7K - zazpika astekaria
IRITZIA

Prezioen egoera


Aste batzuk behar izaten dira urte berri batek ekarri ohi dituen prezioen egoeraz ohartzeko. Kontu korrontearen argaltzearekin edo zifrak desagertzearekin bat konturatzen gara salneurriak nola doazen gora, leunki antzean. Garaiotan, salerosketako produktu izarra, robotek ordezkatu aurretik behintzat, pertsonak gara: kapitalaren eta sistemaren esklaboak. Garai batean lanbide bat ikasi behar genuen soldata irabazteko. Orain, berriz, edozertarako lanbidea ikasi beharrean, bere burua saltzen ikasi behar du pertsonak. Eta bai, langile esan beharrean, pertsona diogu. Izan ere, bere burua saltzen ez dakiena dobermanen hozkadak jota kalean geratuko da. Ez lantoki kanpoko kalea, giza taldetik baztertutakoa baizik. Bere azaleko osotasunean saltzen dira pertsonak, ez artisau gisa, ez profesional bezala. Ez da eskuek egindako lana saltzen, esku horiek mugitzen duten burmuinaren, eta bihotzaren, osotasuna baizik; hutsik gabeko pertsonak omen dira erakusleihoan daudenak, goitik beherakoak, ganoratsuak eta edozertarako adituak. Edozertarako, bai: ez badakizu, badakizula antzeztu eta aurrera harrokeriaz.

Bogan dauden jarrera pertsonal merkantilisten aurrean barregarri geratzen da arkakusoen zirkua. Alprojen lehia honetan, jakituriarik eta gaitasunik eta ikasketarik ez duenak gidatzen du gure zirkua. Ongi etorri mediokraziaren Meritokrazia karpa erraldoi honetara eta egin txalo, norberak bere buruari txalo, jakina. Izugarri ondo ikusia dago karpa honetan nork bere buruari txalo bero bat ematea. Txalo horrek ez luke soinurik atera behar, hutsa baita, saltzen duen guztia bezain huts, baina besteen miresmen eta ahozabaltasunari esker txalo uholde bihurtzen da erdipurdiko alprojei egindako txaloa. Zein erraz eta merke saltzen duten beren burua. Eta, okerrago, zein sinpleki eta garesti erosten zaien.

Zalantzarik gabe, denok izan behar dugu protagonista, nor bere bizitzaren protagonista. Besterik ez genuen behar. Baina nahastu dira kontzeptuak, edo nahastu gara pertsonak, eta ez geure artean, tamalez. Konpetizioa eta konpetentzia ez ulertzetik, moda desfile populista nartzisista batean paseatzera iritsi gara. Nork bere burua ahalik eta hobekien saldu eta ea nor bilakatu irudirik gabeko film honen protagonista. Muturrera eraman da protagonismoaren kontua. Bizitza artelan eder bihurtzetik urrun, indibiduoen bizitza produktu bilakatzera iritsi arte. Eta jakin badakigu produktuekin egin beharrekoa: saldu eta erosi, merke zein garesti, baina ahalik eta etekin handiena jasoz beti. Baina ez omen da funtsean norberarentzat etekin, ispiluaren aurrean garestien agertu denak kristala hausten denean bere burua lapurtu duela ulertuko baitu. Ai, ez, barkatu, banpiroak ezin baitu bere burua ispiluan ikusi.