2020 MAI. 31 IRITZIA Denbora JOKIN URAIN Oraina momentu labur bezain iragankorra da beti, geratu gabe joaten ari dena, pelikularen azpititulu korritua legez pasatzen ari dena, pantailaren ezker ertzean ezkutatuz eta iraganera igaroz, eskuinetik oraina eta etorkizuna agertu ahala. Pantailaren ezkerraldean ezkutatu denaz pentsatzen geratzen bazara, beste aldetik agertzen zaizkizun hitzak galtzeko arriskua duzu, ezin izango dituzu irakurri, ez dizu astirik emango. Denbora ez da egoten guk erabakia hartu zain. Batzuek badute joera hain zuzen erabakirik hartu gabe denbora pasatu zain egoteko, erabakiak hartu beharrik ez izateko. Iraganera joan den denbora memorian geratzen da soilik, eta dena ahitzen duen denborak denon memoria ezaba dezakeen itxaropena dute batzuek. Batzuetan asperdura besterik ez da denbora, beste batzuetan itolarria da, edo etsipena; beti nahi dugu itxaropena izatea, eta badaki horrela izaten, denbora txarrenetan ere… Denbora joan da Juan Antonio Gonzalez Pacheco –Billy el Niño goitizenez– torturatzaileaz lehen aldiz entzun genuenetik. Denbora joan da torturatzaile hori saritu zutenetik. Denbora joan da espainiar politikari batzuei lehen aldiz entzun genienetik polizia hori torturatzailea zela, sariak eta dominak kendu behar zitzaizkiola esan zutela, eta denbora da politikari horiek espainiar Gobernuan daudela. Orain, duela denbora gutxi, torturatzaile hori hil dela esan digute, eta sari eta guzti joan da. Goian bego, edo txakurraren zuloan bego; berdin dio non dagoen. Billy el Niño hil dela esan dute, bukatu dela, eta berarekin batera torturaren arazoa bukatu dela adierazi nahi izan ote duten begitandu zait. Billy el Niño 1960ko hamarkadan poliziaren Brigada Politiko Sozialean hasi zenetik gaur artean erruz joan da denbora, eta denbora horretan guztian beste torturatzaile asko aritu da komisaria eta kuarteletan, eta erruz torturatu dute. Komisaria eta kuartel horietako labirintoetan hazi eta elikatu dituzten munstroak hor daude oraindik, hor jarraitzen dute. Eta espainiar epaitegietan eta Gobernuan daudenek eta ez daudenek badakite. Baina badute, dudarik gabe, torturatzaile horiek guztiak denborak eramango dituen itxaropena, gobernuan eta epaitegietan daudenek; horrela salbatuko lituzkete, epaitu beharrik gabe, zigortu beharrik gabe. Denborak gure memoria ere ahanzturaren anabasara eramango duen konfiantzan itxaroten daude, Alizia. Iraganera joan den denbora memorian geratzen da soilik, eta dena ahitzen duen denborak denon memoria ezaba dezakeen itxaropena dute batzuek. Batzuetan asperdura besterik ez da denbora, beste batzuetan itolarria da, edo etsipena; beti nahi dugu itxaropena izatea, eta badaki horrela izaten, denbora txarrenetan ere…