2021 URT. 24 IRITZIA Etiketak Alaia Martin Ez naiz etiketak defendatzen hasiko. Kalte egin izan didate, kalte egin izan digute, kalteak eragiten ditugu etiketekin. Mundua murrizten dute etiketek, hiru dimentsioko pertsonak eta gertaerak lautzen dituzte, koloreak zuri-beltz eskolara bidaltzen dituzte etiketek. Ezezagutzaren zuloak estaltzen dituzte, konplexutasuna sinplifikatzen. Ez zait gustatzen ezagutzen ez dudan norbaiti buruz harekin tentuz ibiltzeko esaten didan jendea, bere aurre-bizitzaz iruzkinak egiten dizkidan jendea, edonori buruzko epai morala, eskatu gabe, ahoz inprimatzen didan jendea, bere azpimarra eta letra belztu, letra txikirik gabe. Ez zait bereziki interesatzen inoren inorekiko iritzia, arlo pertsonalean. Kontzeptu orokorragoetara joz, aurrekoan, telesail bat ikusten ari nintzela, argigarria iruditu zitzaidan goialdean azaldu zen oharra: autolesioak eta biluztasuna. Abisu bat zen, jakinarazpena, babes mezua; etiketa. Hainbestetan ikusitakoak arreta piztu zidan. Bizitza errutina bide zabal bat bezainbat baita ezustekoz betetako bidezidorra eta pentsa, bideak hautatu aurretik edo norbaitekin sintonizatu aurretik aukera hori bagenu zer egingo ote genukeen. Biluztasuna eta autolesioak hautatuko ote genituzkeen, indarkeria eta sexua, maitasuna eta heriotza, umorea eta drama, umore beltza eta sexua… Bizitzak ez digu, baina, etiketen artean aukeratzen uzten, hain era argian behintzat, ez digu iraupenaren inguruko informazio handirik ematen eta adinez txikikoek ikusi eta entzun behar ez lituzketen gauza asko ikusten eta entzuten dituzte, baita egin ere. Jendeak harremanen hasieretan ipintzen ditu bere etiketak, letorkeenaren aurrerapen gisa, auto kanpaina egiten du zenbaitek. Inoiz gutxitan betetzen dira etiketa hauek, inoiz gutxitan kontatzen ditugu gugan dauzkagun osagai guztiak, gure E- guztiak. Hein batean, ederra litzateke; ederra litzateke gure osagai eta osaezintasun guztiak mahai gainean jarriz hurbilduko bagina pertsonengana, etiketa errealak idatzita baldin balituzte programa politikoek eta datorrenak, geroak, dramatik edo komediatik duen gehiago aurrez baldin bageneki. Bide batez, zein umorerekin borrokatu bageneki, bikaina litzateke, prest genuke gure umore ona, txarra, absurdoa edo beltza, egoerarekin egoki konbinatzeko. Ederra litzateke, baina edertasun dezente galduko genuke bidean; lezio handiak, lurrundutako lilura asko usaindu ere ez genituzke egingo eta guztiok ere gauza antzekoak ikusiko genituzke, kanal bakarra legoke zappingean. Kontua da, aukeratuko genukeen edo ez ahaztuta, ez dugula horretarako aukerarik. Gauzak badatozela, gu bagoazela gauzetara, badatozela eta badoazela pertsonak, iraultzen gaituela munduak eta saiatzen garela mundua iraultzen eta, bide horretan guztian, etiketen bila ibiltzeak iragana kaxoiz kaxoi antolatzen baino ez digula laguntzen. Eta funtsean, ez dakit ezer askorako balio ote duen iragana kaxoika txukun antolatuta edukitzeak. Nik, behintzat, berrirakurtzen dudan aldiro aldatzen ditut kaxoiz bizipenak eta beti uzten dut zintzilik ez zegoen zerbait zintzilik. Eta beti geratzen zait galtzerdiren bat kanporantz, gaizki itxitako kaxoiren baten izkinan harrapatuta. Etorkizuneko arropak etiketatzeko garaia da (beti). Si tendr��amos la ropa y las frases..., la violencia y el sexo, el amor y la muerte, el drama, el humor negro y el sexo...