2021 OTS. 07 Olatz Salvador: Elkarrizketa OLATZ SALVADOR «Saretzen ez bagara eta gure ahulguneak errespetatzen eta zaintzen ez baditugu, ez goaz inora» Argazkiak: Jon URBE | Foku Xole Aramendi Emozioei, ahulguneei, iskin egiten diegu. Ez ditugu ikusi nahi. Ezta besteak ohar daitezen ere. Olatz Salvadorrek aurrez aurre begiratzen die bere beldur intimoenei. Hala hasten da abesti berriak sortzen, modu berean igotzen da agertokira eta berdin hartu gaitu gu ere. Eskuzabal, elkar aurkeztu eta grabagailua pizterako hasi da biluzten. Pentsakor, ez du erreparorik bere barne arrakalez hitz egiteko. «Erabaki politikoa da», aldarrikatu du. Atmosfera hipnotikoak, irudi onirikoak. Gaua da bigarren lana, “Aho uhal” (Airaka). Baita ura ere. «Euria, itsasoa, ur abisala... erreka ere ikusi dut abesti batean», guk. «Urari oso lotuta nago, egia da. Polita da zure musikari besteek irudiak jartzea. Errekarena esaten didan hirugarren pertsona zara [barreak]», hark. Badira bi urte idazteari ekin zionetik eta hainbat hausnarketa izurriaren metafora argigarriak dira. Diskoaren aurkezpen bira betean, gaur bere jaioterrian, Donostian, elkartuko da jarraitzaileekin. Lehen diskoak jasotako harrera beroaren ostean sentitu duzu «bigarren lanaren sindrome»-rik? Bai, bertigo handia sentitu dut. Eta abestiak sortzerako garaian baldintzatu nau horrek. Izarok [Andres] esan dit berak ere sentitu zuela presioa bizkar gainean bigarren lana sortzerakoan. Bere aurrerapen kantak “Erori” izena zuen justu eta identifikatu naiz erorialdi horrekin. Azken urtea garai kritikoa izan da agian guztiontzat, baina nirea lehenagotik zetorren. Eduki ditut momentu asko nik nahi nuena baino emankortasun gutxiagorekin eta nire buruari presioa jarri diot. Eduki dut galduta egotearen momenturen bat ere. Izurriak izan al du eragin zuzenik horretan? Duela pare bat urte hasi nintzen abestiak idazten. Disko erdia lehenago sortuta neukan eta konfinamendua hasi zenetik ere sortu ditut gauza berriak. Bai izan du eragina, denontzat izan duen bezala, baina iluntasun horrek nire barne hauskortasunarekin konektatzera eraman nau. Sentimendu horrekin adiskidetzeko bidea izan da diskoa. Eta garai honetan areagotu egin da sentimendua. Iruditzen zait honekin bizi beharko dugula ikusten ari garelako bizitza oso hauskorra dela. Erabat biluzten zara zure ahulguneak aitortuz. Abesti aldarrikatzailetzat ditugu mezu politiko esplizitua daukatenak, baina, nire ustez, hau ere mezu politikoa izan daiteke, elkar onartu eta elkar zaintzearen beharra. Izan ere, saretzen ez bagara eta gure ahulguneak errespetatzen eta zaintzen ez baditugu, ez goaz inora. Nik erreibindikatzen dut hori ere. Beste era asko egon daitezke mezuak helarazteko, eta norbaitek pentsa dezake nire diskoa pertsonala dela, baina badira oso kolektiboak diren gauzak. Aho uhalaren kontzeptua landu duzu. Eta gazteleraz («rienda») eta euskaraz («mozala») aurkako esanahia izatearen paradoxa. Bizi ditugun garaion metafora da, gidaria eta gidatua izatearen aldea, bizitza kontrolpean genuen sentsazioa eta orain agintariek nola gobernatzen gaituzten. Bai, hau guztia gertatzerako banuen ideia buruan. Pandemiaren sorreran, hasteko, harridura sentitu nuen ikusita nola barneratu dugun normaletik gutxi daukan egoera berria. Eta nola onartzen dugun datorkigun guztia erabateko ezjakintasunean gaudelako. Ideia lantzen hasi nintzenean egoera hau ezin nuen imajinatu ere egin, eta egoera honek berretsi egin dit pentsatzen nuena, intuizio hura. Musukoak jartzen hasi ginenean pentsatu nuen testualegia geratzen zela diskoaren izena eta ez nuen nahi pentsatzerik horregatik izena zuela horrela, baina buruan neukan zeozer egikarituko balitz bezala sentitu nuen. Aipa ditzagun abestietan landu dituzun hainbat hausnarketa. «Euria» abestian –bideoklipa Donostiako Aquariumean grabatu da– «giltzapean babestu ala ireki eta urez bete» dio letrak. Hau ere pandemia aurretik idatzi nuen. Aspalditik aritu izan naiz bueltaka ideia horri, ea nola senti gaitezkeen seguruago giltzapean atea irekita baino. Gizartearen metafora esanguratsua iruditzen zait; herrialde batzuetan ez dituzte etxeko ateak ixten, adibidez. Aldiz, guk, babesa sentitzeko beharra daukagu, agorafobia modukoa. Eta orain oso agerikoa da, giltzapean babestea gomendatzen digutelako. Diskoan entzun daitekeen honako beste esaldiarekin dago lotuta, «ezin da aukeratu zaparradak hezurretaraino blaitzen zaituen momentua». Hori baino argiago ezin adierazi. Bizitza horrelakoa da, ezin duzu dena kontrolpean izan. Kalera atera eta zaparrada batek blaitzea da bizitza, aurreikusi gabeko egoera bati aurre egin behar izan diozulako blai iristea. Gure bizitzako gertaera gehienak ez ditugu aukeratzen, datozen moduan bizitzea besterik ez zaigu geratzen. Cortazarrek esana da eta maitasunaz ari zen bera. Irakurketa asko izan ditzake. Noraezean ibiltzearen kontzeptua aipatzen du “Sicogeografía” liburuan Collin Ellartek. Joan bide ezezagunetatik, ibili, galdu… Egileak dio zibilizazio askotan ez dutela ezagutzen galtzearen kontzeptua. Demagun norbait hiru egunetan zehar basoan galduta ibili dela beste bide bat topatu arte, baina berarentzako bizi beharreko esperientzia izan da. Galtzearena zeharkatu beharreko bidea da. «Ba hori» kantuan ausardia eza islatu duzu. Irakurria dizut ausart-beldurtitzat duzula zure burua. Berdin jarraitzen al duzu? Bai [barreak]. Betirako da. Gauza batzuetarako ausartago bilakatu naizen bezala, bide berri horietan beldurtiagoa izan naiteke, ezezagunak direlako. Behin irakurri nuen “egin ezazu, eta, beldurtzen bazara, egin ezazu beldurrez”. Eta hori da egiten dudana. Ausarta naiz egin egiten dudalako beldurra sentitu arren. Beldurra defentsa mekanismoa da, gertaera arriskutsuetarako prestatzen zaituena. Beharrezkoa da, eta zergatik ez dugu aldarrikatuko? Iritziz aldatzeko eskubidearen aldeko aldarria ere badago. «Oreka ematen didan leku desberdinetara narama» diozu beste abesti batean. Iritzi monolitikoen garaiotan, aurkakoa. Dena ari da aldatzen, nola ez gara gu aldatuko? Ez naute batere erakartzen pertsona zurrunek, ez dute eboluzionatzen. Hiltzera kondenatuta daude. Bizirik dagoen guztia aldatuz doa. Ni oso aldakorra naiz eta oreka bilatzeko aldaketak behar ditut. Rozalenek Viña Rock jaialdian euskaraz abestu nahi zuela esan zizunean zer pentsatu zenuen, han bertan sortu zitzaizun kolaborazioaren ideia? “Zintzilik” diskoa eman eta esan nion “euskaraz da, ez duzu ulertuko, baina ea gustukoa duzun”. Hantxe bertan esan zidan gustatuko litzaiokeela euskaraz kantatzea. Disko berriari bueltaka ari nintzela orduan esandakoarekin gogoratu nintzen. Oso zaila da horrelako esferatan mugitzen den pertsona batekin harremanetan jartzea. Hiru bitartekari genituen, bidea nahiko artifiziala da eta ez da erraza, langa asko jartzen dizkizute. Rozalenek berak esan zidan egunean hogei kolaborazio eskaera jasotzen dituela. Justu grabatu aurreko gauean “Operación Triunfo”-ko kantari baten eskaera jaso zuen. Hari ezezkoa eman zion eta hurrengo egunean nirekin zegoen. Surrealista izan zen egoera. Euskaraz egiten dudalako aukeratu ninduen. Munduan hemen bakarrik egiten dugu euskaraz eta horrek badu balio erantsia. Eta askok guk ematen dioguna baino handiagoa ematen dio. Bizi duzun momentua inoiz amestu zenuen? Lehenengo diskoan “Zintzilik” kantua ametsei buruzkoa da. Bi arrisku ditu amets egiteak, nahi duzuna ez betetzea eta betetzea. Zure buruan irudikatu bai, baina inoiz beteko ez dela onartu eta bat-batean bete egiten da. Ez nuen amesten areto batean entzuleek nire abestiak kantatuko zituztenik. Ez dut uste ia zerotik hasi eta lehenengo lanarekin espektatiba hori izan dezakeenik inork. Eta bat-batean pausu denak eman ahal izateak nire ametsa gainditu du. Eta beldur handia ematen du, neurri batean. Bai? Beldurra? Bai. Lehen aipatu dugun jendearen presioa sentitu dezakedalako, esposizio maila altua adierazten duelako; batzuek erreferentziatzat har nazakete eta, horrela gertatzea ulertu dezakedan arren, nik ez dut zama hori nire gainean eduki nahi. Noski, oso eskertuta nago publikoak eman didan babesagatik. Baina mamua hor dago, esaten duena “hau ez da betiko, honek alde ilun asko izan ditzake eta kontuz! Batez ere kontuz non zapaltzen duzun eta non erortzen zaren!”. Eta zer amesten duzu? [barreak] Oraintxe bertan musikaren bidea egiten jarraitzea. Ez dut amesten publiko masiboarekin edo ni izar bezala ikustearekin. Ez daukat inor baino gehiago sentitzeko behar hori. Bide honetan bizirauteko beharra bakarrik, eta ez da gutxi. Entzuleen aurrean agian ez, baina idazten, barrukoa askatzen irudikatuko zenuen zeure burua.Txikitatik gustatu zait ipuinak asmatzea. Gazte garaian irabazi nuen lehiaketaren bat. Baina ez nuen pentsatzen abestiak idazten amaituko nuenik. Pianoa jotzen nuen eta besteen kantuekin nire letra sortzeko ariketa egiten nuen. Nire letrak kantu batean nola enkajatzen zuten ikustea gustukoa nuen. Eta bat-batean deskubritu nuen melodiak ere egin nitzakeela. Konturatu orduko, 14 urterekin, gaur egun lotsa emango lidakeen abesti bat neukan eginda. Eta barrukoa askatzeko beste ezerk ez dizu balio, musikak baizik? Musika da nik barruan daramadana. Ez nioke “diziplina” hitza jarriko, musika oso biszerala den zerbait iruditzen zait, txikitatik barruan izan dudana. Sortzean ez dut pentsatzen diskoan –agian hemendik aurrera bai–; jolasa zen hasieran, ariketa bat, bertan nahi nuena esan nezakeen nahi nuen bezala. Dibertigarria da. Gitarra hartu, probatzen hasi eta saiakera-akats horretan sormenak harrapatzen zaituen une horretan bete-betean sartzea kristorena da! Oro har kosta egiten zait kontzentratzea, estimulu guztiek erakartzen naute, eta momentu hori da bakarrenetakoa lortzen dudana munduaz isolatzea, bazkaltzea ahazteraino! Iruditzen zait horri eustea ia nire behar bat dela. Eta zure buruari zor diozun zerbait. Baita ere. Zer sentitzen ari naizen garbi ez daukadanean musikak laguntzen dit kanalizatzen. Garbiketa prozesuan izena jartzen diezu emozioei eta zure buruari azaltzen dizkiozu. Askotan gertatu zait letra bat idatzi eta hilabetera konturatzea zer esan nahi zuen niretzat. Intuizioak esaten dizu bide horri jarraitu behar diozula eta gero ikusten duzu subkontzientea ari zitzaizula hitz egiten barruan zeneukanari buruz. Idaztea oka egitea da zuretzat ala hausnarketari lotuta dago? Denetarik. Izan daiteke lehenengo testua idaztea eta gero neurrietan sartzea, edo kontrako bidea, gitarra hartu eta akordeak ditudanean melodiaren bila hastea. Bada esaldi bat, “sorkuntza txoria da, lerro zuzenean inoiz joango ez dena” dio. Bat nator. Bide berriak bilatu behar ditugu emaitza ere desberdina izateko, bestela etengabe abesti berak konposatzen egongo ginateke; batzuei gertatzen zaie. Eta zuzenekoak zer dira? Hor konturatzen naiz ez nagoela bakarrik. Konposatzearena oso bide bakartia da. Publikoki nire izen-abizenekin agertzeak ere badakar esposizio maila altua eta bakarrik egin behar dudan bidea da. Jendearekin elkartzen naizen une hori terapeutikoa da; ni esaten ari naizena unibertsalizatu egiten da. Jendeak hala sentitzen du edo bere esperientzia propioa birpizten dio. Gitarrarekin konposatzen duzu? Pianoa ez duzu jada jotzen? Skakeitan taldean teklista naiz eta hori da orain pianoarekin daukadan harreman bakarra, gehiago da soinuarekin saltseatzea. Esperimentazioa da, ez hainbeste konposatzea. Etxean ez daukat pianorik eta nahi nuke pianoarekin berriro adiskidetu eta sortzen hastea. Nola bizi duzu Skakeitan taldearekin atzeko lerroan, kideen babesean, egotetik, nolabait, agertokira biluzik ateratzera pasatzea? 20 urterekin hasi nintzen Skakeitan taldean. Lagun talde bat gara, elkar asko maite dugu, urte askoan egon gara elkarrekin. Oso esperientzia partikularrak bizi izan ditugu, gainera. Gure hiriko hondartzan Manu Chaorekin batera 20.000 pertsonaren aurrean jotzeak markatu egiten zaitu. Eta gure auzoetako jaietatik iritsi ginen bertara, zerotik hasita. Kristoren bidea da! Skakeitan izan da behar nuen espazio segurua orain bakarrik ausartzeko. Zortzi pertsona izanik ardurak eta lan karga banatuta ditugu, baina, nire proiektuan, justu kontrakoa da; bakarrik nago, biluzik, agertoki guztietako protagonista naiz... Itzaleko lan handia dago gainera atzean: lege kontuak –oso konplikatua delako gure marko juridikoa–, diskoaren promozioa, sorkuntza lan guztia... Bi muturreko egoerak bizi ditut. Beste sei emakume kiderekin batera Musikari elkarteko zuzendaritzan ere ari zara. Batez ere konfinamenduaren garaian behar handia ikusi genuen kulturaren sektorea babesteko. Babes gabe sentitu genuen geure burua. Batetik, agintarien aldetik abandonatuta. Bestetik, diru iturri bakarra izan zitekeenik gabe geratu ziren asko. Euskal Herrian musikari gehienak ez dira musikatik bizi, kontzertuetatik irabazten duten diru guztia diskoa ateratzen inbertitzen dute. Diskoa argitaratu berria zuten taldeak sekulako zorrarekin eta inongo laguntzarik gabe gelditu ziren, atera zituzten laguntzak ez baitzeuden errealitatera egokituta. Gehienok ezin izan genuen laguntzarik jaso. Ni garai hartan musika ogibide bihurtzeko saiakera egiten ari nintzen eta eskerrak dirua aurreztuta neukan! Gero, behin kultur ekitaldiak antolatzen hasi zirenean, babes handia sentitu dut bai eragileen aldetik bai publikoaren aldetik. Testuinguru honetan nire kasua izan da agian pribilegiatuenetako bat. Sare sozialetan dezenteko presentzia duzu. Duzun ahots goragailua baliatu eta hainbat gairen aurrean zure iritzia emateko ardura sentitzen al duzu? Emakumea naizen aldetik eta kontzientzia minimoa dudan aldetik, ni baino are zapalduago dauden sektoreekiko elkartasuna adierazteko erabili izan dut, adibidez. Pertsonaia publiko garen neurrian iruditzen zait badaukagula gizartearekiko ditugun kezkak eta injustizia egoerak aldarrikatzeko ardura. Sentitu ditut egoera ez-parekide asko. Egia da askotan gai honetaz bakarrik hitz egiten ikusi naizela –mahai inguruetan eta espazio desberdinetan hitz egitea egokitu zaidalako–, nire burua nekatzeraino. Baina presente eduki behar dugun zerbait da. Sinesten dut gure erakusleihoa inspiratzailea izan daitekeela mundu hau pixka bat eraldatzeko. Askotan pentsatzen dugu gauza asko ez dagoela gure esku baina ale txikiak jar ditzakegu. Kulturgintzan ari zaretenon irudi faltsuaren atzean ezkutatzen den errealitate prekarioa erakusten ere saiatu izan zara, Twitterren, esaterako. Hori ere hautu politikoa da. Hori aldarrikatzeko beharra sentitu nuen. Gure lanak hartzen duen dimentsio horrekiko guztiarekiko kontzientziarik ez dauka jendeak. Ezta balio duen diru guztiarekiko ere. Diruaren gaia ateratzeak erreparoa ematen digu, baina diru gabezia daukazunean tokatzen zaizu egitea. Artista baten katxea astakeria irudituko zaio pertsona bati, baina ikusiko du etxe pareko obraren aurrekontua eta ez du gauza bera pentsatuko. Nire diskoak dirutza balio du. Eta nik aurreratu dut diru hori guztia. Hori ere esan egin behar da. Gure egoera erreala da. Fokuak eta txaloak ikusten dituzte, baina etxera bueltatzen garenean bizitza daukagu eta besteek bezala mania horixe daukagu, jan eta alokairua ordaintzearena. Eduardo Salvador aita eta Iñaki osaba izanda, etxea izan zenuen zure lehen musika eskola? Nondik natorren ikusita ia ezinezkoa zen musikarekin harremanik ez izatea, baina ez dakit hori esan daitekeen. Amaren familian ere badago beste adar bat. Bere osaba Patxi Olidenek egunero konposatzen zuen musika pieza bat, eta modu batera edo bestera seguru jasoko nuela haren eragina ere. “Danbolindarrak” izenez ezagutzen da familia Orion eta, Patxiren omenez, Musika Eskolak horrela du izena. Gure etxean nahi izan dute musika nire hautua izan zedin eta ez beraien inposizioa. Anaiak eta biok eskatu genuen instrumentua jotzen ikastea, berak gitarra eta nik pianoa. Etxean badaude txikitako bideoak, hizketan hasi aurretik kantuan ari nintzenekoa. Sortzailea izango nintzela pentsatzen omen zuten. Hori gerora jakin dut, ez nekien. Bideoa ikusi eta oso harrituta geratu nintzen, hain txikia naiz... Agian bizitza osoa eman dut musika barruan neramala eta ez da erokeria musikaren bidea aukeratu izana. Gehiegi ez dira harritu, beraz. Ez, agian bai profesionalizaziorantz hautua egiteaz. Jende gehienari disparatea iruditzen zaio eta “B plana” izatea gomendatzen dizute, batez ere musikari izan direnek; oso esanguratsua da. Jagoba anaia duzu alboan baxua jotzen. Zer ematen dizu agertoki gainean? Urte askoan bakoitza gure kasa ibili gara, eta ez dugu izan oso harreman esturik. Bera nire musika proiektura batzea biok elkartzeko oso bide polita izan da. Ilusio handia egiten dit, berarekin denbora asko pasatzeko aitzakia da. Agertokian babes puntua sentitzen dut, anaia da, eta elkarrentzat onena nahi dugu. Eta musikari bezala ona iruditzen zait, ekarpen interesgarriak egiten ditu eta aberastu egiten du proiektua. Ama oso pozik dago, kontzertu denetara etortzen da! «Eduki ditut momentu asko nik nahi nuena baino emankortasun gutxiagorekin.Eduki dut galduta egotearen momenturen bat ere» «Pandemiaren sorreran harridura sentitu nuen ikusita nola barneratu dugun normaletik gutxi daukan egoera berria» «Sinesten dut gure erakusleihoa inspiratzaileaizan daitekeela mundu hau pixka bat eraldatzeko»