2020 OTS. 16 IRITZIA Harresia amagoia mujika Badira egunetan sabelean flotatzen geratzen diren filmak, aztoratuta eta mugituta uzten zaituztenak. Akaso izango da hor barruan zegoen harriren bat tokiz aldatzen dutelako, hondotik azalera ekarri. Horrelako zerbait gertatu zait “Joker” filmarekin. Buruko gaitzen errealitatea lehen lerrora ekartzen du eta ikuslea zuzen-zuzen begiratzera behartzen du. Buruko gaitzak. Betidanik existitu arren, inoiz existitu izan ez balira bezala jokatzen dugu orokorrean. Urrunetik, burua asko altxatu gabe eta zeharka begiratzen diegu haiei, harresiaren beste aldean daudenei. Zoroak dira, baina ez tuntunak. Eta oso indartsuak izanagatik, nekatu egiten dira, erabat akitu bazterretan bizitzen. Baina bazterretatik aparte, ba al dago tokirik gure jendartean buruko gaitzak dituztenentzat? Gerta daiteke nerabezaroan hastea lehen pistak ematen. Eta etxekoak pentsatzea adoleszenteetan aldrebesena egokitu zaiela. Normala dela, garaia ere halakoa dela, zoratzekoa, dena probatzekoa, okertzekoa, erori eta altxatzekoa. Pasako zaiola. Lagunek ere pentsatuko dute «topera» bizi duela bere festa, berdin egunez eta gauez, «bere paranoian» bizi dela etengabe. Baina, aldrebeskeriak gero eta serioagoak izango dira, arriskutsuagoak beretzat eta ingurukoentzat, ulertzen zailagoak. Lehen grazia egiten zuenak orain nagia ematen du. Beldurra ere bai. Konpon ditzala bere mobidak eta lasaitu dadila. Gero berriz izango gara lagun. Eta gerta daiteke sekulako krakatekoa, denak dardarka uztekoa. Akaso etengabeko pistak ematen ari zen, bere ixiltasun mingarri horretan laguntza behar zuela oihukatzen. Baina ordurako agian urrunegi zituen denak. Inork ez zuen ez entzuten ez ikusten. Eta eskuak burura eramango dituzte denek. «Ez genuen halakorik egingo zuenik espero». Buruko gaitzak betidanik existitu izan dira eta beti existituko dira. Estatistikak gainera ilun samarrak dira: gero eta pertsona gehiagok izango dituzte. Denak gara hauskor buruko gaitzen aurrean; gaur ondo dagoena okerrago egon daiteke bihar. Denak gara zaurgarri, hauskor. Akaso horregatik eraikitzen dugu harresia, sendoa luze-zabalean, mundua bitan banatzeko. Harresiaren alde honi eutsi nahi diogu, azazkalekin eta hortzekin. Finean, badakigu orekan irristatu eta harresiaren beste aldera pasatzen bagara, bazterrera kondenatuak izango garela. Eta han dago adoleszente errebeldeegia izandakoa, harresiaren beste aldean. Eta harresian ez dago leihorik. Harriak bakarrik daude, bata bestearen gainean pilatuta. Sarrionandiaren hitzekin Gose taldeak abesti batean galdetzen duenez, «nork daki, jaunok, eta andereok, zein den benetan erotegia, hesiaz harunzkaldekoa ala geure ustezko normaldegia?». Buruko gaitzak. Betidanik existitu arren, inoiz existitu izan ez balira bezala jokatzen dugu orokorrean. Urrunetik, burua asko altxatu gabe eta zeharka begiratzen diegu haiei, harresiaren beste aldean daudenei