2020 UZT. 19 IRITZIA Nagore eta Asun amagoia mujika Miresten dut Asun Casasola, Nagore Laffagen ama. Nagore 2008ko uztailaren 7an hil zuen Jose Diego Yllanesek. Nagore falta zuela bizpahiru urtera elkarrizketatu nuen Asun, bere etxean, bere sofan. Ez dut ahazteko. Alabaren logela erakutsi zidan, «berak utzita bezalaxe dago». Nire gaztaroko logelan sentitu nintzen bat-batean. Hango panpina, koaderno, argazki, parrandako txapela. Nagore sentitu nintzen. Emakume jaio garenok zoritxarrez badakigu zer den erasoaren itzalean ibiltzea. Batzuei beldurra pasarazi digute, beste batzuei bizitza kendu. Bere etxeko atea jo zuten bi poliziek eta Iruñean hilda topatu zuten emakumea bere alaba zela esan zioten. Akabo. Akabo Nagore eta akabo ordura arteko Asun. Miresten dut bere minetik, bakerik gabeko minetik, indarra atera duelako borrokarako. Asunek ulertu du bere alabaren kontrako erasoa emakume guztien kontrakoa izan zela eta erabaki du ez duela onartuko. Izugarria da emakume horren kasta. Nagore hil eta hurrengo egunean, bere ingurukoak minetan itota zeudela, gure etxean hiru kandelatxo itzali zituen alabak. Nagoreren logelan sartuta Nagore sentitu nintzen. Orain, hamabi urteren ondoren alaba oroitzeko ekitaldietan ikusi dudanean, Asun sentitu naiz. Hain ondo ulertzen dut bere mina. Emakume jaio garenok badakigu gure buruaz bezala kezkatu beharko dugula noizbait gure inguruko alaba, iloba, lagun, bizilagun emakumeez. Berdin da zein familiatakoak garen, zein ikasketa maila dugun, zein mundu ikuskera edo ideologia politiko. Emakume jaio garen neurrian, barneratuta daukagu guk edo gure alabak eraso bat jasateko arriskua dugula. Nabarmena bezain tristea. Baina, zer gertatzen da erasotzailearekin? Erasoa jasan duen emakumea gutako edonor izan daiteke. Hori barneratuta daukagu. Eta erasotzailea? Gutako edonor izan al daiteke? Iruditzen zait erasoa egin duena ezezaguna eta urrunekoa denean, lasaiago amorratzen garela, errazago hurreratzen garela erasotakoaren azalera, garbiago dauzkagula marrak. Baina erasoa egin duenari izena eta izana jartzen diogunean, gertukoa eta ezagun samarra denean, a zer komeriak. Estutasun latza. «Nik mutiko hori jaiotzen ikusi dut». Gogorra gertatzen da, baina ikasketa galanta denontzat. Ezin dugu hain natural barneratu emakume jaiotako edonor izan gaitezkeela Nagore edo Asun eta, aldiz, erasoa egiten dutenak beste planeta batetik etorritako munstro berde beldurgarriak direla. Oraindik erasotzaileak eta, ondorioz, erasotakoak sortzen dituzten etxeak, eskolak, kaleak, tabernak ibiltzen ditugu egunero. Lan galanta aurretik. Emakume jaio garenok badakigu gure buruaz bezala kezkatu beharko dugula noizbait gure inguruko alaba, iloba, lagun, bizilagun emakumeez. Berdin da zein familiatakoak garen, zein ikasketa maila dugun, zein mundu ikuskera edo ideologia politiko.