2020 MAI. 03 IRITZIA Txapeoa JOKIN URAIN Txapeoek duten gauzarik txarrenenetako bat bakerik eza dela iruditu izan zait beti. Atea itxita hortxe egotera behartzen zaituzte, eta hor zaude zu, zeure txaboloan, lasai ederrean, zure denbora zeure erara entretenituz, edo denborari joaten utziz, parean pasatzean kasurik egin gabe, hor ez bazeunde bezala, eta bat-batean atea irekitzen dizu zerak, eta hau eta hori eta bestea egin behar duzula esaten dizu, bere denbora entretenitzeko modurik gogokoena duelako seguru asko zurea izorratzea, eta horrela, txapeoa hilabeteetan eta urteetan luzatzen doan heinean, osasuna ere izorratzen dizute. Etxeko sasi-txapeo hau gogorra ez ezik oso gogorra egiten ari omen zaio askori, eta egoera apur bat arintzeko asmoz ematen omen dituzte telebistan eta prentsan, irratian ere bai, ematen dizkiguten aholkuak: ariketa fisikoak eta kirola egitea, irakurtzea, txaloak jotzea, pelikulak ikustea, elikadura zaintzea, kozinatzea ez dakit zein errezeta… Eta seguru nago hori guztia interesgarria dela interesatzen zaionarentzat. Baina ez dakit egingarrien zerrendan zer demontregatik ez duten sartzen lasai aspertu ahal izatea, ezer ez egitea, lo egitea, isilik egotea, euliei begiratzea, leihoan jarrita haizeak dakarrena entzutea… Agintariek ere onartzen dute etxeko txapeo hau luze egiten ari dela, eta luzetasun horretan astun, astunegi. Zaharrenen bakardadea urragarria da; gazteen egonaldia itogarri bihurtzen doa, baina txakurren bat alokatu dezakete. Baina haurrak, haurrak ezin bakarrik kaleratu, eta hilabetea joan da, eta bi hilabete, eta egonezinean ernegatzen dira... Haurren txapeoa arintzeko modua egin behar dela ulertzen dute agintariek, ez dira guztiz bihozgabe, ordu batzuez bederen kalera irten ahal izan daitezen, aitarekin edo amarekin edo… Txapeoek duten gauzarik txarrenetakoa izan daiteke itxialdia noiz amaituko den ez jakitea, behin-behinekoa izan behar lukeenak behin betikoaren itxura hartzea, salbuespena ohiko bihurtzea. Txapeoek izan dezaketen gauzarik okerrenetakoa da norbere salbuespen egoeratik besteen salbuespena normaltasuntzat hartzea. Aranjuezen eta Valencia III espetxeetan jaio zirenetik txapatuta bizi diren haurrei, euskal presoen seme-alabei, txapeoa zein gogorra egiten ari ote zaie? Eta haien gurasoei? Aranjuezen eta Valencia III espetxeetan jaio zirenetik txapatuta bizi diren haurrei, euskal presoen seme-alabei, txapeoa zein gogorra egiten ari ote zaie? Eta horien gurasoei?