2020 AZA. 29 IRITZIA Lubakiak JOKIN URAIN Izurriteen konponbidea izorramenean topatzen dute denok izurritsu juzgatzen gaituztenek. Murrizketetan egin zuten lehen aurkikuntza eta espazioak eta lagunarteak mugatu zizkiguten, gauak debekatu gero, tabernak, jatetxeak, txokoak eta gisakoak itxi, eta zer gehiago murriztu edo debekatu ote diezaguketen pentsatzen ariko da buruargiren bat nonbaiten, amairik gabeko murriztegia baitirudi honek, eta debekagarrien azkenik gabeko zerrenda, eta zertarako den jakingo bagenu gaitz erdi. Ekonomiaren eta osasunaren arteko oreka behar omen da; lantegiei eutsi behar zaie, kaleak hustu eta etxean etsi, etxerik ez dutenak desagerrarazi, Gabonak salbatzeko... Ez da erraz ulertzen. Gogaikarri egiten da bazter guztietatik arduragabekeria eta errua herritarrei leporatzen digutela ikustea, entzutea eta irakurtzea, eurak ez beste guztiak zentzugabe batzuk bagina legez. Eta atertu gabe ari zaizkigu aditu zahar eta berriak, titiritero modernoak, batak bestearengandik mantendu beharreko tarteaz, leku bakoitzean izan beharreko portaeraz, mozalaren erabilpenaz, mozal ezberdinen balioaz eta balio ezaz. Taberna eta jatetxeak berriro ixteko agindua ematera iritsiko zirenik ez nuen uste, ekonomia arrazoiengatik batetik, jende askoren lanbide eta gehiagoren platerbide direlako, baina osasun arrazoiengatik batez ere. Osasuna ez baita ondoeza sumatzean erietxeetan aurki dezakeguna, duguna soilik; osasunak aldaera asko ditu, eta kafea eta ardoa edatea edo lepo bete arte jatea bezain osagarri izaten zaigu berriketaren beharrak asetzea. Medikuak errezeta batekin eman ezin digun baina ezinbestekoa zaigun lagunartearen bila, bertan bizipoza topatu asmoz, oharkabean ere terapia modua egitera jotzen dugu batzuetan tabernara. Albokoaren berri jakiteko, hitzorduak bulegoetako formalidade horretan ez egiteko edo bulegorik ere ez daukagulako joan gaitezke bertara. Beharrizan ugaritarako zentroak dira ostatuak. Tabernariari gure penak eta poxak kontatzearren joan gaitezke, kontra egin gabe entzuten digun bakarra delako ere bai agian, kristorenak esan arren hurrengo goizeko lehen kafea edo gaueko azken nahasketa berdin ateratzen digulako... Bakardadeak endekapena dakar lagunartea eskura ez dagoenean. Ez gara bakarrik bizitzekoak, Bittor, eta bakardadearen aurkako azken lubakiak dira tabernak. Medikuak errezeta batekin eman ezin digun baina ezinbestekoa zaigun lagunartearen bila, bertan bizipoza topatu asmoz, oharkabean ere terapia modua egitera jotzen dugu batzuetan tabernara. Albokoaren berri jakiteko, hitzorduak bulegoetako formalidade horretan ez egiteko edo bulegorik ere ez daukagulako joan gaitezke bertara.