7K - zazpika astekaria
IRITZIA

Garaiak eta bideak


Udak eta neguak. Estres aldiak eta hutsune existentzialdunak. Oniritziz bustiak eta bazterrekoak. Diru eskasiadunak eta arnasaldiak. Gozamen garaiak eta dolu denborak. Garaipenak eta porrotak. Ereiteko hilabeteak eta biltzeko egunak. Distantziak eta besarkadak. Barne gerrak eta tregoa garaiak. Garaiak eta baxuak. Garai zailak eta garai errazak dauzkagu bizitzan zehar, edo egun txarrak eta egun onak, edo goiz txarrak eta arratsalde onak, edo eztabaida lakarrak eta adiskidetze leunak, edo neke-uneak eta indarraldiak..

Ohituta eta prest gaude beheraldi eta goraldiak onartzeko, eta batzuetan, baita bizitzeko ere. Bizitzari bere horretan justizia eskatzen dionak zenbaitetan barne gerrak izango ditu ustez ongi ari eta emaitza eskasak jaso dituelako edo inoiz ez dutelako irabazleek irabazten kronisten begietan. Bizitzaren aurreko jarrerak izan behar du "ea hurrengoan"-etik pixka bat; boletoak erosi behar dira, dirua ustez alferrik bota, alferrik ilusionatu eta halako batean, zorte handi-handiko egun batean propagandako axota bat tokatzen zaizu opari eta zorte izugarrizko beste egun batean, boleto mordo bat erosi ostean, sari duin bat. Hori horrela da eta ez da bestela izateko modurik, baina hori guztia horrela eginda ere, boleto asko erosi, lan asko egin, asko ilusionatu eta justua izaten saiatze hutsarekin ez da beti bueltan oreka etortzen; ez da bi norabideetako araua. Urtarril askotan pentsatu izan dut horri buruz. Urtarril askotan hunkitu izan nau batzuen pareta jota ere aurrera egiteko indarrak eta borondateak. Urtarril askotan liluratu nau Baionako zein Bilboko kaleetan hainbeste senide, lagun eta borondatedun ikusteak, lanean, babesten eta elkartasuna antolatzen. Kopeta hainbestetan zabaldu duen hainbeste jende ikusteak oinez, aurrera, taldean eta eskertza jarrera batekin gainera.

Garaiak garai, zenbaitek garai luzeak pasa dituzte asteburuak Excell bidez antolatzen, bat-batekotasunari, azken uneko planei eta plan zoragarri gauzaezinei ateak ixten, irri erdi batekin «bisita daukat, segi zuek» esaten eta amorrua, tristura, poza eta nekea kudeatzen.

Garai zailak eta garai errazak dauzkagu bizitzan zehar eta esango nuke ia guztia dela aldakorra, aldagarria eta gorabeheratsua, baina dispertsio eta gorroto politika baino garai luze eta zailagoak, gutxi dira. Gauza gutxi dira defendatzen hain zailak eta hain aldakaitz itxurakoak, aldi berean. Defendatu beharrik ere ez dute izaten, aurpegiratu ere apenas egiten zaielako, prime-timetik kendu zituztenetik.

Astero-astero, astakeria onartua bidera ateraz jasaten duten presoen senideek izango dituzte euren beheraldiak, seguru, baina harrigarria da hala ere bidera ateratzeko urteetako gaitasuna eta indarra, benetan da harrigarria.  Gainera, esango nuke, urteetako higaduraz batzuek gertukoekin askatzeko eta kexatzeko eskubidea/zilegitasuna apur bat galdu dutela sentitzen dutela.  Minera eta mina "duin" eta zarata handirik gabe jasatera ohitu direla. Atera bidera bidegabea denaren aurrean, kexatu lasai tabernan eta sukaldean eta ahal denean, hor egongo gara, atseden guneren batean.