2020 MAI. 10 IRITZIA Txaloak amagoia mujika Ez naiz ni heroien zalea. Umetan miresmena baino barregura ematen zidaten galtzontzilloak kanpotik zeramatzaten gizonezko xelebre horiek. Orduan heroi guztiak ziren gizonezkoak. Geroxeago emakume heroiak hasi ziren azaltzen. Horiek ere grazia gutxi; gorputz perfektu inposibleak. Lehendik zaila iruditzen zitzaidan emakume izatea eta, gainera, titiak tente eta ipurdia gogor eduki behar. Nire heroiek amantala janzten dute betidanik, bizitza zaintzeko amantala. Txaloak. Tira, une ederra da bizilagunek elkar ikusten dugulako, pixka batean eguna nola joan den komentatzen dugulako, etxeko txikiei grazia egiten dielako... Baina, gero eta ahulagoak sortzen zaizkit esku zartadak. Sentipena daukat alarma egoera honetan heroiak sortu nahi dizkigutela eta haiei txaloka gauden bitartean pozik samar gaudela uste dutela. Pozik eta artaldetuta. Garbi daukat osasun langileak, zaintzan ari direnak, supermerkatuan gure kexuak sufritzen dituztenak, banaketan erotuta dabiltzanak... ezinbestekoak direla. Baina ez dira heroiak, lehen lerroko langileak dira. Eta ez dituzte txaloak behar, lanerako baldintza duinak behar dituzte. Ezin ditut burutik kendu, adibidez, zaharren egoitzetako zaintzaile profesionalak. Gipuzkoan hilabete luzeak daramatzate borrokan beren lan eskubideen alde. Beren lan baldintzak hobetzea exijitzen dute, horrek eskaintzen duten zaintza hobetuko duelako. Langile horiek estutasunez kontatzen dute hamabost minutu dituztela egoiliar bakoitza ohetik altxatu eta gosarirako prestatzeko. «Gelan sartu, ‘egun on, zer moduz zaude?’. Pertsiana igo, oheko segurtasun barra jaitsi, mantak eta maindireak kendu, eusteko sistemak askatu –gehienek izaten dituzte–, ohetik altxatzen lagundu –batzuek neurri teknikoak behar dituzte, garabia–, dutxara eraman, dutxatu, lehortu, hidratatu, jantzi, orraztu, bizarra egin batzuei, belarritakoak eta bitxiak jantzi beste batzuei, hortzak jarri behar dutenei... eta eraman jangelara gosaltzera. Eta hori guztia 15 minututan». Horixe eguneroko errealitatea. Zaintzaile profesionalen %95 emakumeak dira eta azpikontratatuta aritzen dira. Ez dituzte txaloak behar. Txaloak belarriak gozatuko dizkie, bihotza epeldu, baina hurrengo egunean 15 minutu izango dituzte pertsona bakoitzari arreta emateko. Berez baldintza eskasetan aritzen badira, koronabirusak beste korapilo estu bat jarri du haien prekaritatean. Larri zegoena, larriago. Baina ez dira errenditu, ez dute burua lurraren azpian sartu. Zaintzen segitu dute, adinekoak etxean bezala sentiarazten, beren familia izaten. Bizitza zaintzeko amantala erantzi gabe jarraitu dute, triste eta larri, baina zaintzen. Serio, ez dituzte txaloak bakarrik behar. Garbi daukat osasun langileak, zaintzan ari direnak, supermerkatuan gure kexuak sufritzen dituztenak, banaketan erotuta dabiltzanak... ezinbestekoak direla. Baina ez dira heroiak, lehen lerroko langileak dira. Eta ez dituzte txaloak behar, lanerako baldintza duinak behar dituzte.