2021 MAI. 30 IRITZIA Lannemezango txorizaina Jokin Urain Patiora erori den txorikumea hartu, ziegara eraman eta huraxe zaindu eta haztearekin eguneko bizipoza duen presoaren irudia ez da, edo ez zen, hain salbuespen. Herrera de la Manchan bazen horrela hazitako arabazozo bat, presoon eskura janari eske etortzen zena, edo denok telebistari begira adi eta isil-isilik geundenean etorri eta eskandalu batean kantari hasten zena. Uso bat ere bazen han, gaur ziega batean eta bihar bestean ohe gainean arrautza erruten zuena; guardia zibilak modulura sartu ziren batean jangelan atzeman eta borrakadaz xehatu zuten. Susmoa izango zuten gure kolaboratzaile zela. Beste espetxeren batzuetan ez zen hain arraroa sorbaldara janari eske etortzea presoren batek hazitako patxizarra. Duela ia 60 urte egina da “Birdman of Alcatraz” filma; “El hombre de Alcatraz” edo “La celda olvidada”, gaztelerazko bertsioetan. “Txorien ugazaba” izan liteke euskaraz, edo “Alcatrazko txorizaina”, ikusten denaz aparte historiarik ez balego. Film hartan Burt Lancasterrek antzezten zuen kanarioak hazten zituen Robert Franklin Stroud presoaren espetxealdia. Antzinako eta urruneko kontuak dirudite, baina hemengoak eta oraingoak ere badira, antzinako espetxeek hor jarraitzen baitute, antzina preso hartutakoak atxikitzen, eta historia batzuk beti dira berriak, beti hemengoak eta gaurkoak. Ziegako leihotik kanpora luzatuta bi makila, eta haien puntan lotuta taula txiki bat ipini du Lannemezango txorizainak, eta taularen gainean, okela zatia. Denbora joan da bururatu zitzaionetik; makila luzeagoak jarri zituen hasieran, leihotik urrunago geratzen zen taula eta taula gaineko okela zatia. Poliki-poliki makilak laburrago eta okela zatia leihotik hurbilago jarri ditu. Leiho parean, hogeita hamarren bat metrora dagoen horma gainean pausatuta begiratzen dio miruak ziegako leihoari, noiz ikusiko presoa taula gainean haragi zatia ipintzen. Oilasko zatia taula gainean utzi eta barrutik begira geratu den presoa ia ustekabean harrapatu du miruaren iritsierak; hain bizkor etorri da, eta hain bizkor joan, okela zatia hartuta! Leihotik hurbilago, leihoan bertan ia, ipini du oraingoan taula, eta taula gainean, oilasko izterra, eta berehala etorri da mirua. Hurrengoan makilak eta taula kendu eta leihoan bertan ipiniko dio. Pareko hormaren gainetik ziegako mugimenduei adi, miruak ikusi du presoak nola ipintzen dion okela zatia, eta laster batean dator! Miru hori oilasko zatia hartzera leihotik barrura sartzen hasten zaizunean zure ordua izan behar luke, Gurutz; ziega horretatik atera eta etxera itzultzeko zure ordua. Cosas antiguas y remotas..., pero también son de aquí y de ahora, porque las prisiones antiguas siguen ahí, las antiguamente aprisionadas..., y hay historias que siempre son nuevas, siempre de aquí y de hoy.