2020 AZA. 15 IRITZIA Horixe dute JOKIN URAIN Frantzia handian utzi nahi zuen aztarna, aztarna handia, dinosauroek utzi ziguten adinakoa agian, sekula guztian iraun zezan, ehunka eta milaka urte igaro eta gero bere esanei eta eginei begira eta errepara ziezaion munduak. “Manuel Valls hemendik igaro zen” esan dezan geroak. Dinosauro batzuk handiak omen ziren, eta haien hanka markak ikusten ditugu gaur harkaitzetan. Valls jauna ez da hain handia, baina hantustea badu sobran, eta zerbait utziko du, marka ez bada kaka. Frantzia handian estropezu eginda, Kataluniatik abiatu nahi izan zuen iaz Estatu espainiarrera eta, nork jakin!, agian mundu osora hedatu zezakeen eraldaketa. Orain Bartzelonako zinegotzi-aulkia estu geratzen ari zaiola ematen du, aginte-leku handiagoak amets. TV5 Monde kanalerako elkarrizketa batean adierazi ditu, duela ez asko, bere egonezinak eta asmo hipotetikoak. Eskualdeetako hizkuntzek, euskarak, katalanak eta gisakoek, unitate errepublikanoa suntsitzeko joera izateaz gain, erabilera sektarioa eta bazterketakoa dutela esan zuen telebista pantailaren aurrean, kokotsa gora eta bekokia tente, zalantza keinurik gabe, politikari sozialistak. Frantziako Hezkuntza ministro izatera iritsiz gero hezkuntza-eremuetatik ezabatu egingo lituzke frantsesa ez beste hizkuntza ziztrin guztiak. Bazterrak nahasi eta frantsesari, errepublika osoan aintzat hartu behar den hizkuntza bakarrari, kaltea eragin besterik ez dutela egiten esan nahi zuen. Etxekoekin euskaraz egiten utziko liguke dena den, berak ere etxekoren batzuekin katalanez egiten omen du eta. Ez da hain bihozgabea, tira! Aitarik hunkibera eta maitekorrena bezain txeratsu agertu daiteke etxeko txakurrari igurtziak eginez edo haurrari eskutik helduz. Badute zera hori. Eta ifrentzuak aurkia zuritzen du, ezer ez balitz bezala. Edozein totalitariok esan dezake edozer gauza, eta izan dezake edozein jokamolde, inoren eskubideak zapaltzen ari litekeela burutik pasa ere egin gabe, beste inoren eskubideak aintzat hartzekoak izan litezkeenik pentsatu ere egin gabe. Beren nahia unibertso osoaren mesederako dela uste izateko bezain hantusteak dira, ala besteen kalterako dela jakinik ere ez zaie batere axola... Horixe dute, Angel, garai guztietako tiranoek, modu guztietako satrapek, beren hantustean. Edozein totalitariok esan dezake edozer gauza, eta izan dezake edozein jokamolde, inoren eskubideak zapaltzen ari litekeela burutik pasa ere egin gabe, beste inoren eskubideak aintzat hartzekoak izan litezkeenik pentsatu ere egin gabe.