7K - zazpika astekaria
IRITZIA

Belarrondokoak


Iraganari begira aritzeak baditu bere abantailak; etorkizunean izango diren gertaerak asmatzen aritu beharrik ez izatea da horietako bat. Ez duzu profeziak egin beharrik, ez daukazu zure profezietan behin eta berriz huts egiteko arriskurik... Iraganeko gertaera batzuk, antzinakoak ere bai, zerbaitengatik gogoangarri zaizkigulako gordetzen ditugu oroimenean. Gaurko eta oraingo batzuek ere iraungo dute geroan; batzuk laburrean iraungi arren, beste batzuk, gozo edo mikatz, luzaroan birgogoratuko ditugu.

Duela bi-hiru aste, ostatuak berriz irekiko zituztela ospatzeko edo herriari pultsua hartzeko asmoz bisitan joanda zebilenean, Drome departamenduko herri batean belarrondokoa eman zioten Emmanuel Macron Frantziako presidenteari. Inguruan zituen bizkartzainek ez zuten halakorik aurreikusi; profeziak egiteko gertaera hutsalegia zen, seguru asko, eta ustekabea izan zen presidente jaunarentzat ez ezik gainontzekoontzat ere. Nola pentsatu ostatuen irekiera, guztion edo gehienon gogoko gauza izanik, haserrerako motibo izan zitekeenik inorentzat?

Baina lehendik zetozen haserretzeko motiboak pilatuz, arrazoizko edo arrazoirik gabeko motiboak, eta, piloa handiegi eginik, nonbaiten lehertzea ez zen harritzekoa. Eta harridura handia eragin zuen dirudienez. Jean Castex lehen ministro frantziarrak Asanblea Nazionalean adierazi zuen Macroni eman zioten zaplaztekoa –itzulpenaren arriskuak gorabehera– «astinaldi errepublikano bat» izan zela. Hara, bada, belarrondokoa, Estatu kontuen gradura igoa!

Herritar askok emandako belarrondokoa izan zitekeela iruditu zitzaidan, bestalde, eta geuk emandakoa ere bai, errepublika horrek hizkuntza gutxituekiko eta zehazki geurearekiko erakusten duen larderiagatik emana, esate baterako. Eta, seguru asko, ez da zuzena hau pentsatzea, are gutxiago esatea, baina, beste norbaitek esan zuen moduan, asko lasaitzen zaitu.

Edonola ere, jakin-mina daukat, jakingo nuke, ez jakinda ere ez zaio asko axola baina, zaplada eman zuenak ala hartu zuenak gogoratuko ote duen luzaroagoan gertaera. Bere ezinikusia belarrondokoan askatu zuenarentzat oroitzapen handiagoa izan behar lukeela esango nuke, eta bizkor asko epaituta ezarri zioten zigorragatik ez gutxiago beharbada. Besteen hizkuntzari, edo beste hizkuntza bat darabilenari edozein eskubide ukatzeko eskumenaren jabe dela uste duenari, berriz, zaplada baten gorabeherak agian ez dio luzaroan galaraziko loa.

Zer diozu zuk, Mattin?