2021 UZT. 18 Ander eta Maite Arroitajauregi Elkarrizketa Ander eta Maite Arroitajauregi Musika bizitzen, musika tresnei bizia ematen Argazkiak: Conny Beyreuther Xole Aramendi Zubizarreta eta Arroitajauregi. Familiaren bi katebegi. Aitona zapatagilearen denda izandakoan ari da Ander azken urteotan musika tresnak egiten –aurretik beste toki batean izan zuen bere txokoa– . Eta bi garaien lekuko, bi abizenak ikusten dira Errebal kaleko tailerraren aurrealdean. Barrura sartu eta arotz baten tailerra dela pentsa lezake norbaitek. Egur zatiak daude han-hemen, Anderrek bere eskuetan hartu eta landu zain. Aurrerago joan eta azken ukituen zain apaletan dauden musika tresnek ematen diote bisitariari tailerraren ofizioaren berri. Anderrek (Eibar, 1973) egin digu ongietorria. Laster dator Maite (Eibar, 1977). Biak hitz-asperturako prest. Elkarrizketan zehar, anai-arreben arteko konplizitatearen, eta une batzuetan miresmenaren, lekuko gara. Musikari lotutako memoria, gaur egungo musika eszena, sorkuntza... eta halako kontuak jarri ditugu mahai gainean. Musikak bizi ditu eta musika tresnei bizia ematen diete bi anai-arrebek. Bere eskuz sortu egiten ditu lehenak; luthierra da. Interpretatu eta musika sortzen du haiekin bigarrenak, euskal musikaren eszenan izen propioa duenak: Mursego (‘saguzarra’ portugesez). Euren bizitzako soinu bandaz hasi gara hizketan. Melodiaz inguratuta hazi ziren. «Gurasoen diskoekin lokartzen ginen haurrak ginenean», kontatu dute. Xabier Leteren eta Mikel Laboaren doinuak datozkie burura. Musikari lotutako lehen oroitzapenez galdetu eta berehala hasi dira bizipenak aletzen. Kontzertuetara eramaten zituzten gurasoek seme-alabak. «Ziortzako monasteriora joaten ginen», gogoratu du Maitek, alai. Musika klasikoa izaki, honakoa aitortu du, hala ere: «Batzuetan ondo pasatzen nuen, baina besteetan aspertu ere bai. Hain txikia zarenean ez dakit noren sonataren zortzi mugimendu...», egin du hasperen. Aurreko bi belaunaldiengandik jaso dute musika zaletasuna. Aitona-amonen etxean zein gurasoenean beti ezagutu zuten pianoa. Ez pianoa bakarrik, baita Felix aitaren txirula eta harmonika ere. Arrate ama piano ikasketak egina zen eta eskolak ematen zituen etxean. «Gu behin koskortu ginenean ikastaroak egin zituen, musika modu libreagoan nola irakatsi jakiteko», esan du Maitek. Nolako zura, halako ezpala. Amaren interes eta jakinmina alabak jaso duela esan genezake, Mursegoren ibilbidea ikusita. Txeloa eta flauta. Seme-alabak ere –Jone, Ander eta Maite– laster hasi ziren teklak jotzen arroitajauregitarren etxean. Hasieran erdi jolasa zena pixkanaka serioago hartzen joan ziren. Hirurek egin zituzten piano ikasketak, nahiz eta gero ez duten jotzen jarraitu. Ez da harritzekoa, beraz, Anderrek zein Maitek musika izatea ofizio. Maiteren kasuan tresna bat aukeratu behar eta txeloa hautatu zuen Eibarko Musika Eskolan. «Kontzertuetan askotan ikusi nuenez... amari eta bioi, gainera, betidanik gustatu izan zaigu txeloa», gogoratu du. Ondoren, musika ikasketetan sakontzea erabaki zuen Maitek. Anderrek, bere aldetik, flauta zuen gustuko. Irakasle ere aritu zen. Eibartarrek gogoan izango dute; anai-arreben musika bideek oholtza gainean egin zuten bat, Kukka taldean –Zaloa Urain Kokein taldeko abeslaria zen beste kideetako bat–. Tailerreko horman ikus daiteke Arraten emandako kontzertuaren argazkia, 2002koa. Atzean geratu dira garai haiek. Bakarkako lana da berea. Publikoa faltan sumatzen duen galdetuta, Anderrek ezetz dio. «Ez nintzen horren kontziente izan, behintzat. Agertoki gainean jotzea baino gehiago lagunekin entseguak egitea, taldean aritzeak dakarren dena, hori bai», esan du. Albotik, «ikasleak ere badira entzuleak», esan dio Maitek. Eta argitu du berak ez duela entzuleen zuzeneko feedbackaren beharrik sorkuntzarako. «Zinemarako egin ditudan soinu bandetan ere ez dut publikorik izan sortze prozesuan», kontatu du. Bere esanetan, «berezia da, onerako zein txarrerako, zuzenekoetan gertatzen dena. Sufritu eta gozatu, dena egiten duzu. Gustukoa dut, nahiz eta orain musukoarekin-eta gauzak aldatu diren», esan du penatuta. «Eszenan publikoak ikusten duena lanaren zati bat da, baina atzean milaka lanordu daude. Eszenara atera aurretik zuk bakarrik egiten duzun lan guztia... Publikoa amaieran daukazu, baina bidea luzea da», esan dio arrebari Anderrek. Elkarren proiektuen jarraipenik egiten duten galdetuta, hau dio Maitek: «Berak niri bai, galdetzen dit zertan nabilen. Hiru anai-arrebon arteko Whatsapp taldea daukagu eta tarteka hor jartzen dut egin dudan azkena, entzun dezaten; bakarka ari naizenez, noizean behin norbaiten iritzia jaso nahi izaten dut». Irakasleak. Biak dira irakasle. Bilboko Lutheria Eskolan, Ander; Eibarko Musika Eskolan, Maite. Helduekin lehenengoa, txikiekin bigarrena, nahiz eta tartean ikasle helduren bat ere baduen. Badauka beste ikasle talde bat ere, berezia. «Anderren seme-alabak eta Zaloaren [Urain] alaba dira. Oso txikiak zirenetik ari dira nirekin. Ez dira sekula joan Musika Eskolara». Irakaskuntza benetan bizi duela nabari zaio. «Etengabe ari naiz metodologiari bueltaka. Musika irakasteko daukadan ideala zelan aurrera atera, horri bueltaka nabil. Gaur egun, niretzat Youtube ikaragarrizko entziklopedia da. Oso baliagarria. Herrialde desberdinetan nola irakasten duten ikus dezaket». Ikasleei kalitatezko musika eskaintzen saiatzen da. Eta bere metodologian gorputzak ezinbesteko papera du. «Musikarekin zerikusia duen materia dena saiatzen naiz gorputzetik lantzen. Modurik efektiboena dela iruditzen zait. Erritmoa, pultsoa, altuera, notak... gorputzetik lantzen ditut». «Ni musikaria naiz, baina beti izan ditut arazoak erritmoarekin», aitortu du Anderrek. «Nik ere bai –erantzun dio Maitek–. Normala da, musika irakurtzen irakatsi izan digute. Ez digute gorputzetik bizitzen irakatsi inoiz. Eta akats handia da». Harago doa. «Notak irakurtzea aberrazioa da. Ezin zara hizkuntza bat hitz egiten hasi, ez baduzu aurretik entzun. Jaioberriak ama entzuten du eta bere tonuagatik eta aurpegieragatik badaki haserre ala pozik dagoen. Silabak, hitzak eta esaldiak osatzen joango da ondoren, pausoz pauso. Musikari dagokionez ere, berdin. Hasteko, musika entzun egin behar da. Eta bizi. Gero hasiko da solfeoa irakurtzen». Tresna bat jotzeko ez dela zertan irakurtzen jakin nabarmendu du. «4 urtetik danborra-eta jotzen dute nirekin», azaldu du. «Denborak esango du beharra noiz duzun. Iritsiko da puntu bat tresna jotzen ikasi nahiak irakurtzeko beharra eragingo dizuna. XVIII. mendera arte musikari gehienek belarriz jo ohi zuten. Ez zekiten idazten eta memoria askoz gehiago lantzen zuten», gaineratu du Anderrek. Solasaldiak hara-hona garamatza eta hezkuntzaren norabidea hartu du orain. Ideiak borbor dituzte arroitajauregitarrek eta hizketan ere halaxe ari dira. «Guk, txikitan, ez genuen ikusten eta, gainera, gentozen lekutik gentozen. Baina gaur egun ere hezkuntzan, oro har, ez da gauza handirik aldatu», adierazi du bere etsipena Anderrek. Beste ereduak. «Hemen berdintsu jarraitzen du, zeren beste herrialde batzuetan gauzak ez dira horrela –azpimarratu du Maitek–. Bartzelonako lagun batekin egon berri naiz. Musikaria da eta, niri bezala, inprobisatzea gustatzen zaio. Hango musika eskola batean lan egiten du. Harrituta entzun nituen hark kontatzen zituenak! Adibidez, ume txikiei zuzendutako proiektu bat daukate, sintetizadoreekin. Musikaz gain, antzerkia eta dantza ere ematen dute eskolan eta elkarrekin lantzen dituzte proiektuak.... 8 urte dituztenerako inprobisazioak egiten dituzte biolinarekin... Noski, lagunak berak esan zidan eskola hori oso berritzailea dela». Lanketa handia dago egiteko, Mursegoren iritzian. «Noski, ez da erraza eta beldurra ere hor dago». Bide berriak. Maitek zerbait erakutsi badu, bide berriak urratzeko irrika da. «Beti gauza bera egiten aspertu egiten naiz, bestela. Modu berriak bilatzen ditut, sortzaile gisa betetzen naute. Batzuetan nekeza da eta sekulako kolpeak hartzen ditut, baina satisfazioa ere handia da. Bide berriak jorratzeak ematen dit bizipoza», aitortu du. Txeloarekin gorroto-maitasun harremana izan duen galdetuta, baietz erantzun du. «Ordu asko pasa ditut instrumentu batekin, bakarrik. Ni teknikoki ez naiz inoiz brillantea izan eta zaila da». Kontserbatorioko azterketa amaigabeak etorri zaizkio akordura. «Betikoa interpretatzen irakasten dizute eta hori ondo dago; beharrezkoa da teknika, noski, baina nik beste zerbait nahi nuen». Denborarekin adiskidetzea etorri da. «Orain, gainera, ez dut asko jotzen. Txeloa beste tresna bat bihurtu da, ez nagusia. Lehenengo maketan oso presente zegoen, baina urteekin difuminatzen joan da». Urteak joan dira agertokia lehen aldiz zapaldu zuenetik eta publikoa ohitu egin bada ere, hasiera haietan deigarriak egin ziren euskal eszenan Mursegoren zuzeneko emanaldiak. Izan ere, geruzaz geruza pieza nola sortzen zuen ikusten zuten entzuleek. Beharretik sortu zen loop station-a erabiltzea. Hala dio. «Bakarrik nengoen agertokian eta oso praktikoa zen niretzat harmoniak sortzeko». Inprobisaziotik edan du beti eibartarrak. Azkenaldian egiten ari den lanketa kontatu du. «Orain gero eta gehiago gorputzaren lanketa egiten ari naiz. Eserita egon ordez altxatu egiten naiz eta asko interesatzen zaizkit gorputzaren mugimendu txikiak, keinuak... Andrea Berbois biolin-jotzailearen lana ari naiz irakurtzen. Ikasturte amaierako lana keinuaren garrantziaz egin du. Txeloaz harago, zerbait adierazten dudanean nire gorputza nola dagoen eta nire keinua nolakoa den aztertzen dut. Alegia, nire presentziak nola lagun dezakeen adierazi nahi dudan horretan sakontzen, handitzen, publikoari hobeto helarazten». Betiere entzuleekin komunikazioa sortu nahian. Gaur goizean bertan amaren lagun batek esandakoa dakar gogora: «‘Nik ez dakit musikaz, baina zure interpretatzeko modua iritsi egiten zait’, esan dit. Nire espresatzeko moduak hunkitu egiten duela esan nahi zuen». Kleptomania. Ederrak dira tailerrean amaituta ikus daitezkeen tresnak. Baina funtzionaltasunik gabe ezer gutxi dira. «Nik egindako tresnak estetikoak dira, baina soinua egin behar dute», esan du Anderrek. XVIII. mendean Hanburgon lan egiten zuen Joachim Tielke luthierra ekarri du gogora. «Gitarrak egiten zituen eta marfila, ebanoa erabiltzen zituen... oso tresna ederrak ziren. Harribitxiak sartzera ere irisi zen, baina hura ezin zen jo!», kontatu du. Sortzailetzat baino artisautzat du bere burua. «Bada esaten duenik artisau bat sortzaile bat kopiatzen hasten denean benetan sortzailea bihurtzen dela. Nik ez dakit zer pentsatu. Honek asko du artisautzatik. Metodo tradizionalak daude eta bat ala bestea jarraitzen duzu». Maite ez dator bat. «Nik argi daukat berak plano bat edo tresna bat berrinterpretatzen duen momentutik sorkuntza dagoela. Anderrek bere lekura, bere bidera eramaten du». “Lapurtzearen” aldeko aldarria egin du eibartarrak. Hausnarketa agertoki gainera eramaten du “Lapur(ari)ketak” izeneko saioetan. «Ameztoyren artelan bat, Laboaren ‘Komunikazio-inkomunikazioa’ proiektuko abestiak eta Gloria Fuertesen poema bat hartu eta nik nire bertsioa egiten dut. Batzuetan antzekoa da; besteetan, erabat desberdina. Godart-ek zera zioen, ‘berdin dio nondik lapurtu duzun, garrantzitsua da nora eramaten duzun’. Eta kontzeptu hori asko interesatzen zait. Ezer ez da originala. Anderrek kopiatu egiten du, baina era berean, sortu». Harkaitz Canoren aipu esanguratsu batekin hasten du emanaldia: «Nire idazle esperientziatik esan dezakedan bakarra da idazten duzuna idazten duzularik ere damutuko zaizula, baina nekez damutuko zaizula kleptomano izaerarekin lapurtu zenuen hura», esan zuen behin idazle lasartearrak. Zineman lan ugari ari da egiten azkenaldian musikaria. Aurten Goya saria eskuratu dute Arantzazu Callejak eta biek “Akelarre” filmean egindako lanari esker. Victor Iriarteren “Reescritura” filmaren soinu banda du hurrengo erronka; hori ere Callejarekin batera. Ana Torrent eta Lola Dueñas ditu protagonista, biak piano-jotzaileak pantaila handian. «Proiektu berezia da. Victor laguna dut. Protagonistak piano-jotzaileak izanik musika oso presente dago lanean, abesbatza bat ere azalduko da, musikaz hitz egiten da, baita tarareatu eta gestualizatu ere». Pozik antzematen zaio proiektu berriarekin. «Ez da ohikoa film batean musika konpositoreak prozesuan hasieratik parte hartzea. Garrantzitsua da entseguak hasi aurretik denon artean pentsatzea nola gauzatu. Niretzat hau da zinema egitea. Musika konposatzetik harago doa, nola islatu musika irudietan». Fermin Muguruzaren “Black is beltza” filmaren bigarren zatia ere agendan du. Goya sariak lan gehiago ekarri dion galdetuta, zalantzati agertu da Maite. «Bi proiektu hauek aurretik hitzartuta nituen. Bada hirugarren bat, oraindik aipatu ezin dudan ekoizpen handi bat, eta hori agian, bai, Goya sariari lotuta dator». Azken biolontxelo azterketa egin eta hurrengo egunean klaseak ematen ari zen. «Nik ahalik eta lasterren hasi nahi nuen lanean. Gurasoek ikasketak ordaindu zizkidaten, txeloa... –badakizu zenbat balio duen!–. Ez naiz horren damu, baina orain izango balitz karrera amaitu eta master bat edo egingo nuke. Horretarako aukera asko daude gaur egun». Autodidakta izatearen pisua nabari du. «Beste hiriren batera joango nintzateke inprobisazioa ikastera, adibidez. Edo softwarea. Dena ikasi dut bidean kolpeak hartuz», esan du. Dena den, eragozpenak eragozpen, asebeteta bizi du sortzaile izatea. «Nahi dudana egiten dut», esan eta anaiak ondotik: «Beti egin izan duzu nahi duzuna». Hasiera batean ziria sartzeko asmoz bota duela iruditu arren, ondoren azalpena: «Lan eskaintza batzuei ezezkoa eman ahal izan diezu hasieratik». «Bai, baina borrokatu egin behar da. Gure lanari duintasuna eman nahi diot nik. Inori ez zaio gustatzen, baina diruaz ere hitz egin behar da», gaineratu du arrebak. Euskal musikagintzan behin posizioa lortuta, orain errazagoa zaio aurrera egitea. «Lapur(ari)ketak esperimentua zen eta bat-batean deitu egin ninduten emanaldia egiteko», aitortu du. Hainbat talde berritzailerekin –Anari, Lisabö, Xabier Montoia, Ama Say– aritu ondoren, bakarka jauzi egiteko beharra sentitu zuen. «Urteak neramatzan taldeekin jotzen eta neure kabuz zeozer egin nahi nuen. Krisi sentimentala ere egon zen tartean». Tiradera hutsik zeukan, murgil egitera zihoan eta igerilekuak ez zeukan urik. Bulkada hari jarraiki eman zituen lehen pausoak. “Bat“, “Bi”, “Hiru”, “Mursegokeriak”, “%100 Oion” eta “Mutu” diskoak etorri ziren. Oionen auzotarren arteko bizikidetasuna hobetzeko helburuarekin egindako proiektua berezia izan zen. Lanak Mursegoren ibilbidean zenbaterainoko garrantzia izan duen jakin nahi dugu. Eta penatuta esan digu Euskal Herriko hedabideetan ez zuela merezitako oihartzunik izan. «Niretzat oso garrantzitsua izan zen. Teknikoki baino, kontzeptualki kristoren proiektua izan zen. Eta ez zuen apenas oihartzunik izan. Ez naiz nire lanaz ari, antzeko beste proiekturen batean segida izan zezakeen». Garbi dio: «Oso gogorra izan zen; hainbeste musikari ez profesional mugitzea oso zaila da. Baina zailtasun denak gainditu genituen, oso aberasgarria izan zen, asko ikasi nuen. Jendea oso pozik zegoen». Proiektu hartan bertatik bertara ezagutu zuen errealitate soziala ere ez zen batere samurra. «Gurekin lan egin zuen mutikoetako bat hil egin zuten, Logroñon», kontatu du atsekabez. Zura langai. Gauzak zer diren, Maitek 14 urterekin ikasketak bideratzeko informazio bila jardunaldi batera joan eta handik bueltan ekarri zuen Bilboko Lutheria Eskolako eskuorria erabakigarria izan zen, baina ez berarentzat, anaiarentzat baizik. Informazio orri haiek ireki zioten Anderri bere lanbidearen atea. Eibartik Bilborako bidea hartu zuen Anderrek lutheriak erakarrita. «Tresna modernoak egiten ikasi nuen eta ondoren Errenazimentu eta Barroko garaian espezializatu nintzen», gogoratu du. Azken 6 urteotan Bilboko Lutheria Eskolan dabil irakasle, hezkuntza plan berriarekin. «Lanaldi osoan nago eta orain ez dut denborarik, baina Eibarko Musika Bandan ere urte luzez aritu izan naiz jotzen». Pozik dago Bilboko Luthier Eskolan. «Baldintza onak eta baliabideak ditugu lanerako». Zortzi ikasle ditu. Denetariko profilak, haien artean. «Badago 17 urterekin hasi eta bertan jarraitzen duenik, eta Santanderreko beste bat 49 urtekoa», esan du. Denen garapena ikustea pozgarria da. «Bada bat gure eskolan biolinak egiten ikasi zuena. Gero gitarrak nahiago zituela eta gaur egun mundu osoan saltzen ditu. Berri Txarrak taldearentzat ere egin ditu». Javi Guraiak, Bilboko Lutheria Eskolaren sortzaileetako batek, paper garrantzitsua izan du Anderren karreran. «Perfekzionista da eta gauzak oso ondo egiten irakatsi zidan. Oso oinarri potentea eman zidan eta ondoren horren gainean lan egiten joan naiz, arlo batean ala bestean espezializatzen», azaldu du. Gaur egun ezagutzen ditugun hari-instrumentuak XVIII. mendean sortutakoak dira. «Ez dira asko aldatu ordutik», argitu du. Zura lantzea gustuko du. «Erraza da, nahiz eta badituen bere konplikazioak. Ez da egonkorra, alegia, mozten den moduaren arabera mugitu egiten da, esaterako. Pipiak ere arazoak sor ditzake». Bere ibilbidean zehar musikari profesionalentzako ganba-biolak egin izan ditu gehienbat. AEBetatik, Herbehereetatik eta Japoniatik jaso izan ditu enkarguak, besteak beste. Azkenaldian ikasleak ditu bezeroen gehiengoa. «Biolinak egiten ditut, batez ere, eta horietako asko muntatu egiten ditut. Piezak erosi, sokak ipini eta pixka bat landu», esanez amaitu du. Maite: «Jaioberria silabak, hitzak eta esaldiak osatzen joango da, pausoz pauso. Musikari dagokionez ere berdin. Hasteko, musika entzun egin behar da. Eta bizi. Gero hasiko da solfeoa irakurtzen» «Ordu asko pasa ditut instrumentu batekin, bakarrik. Ni teknikoki ez naiz inoiz brillantea izan eta zaila da», aitortu du Maitek «[Javi Guraia] perfekzionista da eta gauzak oso ondo egiten irakatsi zidan. Oso oinarri potentea eman zidan eta ondoren horren gainean lan egiten joan naiz, arlo batean ala bestean espezializatzen», adierazi du Anderrek