2020 UZT. 26 IRITZIA Nomadak Alaia Martin Tabernetan, berriz ere, gehienez hamar pertsona elkartzeko araua ezarri berritan, hamaika pertsonako koadrilez gogoratu naiz. Whatsapp taldean azkarren erantzuten duten lehen hamarrek izango dute eserleku bermatua hezur-haragizko taldean. Aurten adina gutxitan pentsatuko dugu nora, norekin eta noiz joan eta gutxitan balioko digu pentsatutakoak aurten bezain gutxi. Planek titularitatea galdu dute, abezedario osoa behar dugu honezkero, A, B, D, E, F eta K planak, gertakizun posible guztietara egokitu ahal izateko. Honezkero ez gara inon kabitzen, ez kalean, ez hondartzetan, ez ospitaletako oheetan, ez taldeetan, ez geure baitan eta are gutxiago geure etxeetan ere. Bizitza garbigailuan sartu digute eta txiki geratzen zaigu. Planak handi eta bizitza txiki. Lantokiek bakarrik mantendu dute lehengo neurria. Badira geraezinak diren jarduerak eta erabakita daude, alferrik saiatuko zara lehentasunen hurrenkera berrordenatzen, kapitalak ez du arrakalarik, sentitzen dut.Kabitzearen garrantziaz pentsatzen aritu naiz azken boladan. Leku bat izatearen garrantziaz, eremu bat partekatzearen premiaz, harremanen ezinbestekotasunaz, etxetik kanpo etxean sentitzeko guneak bilatzearen garrantziaz. Espazio hauek topatzeko, baina, leku askori egin behar zaie uko. Edonon egon nahi duenak nekez lortuko du dagoen tokian egotea eta toki horren parte sentitzea. Parte sentitzeko lehen baldintza, parte izatea baita. Gune batzuetan ez gara kabitzen. Defenda genezake sutsuki – edo negarrez, urtsuki- lehen kabitzen ginela, lehengoak garela eta nola hala kabituko garela baina baliteke ezetz, baliteke gune hori desagertu izana; gunea aldatu izana, gu aldatu izana, gunea partekatzen zutenak eraldatu izana. Agian hori da gune bat, gu une batean izan ginen espazioa. Baina ez espazioa bakarrik, espazioa eta garaia da, funtsean. Ez da inoren errua, ez da halako drama; aldaketa bat da, arduraz har litekeena edo kontra tematu, edo ihes egin. Zilegi dira aukera guztiak, bakoitzaren liseriketa gaitasunaren arabera hautatzen da bide bat edo beste. Ez da drama baina min egin lezake; norberak aukeratzen du zenbat denboraz hartu min. Nostalgia lagun ona da baina sekula ez du plan berririk proposatzen. Kabitzeko, kabian sentitzeko,ingurua zaindu behar da, entzun eta esan eta egon. Batez ere, entzun eta batez ere, esan. Ez bagaudela esan; nola gauden esan, nola egon nahi dugun esan, nola egon nahi duten entzun. Egon eta joan eta joaten utzi. Ateak zabalik behar dituzte guneek, gune izatekotan. Kaiolak dira bestela, aire girotudunak, baina kaiolak. Askatasunari beldurra galdu behar. Hauteskundeak ere igaro dira; maskarapean, ohi bezala baina oraingoan baita literalki ere. Maskara derrigortu duten garaian hasi dira maskarak eranzten eta benetako guneak desinfektatzen. Guneak zeintzuk diren ongi irakurtzeko garaia da. Lehengo gune batzuetako lurra lokaztuta dago, ez dago ezer ereiterik. Ustez partekatzen genituen beste zenbait gunetan sasia hazi da eta zenbaitek ez dio beldurrik sasiari; sasia ereiten dute. Agian ez gara lehengo guneetan kabitzen. Agian zero gunean gaude berriz, baina badakigu zein gune eraiki nahi dugun. Bilatu egin behar eta kabitu. Espazio hauek topatzeko, baina, leku askori egin behar zaie uko. Edonon egon nahi duenak nekez lortuko du dagoen tokian egotea eta toki horren parte sentitzea. Parte sentitzeko lehen baldintza, parte izatea baita.