7K - zazpika astekaria
IRITZIA

Kontura eman gabe


Kontura eman gabe urteko lehena idaztea tokatzen da. Aurreko zutabea idazteko orduan ez nintzen urteko azkena zela ohartu, eta lerro hauek idazteari ekin diodanean ohartu naiz, kontura eman gabe, urteko lehenengoa dela honako hau. Konturatu naiz, konturatu gabe ia-ia. Aurrekoa urteko azken zutabea zela konturatuz gero, ez nukeen horren gauza ederra kontatuko ziurrenik. Idatzi izango nukeen aurreko urtea askorentzat benetan gogorra izan zela, ahazteko modukoa baina sekula ez ahaztu beharrekoa, hau da, kontura eman gabekoa barik, kontuan edukitzekoa. Baina orduan idatzi beharko nuke etorri berri den urte hau ere oso okerra izan daitekeela eta, kasurik txarrenean, are okerragoa.

Beraz, badirudi gauzak kontura eman gabe gertatzea ona dela batzuetan edo, besterik gabe, gertatzen direla onartu eta aurrea egitea. Izan ere, kontura eman gabe gertatzen zaizkigu egiten dugun gauza asko. Konturatu gabe, kasualitate erraldoi eta eder bati esker etorri ginen mundu eta bizitza honetara. Eta bizitza honetatik joan berriz, ziurrenik, kontura ematen garela joango gara. Min gutxiago edukitzeko azken bidaia hori kontura eman gabe gertatzea izango da onena, baina tamalez ez dago guztiz gure esku. Kontuan edukitzekoa da batzuetan nahiago dugula gauzak modu kontziente batean egitea, bizitzea eta gertatzea. Baina ez, ez da beti horrela gertatzen, edo ez dirudi behintzat horrenbeste kontuan hartzen dugunik. Konturatu barik 22 urte dira 2000. urtearen etorrera ospatu genuela. Azken hogei urte hauetan aldaketa itzelak izan dira eta konturatu barik bizi izan ditugu. Konturatu gabe egingo ez genukeen zenbat gauza egin dugun: kontura eman gabe hipoteka kontuan hilabetero ordaindu, kontura eman gabe amets eta desioak aldatu ditugu geure kontu, kontura eman gabe, guraso izan ala ez izan, baina ume eta nerabez inguratuta gaudelako kontua galdu dugu, kontura eman gabe azukrerik gabeko galleten apala bihurtu da supermerkatuko gure txoko kutuna eta kontura eman gabe ditxosozko birusarekin kutsatzea lar erraza suerta daiteke. Total, kontura eman gabe, zenbat hutsune sozial eta pertsonal, baina konturatu barik, zenbat poztasun eta kontu eder ere.

Geure buruari baimena eman behar diogu konturatu gabe gauzak egiten eta bizitzen uzteko. Batzuetan kontzienteki aukeratutako inkontzientzia batek mesede egiten digu. Baina horretarako mozkorraldiak edo esperientzia zirraragarri abentureroak omen daude. Nola da posible kontura eman gabe gure bizitzako hain gauza garrantzitsuak gertatzea orduan? Beharbada nahiago dugulako ez ikusi, ez gehiegi sentitu eta sinetsi. Beharbada etenik gabeko mozkorraldian gaudelako, edo egon nahiko genukeelako. Edota agian gure bizitza, geurea barik, beste batzuen esperientzia zirraragarri abentureroa delako. Izan ere, kontura eman gabe izugarri biderkatu zaigu argindarra, kontura eman gabe oinarrizko zerbitzuak lapurtu dizkigute, osasungintza da kasurik argiena, eta kontura eman gabe ohiko bihurtu zaizkigu kapitalaren egiak. Urte berrirako proposamenik egin behar bada, minik hartu nahi ez badut ere, gauza guztiez kontura ematea desio dut. Nola erantzun, bestela, kontura eman gabe gertatzen denari.