7K - zazpika astekaria
IRITZIA

Egun zelebreak


Beheko tabernan kafetxo bat hartzea eguna berriz hasteko. Erroskilla txiki bat, limoizko gailetatxo bat, ontza bat txokolate... zer jarriko ote didazu hurrena joaten naizenean? Aldiro desberdin dotoretzen duzu nire kafea. «Ea gaurkoa zer iruditzen zaizun».

Baserriko atarian eseri eta belarretan zilipurdika nola ibiltzen zareten ikustea. Honezkero gure sorgintxo txikiak esaldiak josten ditu. Azkena aurrez aurre ikusi genuenean bi hitz josten hasia zen. Orain bideodeia egiten diogu, baina harrotu eta saltoka hasten da etxeko sofan. Esaldirik ez digu oparitzen.

Entrenamendura zure bila joan eta eguna nola joan zaizun entzutea. Irakasle hau aldrebesa dela eta bestea aldrebesagoa, etxeko lan mordoa duzula eta herriko jaiak iristeko irrikitan zaudela berriz ere entzutea. Eta zure atzetik arrastaka ekarri ohi duzun energia eta freskotasun hori sentitzea autoan sartzen zarenean.

Ostiraletako garagardoa eta barbakoa zaporeko litxarreriak, zurekin banku horretan eserita. Etxerako presarik ez dugula konturatu eta arratsaldea lasai luzatzea. Bihar biharkoak.

Asteburuan bisita eta bisa izango duzula jakitea.

Egun amaigabe horren amaieran etxera iristearen plazera sentitzea.

Gauza askoren hutsunea sentitzen dut. Baina...

Alboko gelan gitarrarekin kantari entzutea. Gero eta ozenago, gero eta apasionatuago. Kantatzen duzuenean nonbaitera ihes egiten duzula konturatzea.

Loak hartu ezin duzulako nire alboan kiribiltzea. Bizkarra laztanduz zure arnasa nola pausatzen den sentitzea. Azkenean lo hartu duzula igarri eta egin dizudan ile mozketa aldrebes hori barkatu didazula pentsatzea.

Lanean ari naizela, telebista aurrean barrez lehertzen ari zaretela entzutea. Pelikula horrekin beti sekulako algarak egiten dituzue. Ondo zaudetela sentitzea.

Elkarrekin kozinatzea, irratian abesti bat topera jartzen dugun bitartean. Dagoeneko ahaztu zaizu nola naizen bakeroak janzten ditudanean. Hau ere elkarrekin gaindituko dugula sentitzea.

Eguneroko bideodeia egin eta gurasoen etxeko lanpararekin hizketan aritzea. Algara batzuen ondoren, haien aurpegiak harrapatu eta ondo daudela ikustea.

Egunero lanetik leher eginda etxera bueltatzen zarenean negar egiteko gogoa duzula esatea. Osasungintzako langileek txaloak jasotzen dituzte, eusten ari zareten beste batzuek ere ondo mereziak dituzue.

Horrelakoek betetzen dituzte etxeko zapatillekin ibiltzen ditugun egun zelebre hauek. Denak ez dira hutsuneak eta faltak, hor dauden eta normalean ikusteko denborarik ez dugun gauzak ere badira.