2020 MAR. 29 IRITZIA Oholtzarako jantzi berriak GALDER PEREZ Ostiralean antzerkiaren nazioarteko eguna ospatu behar genuen. Ospakizun gutxitarako dago kontua, zer esanik ez kulturgintza, denok dakigun bezala sekulako jipoia jaso baitu krisialdi honekin, beste sektore guztiek bezala, noski. Auskalo noiz eta nola emango dion buelta gainera. Kostata, duda barik, baina sortzaileek aski ondo erakutsi dute berrasmatzeko gaitasuna. Dena dela, antzerkiaren nazioarteko egun hori aitzakiatzat hartuko dugu egunotako erretratua eszenaren gainean margotzeko. Bada oso gogokoa dudan ipuin bat, enperadorearen jantziarena. Aski ezaguna da nola ume bat den egia esatera ausartzen den bakarra. Oihuka esaten du haurrak enperadoreak jantzirik ez duela eta biluzik dagoela. Baina biluztasuna gauza ederra da, nola ez. Umeak ez dio biluztasunari barre egiten, itsukeriari baizik. Gorputz guztiak, disidenteak bereziki, maite ditugu; ederrak dira denak. Geurean, agintariren batek gorputz biluzia erakutsiko balu, hegemonikoa litzateke, nola ez. Iragarkietako faltsukeria harropuzkeriaz erakusten duen gihartsua eta edertasunaren kanon horietan sartzen den horietako bat. Gure agintariak, ordea, eszenatoki honetan ez daude biluzik eta, behin biluztasunaren metafora erabiltzen hasita, onar dezagun: gu, herria, biluzik utzi nahi gaituzte. Baina herri hau, benetan aurrera doan herria da. Aurrea hartu izan dio gure txotxongilo hariak maneiatu nahi dituzten agintarien ezgaitasunari. Haiek, bitartean, ezindura hori ezkutatzeko mozorro piloa erabili izan dute. Baina eszenara eramateko ez da mozorrorik erabiltzen. Eszenara jantziak eramaten dira, teatrorako sortuak eta josiak. Mozorroak aratusteetarako dira, eta ezkutatzeko. Herriak ospatu zituen aratusteak, eta batzuk, antza denez, horretan geratu ziren, karbanaletako parodietan. Ez diegu sinesten, ordea. Ikusi dugu haien jantzi aurrefabrikatuen azpian ez dagoela benetako biluztasunik, naturaltasuna zer den ez baitakite. Haiek gogoko dituzten arropak baldintza miserableetan lan egiten duten umeek jositakoak dira. Moda pasarela batean bezala erakusten dizkigute zinismoz eta hipokrisiaz beteriko prendak. Pentsatzen dute, gainera, eserita eta biluzik dituztela ikusleak. Baina ipurdi horiek guztiak uste dutena baino azkarrago altxatzen ari dira. Ezarri zaizkien besaulkiak ez dira erosoak. Irrintzi bat entzunda, ikusle biluzi guztiak jaikiko gara eta eszenatokia hartuko dugu. Gezurrezko arropak erantziko dizkiegu. Beharrezkoa bada lotsagabekeriaz erabiltzen duten ahotik ere aterako zaizkie. Eta erre. Zeremonia honek, akelarre biluzietan bezala, sua behar baitu. Udaberria iritsi da, oharkabean, eta udako zein neguko solstizioetan sua gehiago erabiltzen badugu ere, aurrerantzean udaberria hasteko ere piztuko dugu. Sutan erreko ditugu hipokrisiaren arropak. Jantzi faltsurik ez da behar benetako eszenatoki batean. Denak haur bilakatuko gara berriz ere, eta elkarri egia esango diogu: denok biluzik gaude. Eta egunotan bezala, elkarri beroa emango diogu, suarena eta elkartasunarena, faltsukerian galtzen diren belarri gorrek entzun nahi ez duten egia. Doazela behingoz beste pasarela batzuetara, beraientzat itxita dago gure oihala. Jantzi faltsurik ez da behar benetako eszenatoki batean. Denak haur bilakatuko gara berriz ere, eta elkarri egia esango diogu: denok biluzik gaude. Eta egunotan bezala, elkarri beroa emango diogu, suarena eta elkartasunarena, faltsukerian galtzen diren belarri gorrek entzun nahi ez duten egia.