2021 ABEN. 26 2022: Neguak uda noiz edertuko zain Zer etorriko den ezin asmatu gabiltzan bitartean, agenda baterako bi osagai Beñat Zaldua Abenduaren 31n bi urte beteko dira Txinak lehenengo covid-19 kasuaren berri eman zuenetik. Iaz, 2020a amaitzean, pandemiaren urteari agur esaten ari gintzaizkiola uste izan genuen. Txertoak bertan genituen, eta gaitzaren okerrena atzean geratua zela uste genuen. Oso bestela izan da. 2022ak oldarraldi betean harrapatuko gaitu, beste behin. Eta ez dakigu dagoeneko sei edo zazpi edo zortzi izan diren sufritutako olatuak. Pandemiaren bestondoei buruz, eta berreraikuntza sozial eta ekonomikoari buruz ariko ginela uste genuen, baina osasun zerbitzu kolapsatuez ari gara berriro. Bukle etengabean sartuta gaude, eta pazientzia lehengai urria da dagoeneko. Gauzak horrela, fribolitatea litzateke atarian dugun urte honetan zer etorriko den aurreratzen saiatzea. Horri buruz dakitenek diote, halako batean, birusak indarra galduko duela, aldaera onberago bat nagusituko dela, eta pixkanaka endemiko bihurtuko zaigula SARS-CoV-2 hau, gure artean bizi diren gainontzeko koronabirusak bezala –marranta arrunta sortzen dutenak, tartean–. Agian gertatzen hasia da dagoeneko, auskalo. Gauza bat badakigu, edonola: txertoei esker neurri handi batean, eta Omicron aldaeraren ezaugarriei esker, agian, gaur egun koronabirusa ez da lehen bezain erasokorra. Kasuek ospitalizazio eta hildako gutxiago eragiten dituzte. Positibo andanak, ordea, Lehen Arreta kolapsora eraman du. Hemen, baina, dena ez da koronabirusaren errua, ezta gutxiago ere. Urteetan ahuldutako Lehen Arreta ahiturik iritsi zen pandemiara, eta, krisi garaian arnasa eman beharrean, itolarrian mantendu dute, bai EAEn bai Nafarroan. Hona hemen 2022an etxean borrokatzeko aldarri nagusia: bai pandemiatik ateratzeko, bai gerora gizarte osasuntsu bat lortzeko, ezinbestekoa dugu Lehen Arreta indartzea. Eta horrekin batera, mundu mailako erronka: hirugarren eta laugarren dosiak ahaztu eta txertoak mundu guztira helaraztea. Ikusitakoak ikusita, ezinezkoa da esatea nola egonen garen urte baten buruan, baina beldur gehiegi gabe esan daiteke leku ederrago batean egonen garela bi osagai horiek –Lehen Arreta eta mundu mailako txertaketa– agendaren erdigunean kokatzen badira.