7K - zazpika astekaria
IRITZIA

Guraso zuri izan


Ez-gauzen garai honetan, ez-korronte berriak sortzen ari dira. Olatuen eragina izango da. Handik hona garamatzan ez-jakintasunak eta ez-adostasunek korronte berriak eskatzen dituzte, antza denez. Korronteen arriskua da zure borondatearen kontra nahi ez duzun leku batera eramatea, kasurik okerrenean atzera bueltarik gabeko bidaian. Izan ere, badira atzera bueltarik gabeko bidaiak, esaterako, guraso izan ala ez izan. Kanadatik Amerika osora hedatu da jaiotzearen kontrako kanpaina, ingurumena zaintzeko aitzakiaz. Haien eslogan nagusiak zera da dio: The most loving gift you can give your firts child is to not have another (“Zure aurreneko seme-alabei egin diezaiekezun oparirik onena ume gehiago ez izatea da”). Webgunean sartu eta kristau kiratsa darion atariarekin topo egin nuen. Nahiko gauza iluna, egia esan, eta kontraesana: kristauak seme-alabarik ez edukitzeko eskatzen...

Ustez, gure planeta zaintzeko kanpaina horren xedea da seme-alaba gehiagorik ez edukitzea. Gaur eta hemen bizi garenok ohiturak eta bizimodua aldatzea proposatu beharrean, mundu honetara ume gehiagorik ez ekartzea proposatzen da. Nola eta bertan bizi garenok berdin-berdin jo eta su jarraitzeko, alegia, basatiki kontsumitzen. Planteamenduak filosofikoki badu bere zentzua, izan ere, zertarako ekarri pertsona gehiago mundu honetara? Ez diogu zertan beste inori etorkizuneko sufrimendurik oparitu. Baina hori ote da benetako galdera, seme-alabarik ekarri ala ez? Edo, guraso izan ala ez izan? Horrek hausnarketarako ate asko ireki ditzake. Izan ere, askoren ustetan guraso izateak estatus berezia ematen du. Azken bolada honetan adibide asko bizi izan dugu, umeen izenean gurasoak erdigunean jarrita. Beharbada, umeek eta gazteek izan beharko lukete erabakitzeko, iritzia botatzeko eskubidea eta aukera. Baina helduok infantilizatzen gaituzten bitartean, zer esango dute gu baino umeago direnek?

Tira, ez dezagun, gaur behintzat, Pandoraren kutxa hori ireki eta buelta gaitezen jaiotzen kontrako kanpaina horretara. Mugimendu horrek gehien zabaldu duen argazkiak eman digu bereziki atentzioa: ume beltz bat da kanpainako protagonista. Hortaz, irakurketak sinpleegia dirudi: guk, zuriok, seme-alabak ekarriko ditugu, baina zuek, menpeko arrazetako lagunek, hobe birritan pentsatzea seme-alabarik ekarri ala ez. Zuen ezezkoan dago gure baietza. Mundua horrela errazagoa izango da. Ez dugu zertan zuekin ezer elkarbanatzeko betebehar etikorik edo moralik izango. Gutxiago bazarete errazago esplotatuko zaituztegu. Jaun zuriok, bitartean, guraso izan ala ez izan pentsatzen jarraituko dugu, ahalik eta azkarren baietz ondorioztatzeko. Guk bai, jakina, baina kuriositatearen izenean, ez ingurumenaren arduraz, erabakiko dugu baietz. Datozela ume gehiago Lehen Mundu aurreratu honetara. Egitura sozial honetan zenbait pribilegio (barkatu, eskubide) izaten jarraitzeaz gain, etorkizuneko haur zuriei esker eboluzioaren berri izango du munduko populazioak. Ume zuri berriak jaio ahala giza gorputzaren eraldaketa ezagutuko dugu. Azkenean jakingo dugu gure atzamarrek nola eboluzionatuko duten. Instagramera eta Tiktokera gure bideo eta argazkiak azkarrago igotzeko egokituko ote diren eskuak. Edota gure burmuinak, grisak beharrean, urdinak izango ote diren, Twitterren eta Facebooken galduta jarraitzeko. Burmuin urdinak dena zuri ikusten jarraitzeko, gero eta zuriago, gero eta garbiago, gero eta ez-beltzago.