2021 ABEN. 26 Presentzia eta begirada zabaltzeko garaia Iraia Oiarzabal Ezer aurreikustea zaila den garaiotan, azken urte pandemiko hauek utzitako irakaspenei erreparatzeko unea ere bada. Irakaspenik barneratu baldin badugu, bederen. Osasun larrialdia desagertu zitekeela uste nahi izan badugu uneren batean, ameskeria kolpean desegin zaigu. Horrelakoak dira errealitate kolpeak, altxatu eta ortzi-mugara perspektiba berriarekin begiratzera behartzen gaituzten atximurkadak. Nolakoa nahi dugu izatea covid-19ak hankaz gora jarritako gizartea? Zer nahi dugu eraiki? Zer deseraiki? Pandemiak gure bizitzak zeharkatu ditu eta egitura zehatz baten hormen barnean egin du gainera. Kapitalismoak eta patriarkatuak ezarritako legeen baitan kolpatu gaitu eta ondorioek ere iturri horietatik edaten dute. Errealitate gordina biluztu dute osasun krisiaren urteok eta feminismoaren aldarrien beharra are nabarmenago erakutsi digute. Emakumeon eskubideak de facto koxka bat beherago daudela frogatu dugu, prekaritateak eta indarkeriak utzitako arrastoak dira horren erakusle. Lehenari erreparatuta, ez da kezka berria, noski. Litekeena da zaintzaren auzia eztabaida publikora irekitzeak prekaritateaz eta eremu profesionalean ematen diren ezberdintasunez gehiago jabetzen lagundu izana. Zaintza lanen feminizazioaz ezer gutxi esan daiteke berririk, ikusi nahi ez duenak baino ez dio eutsiko aldaketarekiko erresistentziari. Etxe barruko lanen eta lan erreproduktiboen banaketa desorekatua, horrek emakumeon garapen profesionalean ezartzen duen langa, kristalezko sabaia, gaizki ordaindutako edota aitortzarik gabeko lanak... Generoa eta klase soziala duten auziak dira guztiak, kapitalismoa eta patriarkatua elkar gurutzatzen dira beste behin. Indarkeria matxista larriagotu egin dute hainbat testuinguruk, ikusezinago bihurtu da etxeko lau hormen artean itxita. Itxurazko normalitate aldietan berriro erakutsi dizkigu hortzak, modurik basatienean, beti hor egon den biolentziak. Korronte atzerakoien oldarraldi betean, feminismoak espazioak bereganatzen jarraitzeko erronka du parez pare. Belaunaldiartekotasuna zaindu, esperientziak batu eta eztabaida guneak zabaldu, berriki joan zaigun bell hooks-ek ongi zioen bezala, feminismoa delako denok askatuko gaituen etorkizuna eraikitzeko bidea.