2020 MAI. 31 IRITZIA Nola ospatu Alaia Martin Udara ez da oraindik heldu, baina heldu aurreko heldutasun zantzu batzuk eman ditu eta gorputz batzuk hasi dira udarako kolorea hartzen eta udarako gorputzaldia sentitzen. Auzi ebatzi gabea ebatzi zen: hirietan ez omen da ohiko jairik izango; hala irakurri genuen. Jai horietarako aurreikusitako ilusioak, diru partidak eta jarduerak airean geratu dira eta zaila da aurreikusten zein aurreikuspen izan genezakeen eguzkipeko garaiaz. Ausardia izan dezala zentzuak beste erabakimen. Distantzia soziala, desoreka soziala eta beldur antisoziala areagotu ahala neurriak etorri dira eta etorriko dira, neurriei neurria hartzeko eta mundua berriz mundura jaiotzeko. Bitartean zaila da erabakitzen funtsezkoa, premiazkoa eta beharrezkoa zer den eta zerk duen zerk baino pisu handiagoa lehentasunen eskala desitxuratuan. Herri eta auzo askok aldarrikatu dute festarako eskubidea, hiriburu gehienen festak bertan behera uzteko erabakiaren parean. Kultur ekitaldi batzuk izango ote diren ere aipatu dute, zein testuinguru edo girotan izango diren asmatzea zailagoa da eta ziurgabetasun erraldoi honen bidegurutzean, bide berriak hartzeko bidezidorrak bilatzea izango da aukera bakarra. Udara dudara mugatu beharrak aukera berriak ere ekarriko ditu behintzat. Garbiago ikusiko eta erabakiko dugu, egokiera aprobetxatuz gero, jaiak nork antolatzen dituen eta norentzat. Kultur jarduerak kontratatzeko garaian sekula baino garrantzitsuagoa litzateke lekua bertako kulturgile eta sortzaileei eskaintzea eta, batez ere, bertako kultura-kontsumitzaileari begiratzea erabakiak hartzeko garaian. Sekula baino bertako gehiago egongo gara hemen eta sekula baino bertako gehiagok izango du bertakoentzat aritzeko irrika eta premia. Hau ere ez da turistei begira pentsatzeko garaia. Ekitaldien antolaketa lana inoiz baino arreta handiagoz egiteko aitzakia ematen du egoerak. Emanaldiak baldintzatuta egongo dira kopuruz eta kokapenez; birpentsatu egin beharko dira ezinbestean eta ezinbestekoa litzateke aukera hau kopuruaz eta kokapenaz harago doazen baldintzak mimoz zaintzeko baliatzea. Emanaldi bakoitzaren gutxieneko aurrezagutza izatea antolatzaileek, gune eta une egokiak eskaintzea, sortzaileak zaintzea eta antolatuarekiko ardura sentitzea eta garatzea, mamian eta forman. Aurten azala faltako zaigula ematen du, ondokoaren izerdi usain euforikoa eta beso itsaskorren igurtziak uda honetan ez dira beste urteetan beste maiztuko San Juan suaren ondoren ere. Hori gogorra izango da eta ez da behar adina ebaluatuko horren balioa eta gabeziaren ondorena. Azala falta zaigu eta azala faltako zaigu. Ezinbestekoa lortzeko eta abiatzeko aitzakiak behar diren garaiotan, aprobetxa dezagun azal faltaren aitzakia mamiaz inoiz baino gehiago hausnartzeko eta mamia trinkotzeko. Mamiak ekarriko digu benetako azalberritzea. Uda honetan desinfektatzaileak erreko digu azala eta, gainera, azala faltako zaigu. Azalberritzea beste aukerarik ez zaigu geratuko; gera gaitezen nahi dugunekin eta gera ditzagun hamarkadetako pisua bultzatzen duten gurpilak. Kultur jarduerak kontratatzeko garaian sekula baino garrantzitsuagoa litzateke lekua bertako kulturgile eta sortzaileei eskaintzea eta, batez ere, bertako kultura-kontsumitzaileari begiratzea erabakiak hartzeko garaian.