7K - zazpika astekaria
IRITZIA

Kolorerik ez duen azala


Ama, zergatik dago policeman hori gizon horren gainean?». Ez nuen espero semearen galdera. George Floyden hilketari buruzko bideo bat editatzen ari nintzen, eta ondotik begira zegoen. Eta nola erantzun, erantzunik ez daukan galderari? Nola azaldu, Derek Chauvin agenteak hiltzeraino ito zuela arnasestuka zegoen afro-amerikarra? Nola egin aurre Ameriketako Estatu Batuetako errealitate lotsagarriari? Nola azaldu zer den arrazismoa?

Floydi kendu zioten arnasa hartu eta galdera erantzutea erabaki nuen. «Bizitza askotan bidegabea da, laztana. Eta poliziak azal beltzarana dutenak txarrago tratatzen dituzte, nahiz eta hori ez dagoen ondo». Eta beste galdera bat, aurrekoa baino zailagoa: «baina, zergatik?».

Eta horixe da, Floyden kasuak eragin duen galdera. Zergatik hiltzen dira afro-amerikarrak poliziaren eskuetan? Zergatik jarraitzen dute arrazismo sistemikoa jasaten? Zergatik inork ez du ezer egiten arazoa errotik konpontzeko? Zergatik Floyd kasuak ez du ezer aldatu? Egia da historiako protesta handienetakoak egon zirela. Egia da “Black Lives Matter” aldarria mundu osora iritsi zela. Eta egia da, gutxitan bezala, agente zuri bat herritar beltz bat hiltzeagatik kondenatu dutela. Baina egunerokoan gauzak antzera daude Ameriketako Estatu Batuetan. Beltzek zuriek baino bi aldiz probabilitate handiago dute poliziaren eskuetan hiltzeko, langabezia tasa altuagoa jasaten dute eta kartzeletan preso beltzen kopurua preso zuriena baino sei aldiz handiagoa da.

Beraz, datuok ikusita neuk botako dizuet galdera: «zergatik ez dugu umeengandik ikasten?». Gure 5 urteko semeak pertsonak ikusten ditu, ez koloreak. Kultur aniztasunaren hirian bizi garenez, jatorri eta itxura guztietako lagunak ditu, baina inoiz ez du beraien azal koloreaz hitz egiten. Gure semearentzat, Momo ez da ume japoniarra. Momo da, Legoekin eraikin politenak egiten dituena. Lucas ez da ume latinoa. Lucas da, ur pistola handia daukana. Eta Maya ez da ume beltza. Maya da, berarekin aireportuetara jolasten duena. Izan ere, azala azal, berarentzat berdinak dira denak: umeak eta lagunak. Has gaitezen, beraz, haurrak bezala kolorerik ez duen azala ikusten. Estereotipoak hautsi eta mundu hobe baten aldeko pausoa ematen. Ezberdinak direnak itotzeari utzi eta batera arnasa egiten. Ustez helduok hezi behar ditugu umeak, baina, arrazismoari dagokionez, mila buelta ematen dizkigute.