2020 ABEN. 27 2020: AHAZTU NAHITIK GOGORATZEKO URTEA Salbazioaren kultura Amalur Artola Lehena izan zen oihala botatzen, eta azkenetarikoa “normaltasun berria”-ren erruletan sartzen. Pandemiak bete-betean erasandako sektorea da kulturgintza, ehunka sortzaileri zuzenean eragin diena eta, zeharka, milaka langile kale gorrian utzi dituena. Hala jakin dugu, sortzaileak ez ezik, editoreak, argi teknikariak, aretoen jabeak edota ikuskizunetarako aulkiak jartzen dituztenak ere badirela kulturgintzaren kateari eusten dioten begiak, are, ezinbesteko zutoinak. Baita kultura den sentipenen eta pentsamenduaren lurralde horren atzean badela industria bat ere, ekonomia mugitzen duena, mozkinak ematen dituena –bai, baita ekonomikoak ere–. Pandemian ikasi ditugu “crew” eta “intermitentzia” hitzak, eta eskandalagarri iritzi diegu administrazioaren laguntzak eskuratzeko sektoreko langileek bete beharreko eskakizunei. Eta itxialdiak erakutsi digu, aldiz, kulturaren bertuteetako bat –ez bakarra eta, are gutxiago, nagusia– badela entretenimenduarena. Zenbat aldiz errepikatu ote dugun, kasik mantra bilakatzeraino, “kulturak salbatu(ko) gaitu” leloa, itxialdiko itolarritik atera gintuen film, abesti, liburu... hura gogoan. Doako online kontzertuak. Antzerki emankizunak. Balkoietako bertso saioak. Hala, larritu eta amorratu egin gara kulturari eman zaion tratuagatik, eta eskertu eta zordun agertu gara, bereziki itxialdian, sortzaile eta kulturgileek erakutsitako eskuzabaltasunagatik. Baina nago ez ote dugun geure burua apur bat engainatu. Zintzoak izanda: “sortzaile” eta “prekario” hitzak eskutik helduta aspaldidanik bistaratzen ditugu, bagenekien aurretik ere kultura betiereko krisialdian bizirauten ikasi duen sektorea dela, eta krisialdi batetik burua ateratzen ari zela harrapatu duela bigarren olatuak. Kulturaren krisia ez da pandemiarekin abiatu, ezta, zoritxarrez, harekin amaituko ere. Horregatik, memoria historikoa baliotzat dugun garaiotan, bizi izan duguna ahanzturan ez erortzeak izan beharko luke orain lehentasuna. Edonola ere, bere burua berrasmatzen jarraituko du kulturak. “The show must go on”.