, baina gelditzea garrantzitsua da, zaharra agurtu eta berria jasotzeko. Hala ere, urteari lehen urratua, arrastada edo zuloa egiteko beldurra galdu beharko nuke, galtza berriak jolasean zartatzeko beldurrik ez duen haurraren antzera. Eta urratu dezagun gustuko dugun jolasean, gustuko tokian eta maite ditugunekin. Osasunez urratu. Laster entzungo edota irakurriko ditugu; urteko lehen hilketa matxista, urteko lehen lan istripua, senideen urteko lehen auto istripua, urteko lehen patera... eta distiratsua den eta berri usaina daukan urtea, aurrekoaren segida baino ez dela konturatu beste erremediorik ez dugu izango.