2021 ABEN. 19 IRITZIA Antzerkia liburuetan Galder Perez Durangoko Azokaren ajea luzea da. Aurtengo ezohiko azokaren gaineko iritzi ezberdinak itzal handikoak dira gainera, argi eta ilunez beteak, beti bezala, edo inoiz baino gehiago: batzuen poza eta baikortasuna, beste batzuen kezka eta desadostasuna, pandemiak dakarrenarekin nahasten dira. Baina utzi egidazue lokatz horietan orain sartu gabe, nire liburuaz berba egiten. Gure liburuaz esango dut. Eta ez, ez da benetan atera dugun liburuaz berba egiteko aprobetxatuko ditudanik lerrook: gure liburua diodanean, antzerkiaz ari naiz orain, edota hobeto esanda, idatzitako antzerki argitalpenez. Izan ere, gero eta gehiago dira gaur egungo antzerkiaren inguruan argitaratzen diren testuak, entsegu lanak eta testu dramatikoak, hausnarketak, memoriak, ikerketak eta sormen lanak. Denetik nahasten da. Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak, EHAZEk, urte dezente darama antzerki testuen argitalpena sustatzen, eta urte batzuk dira Susa argitaletxea gehitu zitzaiola, Ganbila bilduma sortzearekin batera. Zenbat alditan pentsatu izan dugu oro har asko argitaratzen dela, kantitate itzela, gehiegi, beharbada? Baina eta gero, irakurtzen ote den ala ez, beste kontu bat da. Zalantzan jar zitekeen, beraz, horrenbeste argitaratzeak merezi duen ala ez. Zer esanik ez, antzerkiaz ari bagara. Izan ere, oso ohitura gutxi dago antzerkia irakurtzeko. Baina, hara, aurten azokan jaso genuen ezusteko ederra. Arratsalde pare batez egon ginen EHAZEren standean, barruan, aurrean, hortxe bueltan. Antzerkilarion topagune bilakatu zen standa azokan, giro paregabe eta alaian. Tantaka gerturatzen zen jendea ere, nola ez, bertako liburu zahar eta berriak begiratzera. Gaiez eta egileez galdetzen zuten, formez eta edukiez. Jende gaztea zen gehiena. Poltsikoari begiratzen zioten, dirua zenbatu, alde egin eta berriz ere bueltatu. Beste liburu bati uko egin eta antzerki-libururen bat eramatea erabakitzen zuten haietako batzuek azkenean. Itzela da antzerkilariok liburu bakar baten salmentarekin jasotzen dugun poza. Gure zatitxoa darama erosleak harekin, berdin da gutako zein egile edo titulurekin doan. Zentzua ematen dio gu denon izateari eta jardunari. Gogoa ematen du berriz luma hartu edo eszenatokian luma janzteko. Szenatokia ere bada azokan, San Agustin Kulturgunean prestatutako arte eszenikoen egitaraua. Aurtengo erantzuna izugarri ona izan da: jendez gainezka emanaldi gehienak. Eta berriz ere esan behar da gazteak izan direla besaulkiak bete dituzten gehienak. Azken-aurreko egunean nik idatzitako testu bat ikustea egokitu zitzaidan. Oso esperientzia ederra da. Izugarri pozik eta hunkituta atera nintzen, urduritasunak (edo txizagurak) jota. Komunetik atera nintzenean, bi gazterekin topo egin nuen. Haietako batek besteari nire liburu bat oparitu zion iaz. Bere burua aurkeztu eta galde egin zidan ea bertako testu bat zuzentzerik ba ote zuen, eszenaratu nahi zuela liburuan jasotako antzerki testua. Ez zait iruditzen gure kulturaren plaza borobiltzeko modu borobilagorik. De hecho, cada vez son más los textos, las obras... y los textos dramáticos, las reflexiones, las memorias, las investigaciones y las obras... que se publican en torno al teatro actual.