2020 MAI. 17 IRITZIA Eskuak garbi Alaia Martin Konfinamendu garaitik osoago, kontzienteago, osasuntsuago, kirolariago, elkartuago, sendoago… aterako ginela esaten zuten batzuk isil samar daude honezkero eta salbuespenaren normalizazioak ortzimuga zahar berriak ekarri dizkigu begi nekatuen atzealdera. Aldatzeko grina iraunaraztea, barrura begiratzeko tarte errealak hartzea eta kezka ekonomiko edo erlazionalik gabe eguneroko martxari eustea ez dira edonoren esku dauden baldintzak, edonoren esku uzten diren baldintzak baizik. Ez dakit zer ikasita aterako ote naizen aldi honetatik: bizitza zein indartsua eta hauskorra den, edozein krisi askatasun kolektibo eta sozialak neurtzeko ere baliatzen dela, jendearekiko harremana zenbat behar dudan banekien baina sentitu egiten dut orain; parez pareko begiradak eta epemuga eta pantaila karratutasunik gabeko (talde) elkarrizketek zenbateraino laguntzen didaten burua, gorputza eta garaia sinkronizatzen, sorkuntzak zenbat daukan mugimendutik, bertsolaritzak zenbat testuingurutik, zenbateraino osatzen eta aberasten duten komunikazioa keinu txikiek, zenbateraino janzten duten eguna kaleko ezagunekin dauzkagun ohiko eta tartekako topaketek, zenbat kale-gogo pizten duten kalean garagardoa edaten duten lagun taldeek, zenbat lasaitasun ematen duten bankuetan eserita atseden hartzen duten begiraleek eta nekaezin jolasean ari diren haurrek, zenbateko askatasuna ematen duen noiz eta norekin irten pentsatu behar ez izateak eta eskuak eta besoak lotuta ez izateak pentsatu gabe ukitzeko eta hunkitzeko, zenbat geurekoikeria arintzen diren besteak entzunez eta gozatuz… Ez dakit zehazki zer eta zenbat, baina zerbait ikasita aterako naiz garai honetatik, zuek guztiak bezala. Gauza ukigarriagoak ere ikasi ditut; zuek ere bai, zalantzarik ez: ukigarriak diren eremuak ez ukitzen, eremu ukigarria zenbateraino eta zenbat orduz den kutsagarria honen materialaren arabera, eskularruak barrutik bakarrik ukituz eranzten, oinetakoak etxe atarian uzten eta aurpegirik (ez nirerik ez besteenik) ez igurzten, ez behintzat eskuak bi minutuz eta hatzez hatz hamaika aldiz garbitu baino lehen behintzat. Ikasi dut eta erre zait eskuetako azala ere. Badut penatxo bat, dena den. Pena orokorra da pertsonala bainoago. Ez dakit ikasi ote dugun maskaren gaineko begiradak hobeto irakurtzen eta idazten. Ez dakit aski pedagogia emozional jaso ote dugun, gaitzari bakarrik ez, beldurrari eta geurekoikeriari neurri hartzeko beste ez behintzat. Gu ez kutsatzen abilagoak gara, oraingoan ere, besteak ez kutsatzen baino. Eskuak nola garbitu ikasi dugu, baina barruari distira nola atera eta etsipenaren edo bakardadearen birusari nola erantzun ez dugu ikasi. Ez dugu komunikabide askotan entzun beldurrak immunologikoki ahultzen gaituenik. Norberak, borondatez, beharbada landuko zuen bere barne kaosa, baina, beste behin, apenas eman zaion garrantzirik unibertso emozionalaren kudeaketa sozialari. Ez zen aukera txarra. Baina martxa honetan, tamalez, izango dira ikasteko aukera berriak. Zenbat geurekoikeria arintzen diren besteak entzunez eta gozatuz… Ez dakit zehazki zer eta zenbat, baina zerbait ikasita aterako naiz garai honetatik, zuek guztiak bezala.